Kezka, kexa eta haserrea

Kezka, kexa eta haserrea

Eider Goenaga Lizaso

Kezka, kexa, haserrea, ardura, amorrazioa… Gipuzkoako hiri hondakinen zati handi bat Mutiloako zabortegira botatzeko erabakiaren berri izan ondoren Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako alkateen ahotan entzundako hitzak dira guztiak. Hiru herriei kalte egiten die Mutiloako zabortegiak.

Mutiloako lurretan dago Lurpe zabortegia, eta, Iñaki Ugalde alkatearen arabera, bertako zenbait baserriri eta bide berdeari eragiten die zuzenean. Gabiriako Ugaran auzoa, berriz, zabortegiaren muga-mugan dago. “Metro batera dago muga”, azaldu du Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkateak. Auzo horretako baserrietan dozena bat familia bizi direla, Gabirian ondoen zaindutako landa eremua dela eta, gainera, ehun lagunentzako tokia duen nekazaritza turismoa ere oso hurbil dagoela azpimarratu du. Jon Enrique Ormaiztegiko alkatearen arabera, Ormaiztegiko herrigunea da zabortegitik gertuen dagoena, baina, batez ere, zabortegira joaten diren kamioien zirkulazioa areagotzeak kezkatu eta haserretu ditu herritarrak. Egunean 120 kamioi inguru igarotzen dira Ormaiztegi erditik, zabortegirako bidean. “120 gorantz eta 120 beherantz, noski. Eta orain %10 inguru haziko da joan-etorri hori”.

Gipuzkoako industria hondakin solido eta geldoak eramaten dituzte 1998tik Mutiloako zabortegira. Ferrovial taldeko Cespa enpresak kudeatzen du, eta urtea amaitu aurretik Gipuzkoako hiri hondakinen zati bat ere han botako dute. 100.000 tona jasoko ditu urtean, 2019 arte —ordurako aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako errauste planta martxan jartzea—.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, “gipuzkoarrontzat oso albiste ona da” errefusa Mutiloako zabortegira eraman ahal izatea. Gipuzkoan hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik ez dagoenez, otsailetik Meruelora (Kantabria, Espainia) eraman da errefusa. Baina Kantabrian 80.000 tonara mugatu zuten 2017an jasoko duten hondakinen kopurua, eta horrek ez ditu asetzen Gipuzkoaren beharrak. “Sortzen dugunaren erdia baino ez da, 164.00 tona errefusa jasotzen baitira urtean Gipuzkoan”.

Hala, ekonomikoki begiratuta, hondakinak Mutiloara eramatea “aringarria” izango dela azaldu zuen Asensiok prentsaurrekoan, Kantabriara eramateak %40ko gainkostua eragiten duelako; ingurumenaren aldetik ere, kamioien joan-etorria murriztea onerako izango dela dio. “Bestetik, hondakinak guk sortutakoak dira, eta gertutasun eta erantzukizun printzipioei erreparatuta, horien tratamendua ere Gipuzkoan egin behar da”.

Saihesbidea

Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak “ulertzen” du hondakinen arazoari konponbide bat eman behar zaiola. “Guk ulertzen dugu zaborrak hor ditugula, gipuzkoar guztion arazoa dela, konponbide bezala errauste planta izango dugula 2019an eta zabortegia behin-behineko irtenbide bat dela. Hortaz jabetzen gara. Baina, aldi berean, Ormaiztegi da Gipuzkoan gehien birziklatzen duen herria; %90 inguruan gaude, eta guri ari zaizkigu eskatzen zabortegia etxe ondoan edukitzea”. Beraz, ormaiztegiarrei eskatzen zaien elkartasuna gainerakoei ere eskatu nahi die Enriquek: “Ardura hori har dezakegu, baina guk ere elkartasuna eskatzen dugu, eta ez genuke ulertuko gure egoerari konponbide bat ez ematea”.

Ormaiztegik duela 25 bat urte saihesbide bat eraikitzeko eskatu zuela eta horren beharra gero eta handiagoa dela nabarmendu du Enriquek. “Kamioien joan-etorria izugarria da herri erdian. Bidean ikastola eta kirol azpiegiturak gelditzen dira; jende asko eta, batez ere, ume pila bat ibiltzen dira hortik. Horrek dakarren arriskuarekin”, azaldu du. Ikastolako gurasoak, eta herritarrak oro har, aspaldian kexaka zebiltzala dio alkateak. “Baina honekin gainezka egin du jendeak. Kezka izugarria da, eta herritar asko etorri zaizkit kexaka eta arduratuta: egunen batean zerbait larria gertatuko dela, hau ezin dela gehiago jasan…”.

Aldundiaren erabakia ezagutu bezain laster joan zen Enrique Gipuzkoako Foru Aldundira, Sasietako Mankomunitateko lehendakari Aitor Aldasororekin. “Saihesbidearen proiektua mahai gainean jarri genien berriro ere, eta aldundiak konpromisoa hartu zuen duela 25 urteko proiektu hori berritu, zenbakiak egin eta martxan jartzeko”. Aldundiak bere hitza beteko duelakoan dago Enrique, eta, dioenez, dagoeneko hasiak dira gaia lantzen. “Saihesbideak ez du arazo guztia konpontzen; inork ez du zabortegia etxe ondoan nahi, eta guk ere ez, baina hondakinen arazoari irtenbidea eman behar zaio, eta saihesbideak gure arazo larriena konponbidean jarriko luke”. Bitartean, Enriquek dioenez, foru aldundiak konpromisoa hartu du logistika kontuak Ormaiztegiko Udalarekin hitzartzeko: kamioien ordutegia, tamaina, tona kopurua…

Gabiriatik metro batera

Lehenik eta behin, albistea hedabideetatik jaso zutelako kexatzen da Iñaki Etxezarreta Gabiriako alkatea. “Badakigu herri txiki bat garela, eta zabortegia ez dagoela gure lurretan, baina oso gertu gaude, eta inpotentzia handia sortzen du halako albiste bat hedabideetatik jasotzeak”. Ugaran auzoa Gabiriako “toki politena, berdeena eta zainduena” dela dio, eta zabortegiak nabarmen kalte egingo diola. “Gaur egun ere, haize bolada bat altxatzen bada, inguruko zelai eta basoak plastikoz betetzen dira. Zenbait momentutan usaina ere badago. Beraz, errefusa eta errefusarekin organikoa botatzen hasten direnean, ez dakigu zer gertatuko den”.

Goierriko herri txikietan baserrien, baso eta zelaien eta, oro har, ingurumenaren aldeko apustu sendoa egiten ari direla dio Etxezarretak. “Eta, bat-batean, zabortegia daukazu ondoan. Kontraesana izugarria da; ez da erraz ulertzen”.

Zabortegiaren kontra daudela eta ezezkoari eutsiko diotela azaldu du Gabiriako alkateak. “Badakigu zaila izango dela kontra egitea, baina ez gara isilik geldituko. Oraingoz, harremanetan gaude Mutiloarekin eta Ormaiztegirekin, ea hiruren artean indarra egin dezakegun”.

Mutiloa, ezezkoan

“Zabortegia? Ez, ez dugu nahi. Herri batzarrean hala adierazi ziguten herritarrek, eta ezezkoari eutsiko diogu guk. Oraindik aztertzeko dugu zer egin dezakegun, baina borroka egingo dugu erabaki honek aurrera egin ez dezan”. Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearen hitzak dira horiek, eta elkarrizketan behin eta berriro esan du “ezezkoan” daudela.

Gabiriako alkateak bezala, albistea komunikabideen bitartez jaso zutela azaldu du. “Baina egia da zerbait espero genuela”. Cespa enpresatik uztailean esan zioten esleipen bat egongo zela. “Nik esan nien gure jarrera, udal bezala, ezezkoa zela. Eta irailean hitz egitekotan gelditu ginen”. Foru aldundiari ere eskatu zioten bilera, baina hitzordu bat jartzerako komunikabideetan agertu zen albistea. Lehiaketa publikoa eta esleipena abuztuan gauzatu ziren.

“Orain arte, industriako hondakin solido eta geldoak bota dituzte hemen. Baina, orain, errefusa ere bai, eta errefusarekin organikoa ere etorriko da. Gurea bezalako ingurune berde batean, horrelako zabortegi batek kalte handia egiten du. Zikinkeria, usaina… Ingurumenari kaltea egiten zaiola argi dago, baina osasunari zein kalte egingo dion ez dakigu. Herritarrak ez daude batere gustura. Eta, gainera, herriaren izenari eta irudiari ere egiten dio kalte. Mutiloa=Zabortegia izango da jende askorentzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.