Danel Agirre
Taldekako sexuan aritu nintzen lehenbiziko aldian 12 urte nituen, eta orgasmo bat eduki izanaren plantak egiten bukatu nuen. Gogoan dut data, hartan amak Bartzelonako Olinpiar Jokoen hasiera kontatzeko eskutitz bat bidali zidalako. Udalekuetan nengoen Nafarroan, kuadrillako lauzpabostekin. Gelako mutil guztiak norbera bere koltxoian etzan eta kanpai joka hasi ginen bazkaloste batean, Penthouse pare bat eskuz esku pasatzen genituen bitartean. Bietako baten azalean, begiak itxita zeuzkan neska ilehori batek eskuekin irmo heltzen zituen bere silikonadun titiak. Koskortu gabeko mokoa nintzen ni, eta bibotea hazita zeukaten dagoeneko festa hartako ia beste guztiek. Estreinatzen ari nintzela aitortzeak lotsa ematen zidanez, albokoen espasmo eta hasperenak imitatu nituen, zertan nenbilen oso ondo jakin gabe. Eskerrak inork ez zuen egiaztatu nahi izan eskuak eta galtzontziloak zikintzerik lortu ote nuen. Azkenak behingoz bukatu eta nork irabazi zuen neskei kontatzeko atarira irtendakoan arindu ederrarekin altxatu nintzen.
Ezin konplituak subkontzientean lagatako trauma izango da akaso, baina harrezkeroztik ez dut kuadrillako lagunik inoiz maindire jokoetan alboan eduki nahi izan. Haietakoren batek taldekako sexu saio batera gonbidatuko banindu, ez nagoela interesatutik erantzungo nioke. Taldekako sexuan bai, ez nahastu, festa diskretu, ezkutuko eta libreek eragiten didate morboa, ia guztioi bezala. Ezezagunekin badira bakarrik, hori bai. Inola ere ez nuke gura une delikatu samar horietan albora begiratu, eta hil arte txikiteoko kide izango dudan hori izerditan ikusterik.
Seta hau anakroniko samarra eta moden kontrakoa da. Egunkari espainiar batean prostitutei laguntzen dien elkarte bateko arduradunari egindako elkarrizketa batean irakurri nuen: garai batean, gizonezko lagunartea klubera joan, eta bakoitza prostituta batekin desagertzea zen ohikoena. Orain, bezero gazteagoak nagusitu omen dira, eta elkarrekin partekatu nahi izaten dute profesional bakarra. Kondoien erabileraren inguruan sestra luzeak ematea ohikoa omen da, ez ipintzeagatik diru gehiago eskaintzea ere bai. Adituaren susmoa zen mutikoak Interneteko pornografia-bideoetan ikusitakoa erreplikatzearekin itsututa daudela. Behin bideoetakoa erreplikatzen hasita, Iruñekoen eta Eibarkoen moduan balentriak dokumentatu eta Whatsappean zabaltzea urrats naturala da. Sare sozialak ez direlako bizitzaren osagarri bat gazteentzat, bizitza bera baizik, eta pasadizo txikiekin sakelakoak beraietaz eraikitzen duen ikus-entzunezko fabula biografikoak iragartzen dielako beste guztiei nor diren.
Barregarria litzateke, etsigarria ez balitz, hurkoen aurrean oraino geure burua matxo moduan irudikatzeko adin guztietako gizonezkook dugun pultsioa (krimeneraino iritsi arte, bistan denez). Eta asaldagarria da —desagerrarazi beharrean— nire udalekuetakoa bezalako gaztaroko errituek sofistikatzen eta zakartzen jarraitzen dutela. Sofistikatzen eta zakartzen jarrai dezaten bide ematen diegula, esan nahi da.
Leave a Reply