Maite Alustiza
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatuta —astelehenean izango da—, Europako Batasunak AEBekin eta Kanadarekin dituen merkataritza libreko itunen ondorioak salatuko dituzte Donostian. Zero Pobrezia plataformak, beste hainbat gizarte talderekin batera, askotariko ekintzak antolatu ditu TTIP eta CETA itunen kontra. Bizi ala Irentsi leloarekin, gaur hasiko dituzte mobilizazioak. Zehazki, merkataritza itun horiek ekologian, gizartean, enpleguan eta ekonomian izango dituzten ondorioak plazaratu nahi dituzte. Deitzaileek manifestuan ohartarazi dutenez, pobreziak gorabidean jarraitzen du, eta TTIP-CETA onartzeak pobrezia eta desberdintasunak handitzea ekarriko luke, baita giza eskubideak urratzea ere. “Arazo horien aurkako borroka justizia globaleko kontu bat da; izan ere, munduko pertsona guztien giza eskubideak bete daitezela ari gara eskatzen”.
Lankidetza Transatlantikoaren Ituna (TTIP) 2013tik ari dira negoziatzen, eta EBren eta AEBen arteko harremanak arautzeko esparru berri bat ekarriko luke; “munduko merkatu handiena”. Gizarte eragileen arabera, ordea, merkataritza itun bat baino gehiago da: enpresa handiei egiten die mesede, eta kalte ekoizle txikiei, kontsumitzaileei eta orokorrean herritarrei. Gainera, prozesu osoaren negoziazioa “isilean eta ilun” egiten ari direla salatu dute, “parlamentuen eta herritarren kontroletik at, eta Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioak urratuz”. Mundu osoko gizarte eragile, sindikatu eta alderdi ugari agertu dira TTIPen kontra, baita zenbait gobernu ere —Alemaniakoa, Frantziakoa eta Austriakoa—.
Oraingoz kolokan daude TTIPen negoziazioak. Irail bukaeran EBko kideek ezinezkotzat jo zuten aurten ituna ixtea, eta AEBetako azaroko hauteskundeak direla medio, etena izango da presidente berriak gobernua martxan jarri arte. Kanadaren eta EBren arteko CETA ituna, aldiz, 2017. urte hasieran sar daiteke indarrean.
Itun horiek alboratu, eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatu dute gizarte taldeek: aberastasunaren banaketa zuzena, ingurumenarekiko begirunea eta genero berdintasuna bilduko dituen eredu bat. Horrez gain, zerga politika giza eskubideen betebeharrarekin lotzeko eskatu diete arduradun politikoei; diru sarrerak handitu ditzatela politika publiko hobeak ezartzeko, eta susta dezatela kudeaketa garden eta parte hartzaile bat. “Pobrezia eta desberdintasunak iraunaraztea ez da ez justifikagarria ez saihetsezina, herritarren eta politikarien borondatearen baitakoa baizik. Herritar guztiek aldarrika dezakete horien amaiera, salatuz, mobilizatuz, gizartean parte hartuz”.
Leave a Reply