M.A.
Fermin Muguruzaren Hitza har dezagun abestiarekin girotuko dute erraustegiari buruzko herri galdeketa, Usurbilen. Igandean, lipdub-a grabatuko dute, 11:00etan, Kaxkoan. Dagoeneko 30 eragilek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin, eta parte hartzaileek herriko hainbat gune lotuko dituzte: Askatasuna plaza, Bordatxo aurreko biribilgunea, Mikel Laboa plaza, udaletxea eta frontoia. Galdeketa, berriz, urriaren 21etik 23ra izango da, Erraustegia Erabakia herri plataformak antolatuta.
Igandean apaingarriren bat hartu eta erdigunera gerturatzeko deia egin die plataformak herritarrei. Jendea antolatzaileek zehaztutako ibilbidean kokatu beharko da, eta ekitaldia grabatuko duen kameraren zain egon. Grabaketan, “bakoitzak nahi duena egin ahal izango du”; abestu, dantzatu, antzeztu… Plataformak aurreratu duenez, bozketa moduko bat antzeztea da lipdub-aren asmoa. Lekuko bat egongo da, eta horrek ibilbide osoa egingo du; bukaeran, pilotalekuan egongo den hautetsontzi batean sartuko dute.
Galdeketa astebete barru hasiko da, eta honako galdera hau izango du: “Erraustegia egitea nahi duzu ala ez?“. Baiezkoa eta ezezkoa izango dira erantzun posibleak. Usurbilen eta Zubietan erroldatutako 16 urtetik gorakoek parte har dezakete kontsultan. Aurretik, Usurbilgo Udalak galdeketa antolatzeko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari, baina, ezezkoa jaso ondoren, herritarren plataforma arduratu da antolaketaz.
Azpeitian, azaroari begira
Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta Lapatx-Elosiaga auzoko bizilagunek manifestaziora deitu dute azaroaren 19rako, Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili leloarekin. Ordura arteko tartean, herriko hainbat talderekin harremanetan jarriko dira antolatzaileak, ahalik eta atxikimendu gehien biltzeko. Asteazkenerako hitzaldia antolatu dute, 19:00etan, Sanagustinen.
Leave a Reply