Eider Goenaga Lizaso
Eibarko Armeria Eskolak 1914an irekitako museoaren ondorengoa da egungo Armagintza Museoa. “Ordukoak, baina, ez zuen gaur egungo museoen antzik, ez eta funtziorik ere. Batez ere, eskolako ikasleei zuzenduta zegoen, armagintza teknika ezberdinak bertatik bertara ikus, ikas eta iker zitzaten”, azaldu du Marina Barrena udal teknikari eta museoko arduradunak. 2000. urtean pasatu zen Armeria Eskolako bilduma udalaren eskuetara, eta 2007an inauguratu zuten egungo museoa, Portalea kultur etxean, garai batean AYA eskopeta fabrika izandakoaren egoitzan.
Armeria Eskolaren bilduma jaso ostean hasi zen Eibarko Udala bilduma handitzen. Besteak beste, Star Bonifacio Echeverria lantegiaren arma funtsa erosi zuen, 2007an, eta urte horretan bertan ireki zituen ateak museoak. Dena den, bisitariak “armagintza museo bat baino gehiago” aurkituko duela azaldu du Barrenak. “Udalak museoa irekitzea deliberatu zuenean, erabaki zuen ez zela soilik armagintza museo bat izango, Eibarko industriaren inguruko museo bat baizik. Izan ere, Eibarko industria, XX. mendearen hasiera arte, %100 armagintzari lotuta zegoen, baina, 1920tik aurrera, dibertsifikazioa izan zen”. Eibarren ekoizten ziren, besteak beste, josteko makinak (Alfa), motorrak (Lambretta eta Mobylette), bizikletak (GAC eta Orbea), idazteko makinak (Amaya)… eta horiek ere badute lekua museoan.
Armak eta bestelakoak
Bi zatitan banatzen ditu Barrenak museoaren edukiak. “Batetik dago armagintzari lotutakoa, 2007an irekitakoa, eta munduan oso-oso ezaguna izan den arma bilduma jasotzen duena. Bestetik, bigarren zatiak, 2009an inauguratutakoak, Eibarren industria garapena jasotzen du, XIV. mendetik gaur egun artekoa”.
Museoan dauden piezei buruz pasioz hitz egiten du Barrenak, eta bakar bat aukeratzea ezinezkoa zaiola dio. “Arma guztiek dute zerbait, eta denak dira inportanteak; pieza bakoitza egin zen garaian aitzindaria izan baitzen, aurrerapen bat armagintzari dagokionez. Horregatik, gure arma asko prototipoak dira, oso gutxi egindakoak; eta gure berezitasuna gehiago dator teknikaren aldetik”.
Museoan ikus daitezkeenak, batez ere, suzko arma eramangarriak dira, XVI. mendetik XX. mendera bitartekoak. “Horrek armagintzaren bilakaera osoa bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera ematen du. Giltza forma duen pistola bat da daukagun pieza zaharrena, eta metxazkoa da. Oso pieza bitxia da”. Eta, hortik hasita, gaur egun ezagutzen ditugun armek duten teknikara iritsi arte: txinpartazkoak, pistoizkoak, atzetik kargatzen direnak, errepikapenezkoak, automatikoak… Eibarren egindakoak dira arma horietako asko, baina baita kanpoan egindakoak ere; esate baterako, AEBetan egindako Winchester fusilaren lehen modeloa edo Colt pistolak.
Bilduman dituzten piezek —bai armek eta bai bestelakoek— museoa “oso erakargarri” egiten dutela dio Barrenak. “Askotan ez badirudi ere, gure artean armazale asko dago, eta horiei izugarri gustatzen zaie museoa. Eta umeei ere bai, armak gertutik ikustea asko gustatzen zaie. Baina, batere armazaleak ez diren edo kontrakoak diren bisitariak ere etorri izan zaizkigu, eta horiek harrituta gelditzen dira ikusitakoarekin; oso interesgarria iruditzen zaie armagintzaren bilakaera hori. Oso modu pedagogikoan dago azalduta”.
Urtean, gorabeherak izaten diren arren, 5.000 bisitari inguru izaten ditu Eibarko Armagintza Museoak, eta Patxi Lejardi Kultura zinegotzia pozik dago museoak duen harrerarekin. “Eibartarrontzat toki maitagarria da museoa, eta guretzat Eibarren historiari, industriari eta bertako langileei egindako oroimen moduko bat da”. Bestalde, Lejardik dio museoak Eibarko industriaren ezaugarri nagusia nabarmentzen duela: “Kalitatea. Gure industriaren ezaugarria kalitatezko produktuak ekoiztea izan baita beti”.
Leave a Reply