“Seguruenik, ideia askoren baturak gerturatuko gaitu egiara”

“Eguzki lorea bezain arantzatsua” da memoria historikoaren gaia. “Zergatik jartzen dute euskaldunek eguzki lorea etxe atarian? Jose Miguel de Barandiaranek zioen izpiritu txarrak aldentzeko zela; Jorge Oteizak, berriz, naturaren indarrak erakartzeko. Nork du arrazoia? Seguruenik, ideia askoren baturak gerturatuko gaitu egiara. Sententzia judizialek ere ez dute egia osoan ematen; egiaren zatiak ematen dizkizute. Hori da arazoa memoria historikora gerturatzen garenean ere”. Francisco Etxeberria Aranzadi zientzia elkarteko lehendakaria ari da azalpenak ematen. Azpeitian izan da aste honetan, 1936 eta 1945 bitartean herrian gertatutakoa ikertzeko programa bat jarri baitute abian. Senideen testigantzak jaso nahi dituzte; denak balio du: familia argazki bat, aitonaren nortasun agiria edo atzerritik jasotako eskutitza bat.

Hiru ardatz aipatu ditu 36ko gerran gertatutakoa azaltzeko: batetik, errepresioa hedatua izan zela, orokortua; bestetik, gizonak, emakumeak, haurrak nahiz edadetuak harrapatu zituela; eta azkenik, aurretik inoiz ez dela gertaerarik ikertu. “Memoria historikoak ez du iraganaz hitz egiten, ez gara arduratzen datu historiko baten zehaztasunaz, hori historialarien lana da. Gaur egun jendeak pentsatzen eta eskatzen duena darabilgu; oraineko kontzeptu bat da”.

1947tik ari da lanean Aranzadi zientzia elkartea; 2000. urtean ireki zuten lehen hobi komuna metodologia zientifikoarekin, Leonera (Espainia) joateko deitu zituztenean. Emilio Silva kazetariaren ekinbidez, memoria historikoa berreskuratzeko elkartea jarri zuten martxan han. Indusketa lanetan 13 zibilen aztarnak topatu zituzten, eta DNA frogekin topatutako lehen gorpua Emilio Silvarena izan zen, kazetariaren aitonarena, hain justu. Hamalau urtean, 6.000 bat eskeleto berreskuratu dituzte.

2000tik 2013ra biktimaren kontzeptua “hazi” egin da: “Egunero hitz egiten da horretaz, eta edozein alderdi politikoren hauteskundeetarako programan dago biktimekin zerikusia duen zerbait”. Etxeberriaren arabera, haziz doa gaiarekiko interes soziala, baina instituzioen aldetik interes “eskasa” du, eta interes judiziala, “batere ez”.

Hilotzak hilobietatik ateratzearen aurka daudenak ere badaude. “Aurka daudenek argudiatzen dute horrek herritarrak bereizten dituela, zauriak berriro irekitzen dituela, eta orain ez dela komeni”. Indusketak egin eta hilotzak familiei ematera joan direnetan, pintaketak ere aurkitu izan dituzte: “Batek hala zioen: ‘Zuei, gorriei, memoriak huts egiten dizue'”.

Heroietatik harago

“Ahaztutako biktimen memoriaz” hitz egitea da Aranzadikoen asmoa. “Liburuek heroiez hitz egiten dute, irabazleen eta galtzaileen aldeko heroiez, baina atzean beste milaka errepublikazale daude”. Hainbat tokitan dokumentazioa lortzeko arazoak izan arren, hamaika istorio eta testigantza iritsi dira elkarteko kideen eskuetara. Horietako zenbait, kontraesanez beteak, Celestino Onaindiaren gainekoak, esaterako.

Martuteneko kartzelan eduki zuten apaiz markinarra. Presondegiko fitxaren arabera, 1936ko urriaren 29an atera zen handik, baina ordutik inork ez zekien nora joan zen, non zegoen. 1958an kaleratu zuen Guardia Zibilak agiri bat, Hernanitik: Celestino Onaindia exekutatu egin zuten urriaren 28an, eta Hernaniko hilerrian lurperatu. “Badakigu Hernanin 200 lagun inguru daudela lurperatuta”.

Indusketa guneetara biltzen diren senideek argazkiak dituzte sarri eskuan. Bi emakume ikusten dira Etxeberriak erakutsitako irudi batean; umetan ateratako argazki bat dute, eta aitona-amonekin agertzen dira. Ustez. “Gezurra da, fotomuntaketa bat da. Une hori bizi izana egia balitz bezala erakutsi diete. Argazki honek erakusten du guztiok zer-nolako faltsukeria jasaten genuen, nik neu barne”.

Biktima errepublikazale guztiak “bi aldiz biktima” direla dio Etxeberriak, “historiak berak eman dien abandonuarengatik”. Baina errepublikazaleez gain, gainerako biktimak ere halakoak dira: “Izan daitezke bi aldiz biktima tratu txarrak jasan dituzten emakumeak, tratu txarrak jasatean lehenik, eta frogatu nahi eta frogarako elementuak ez dituztenean, bestetik. Izan daitezke torturatuak, torturatzen dituztenean, eta barre egiten dietenean gero.

Egia, justizia, erreparazioa

Biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea aldarrikatu du, hurrenkera horretan. Dena den, gaur egun, ez dago hiru hitzon ordena betetzeko testuingururik: “Egiatik erreparaziora igaro nahi da Espainian. Erabaki da bigarren zutabea ez martxan jartzea. Eta gai honetan sartu nahi duen epaile edo fiskalari, ziurrenik, zigorren bat helduko zaio. Hau da diseinatutako eredua: egiatik pixka bat eta erreparaziotik pixka bat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.