Euskai, lana ikusgarriago egiteko

Euskai izena edo marka hartu du Zarauzko Euskara Aholku Batzordeak, ikusgarritasuna lortu eta egiten duten lana zabaltzeko asmoarekin. Euskara Aholku Batzordeak egiten duen lana zabaltzeko izen eta irudi bat ematea garrantzitsu ikusi dute horretan parte hartzen dutenek. “Lizardik badu poema bat, eta han askai hitza aipatzen da. Horrek, hazkundea edo zabalkundea, hazten ari dena esan nahi du. Horixe bera islatu nahi dugu guk Euskairekin: Zarautzen hazten ari den euskara; edo, eus eta kai, euskararen kaia ere izan daiteke”, azaldu du Gari Berasaluze Zarauzko Euskara zinegotziak. Horrez gain, Euskairi wifiaren itxurako irudia eman diote, “zabalduz doan zerbait” irudikatu nahian. Marka herriratzeko, Euskararen Astean murgilduta daude aste honetan Zarautzen.

Batzordea iazko otsailean jarri zuten martxan, herrian euskaraz bizi nahi dutenen eskubideak bermatzeko helburuarekin. Jendaurrean, berriz, iazko ekainean aurkeztu zuten. Udalak, AEK-k, Zarauzko Kirol Elkarteak, Zarautz Triatloi Taldeak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Zurekin ostalari elkarteak, Murkil merkatari elkarteak, herriko ikastetxeek, Urola Kostako Hitza-k, Erlo telebistak eta norbanako batzuek parte hartzen dute.

Hiru azpibatzordek osatzen dute. “Batzorde nagusia dago, eta gero beste hiru azpi talde. Talde batean, eskoletako ordezkariak eta komunikabideetakoak biltzen dira, gazteen arteko euskararen erabileraren inguruan jarduteko. Bigarren taldean, Murkil merkatari elkartekoak, Zurekin ostalari elkartekoak eta euskalgintzako eragileak biltzen gara, esparru horietako euskararen erabilera lantzeko. Hirugarrenean, berriz, administrazio edo alor publikokoak, nola eragin dezaketen aztertzeko”, azaldu du Amaia Olazabalek, Urola Kostako AEK-ko arduradunak.

Taldeka biltzen dira hilabetean behin edo, eta gero denak batera ere elkartzen dira, “azpitalde bakoitza egiten ari denaren berri jakiteko”. Zurekin ostalari elkarteko eta Argi kafetegiko eta Kandela jatetxeko Beker Algabaren ustez, garrantzitsua da ostalariek ere euskararen alorrean lanean jardun eta batzordean parte hartzea: “Sektorea jende kopuru desberdinak osatzen dugu, eta, sektorea den bezalakoa izanda, askotan lan egiten da bezeroak-eta lortzeko. Baina euskarak gure sektorean ere garrantzia du, eta hori bideratzeko garrantzitsua da aholku batzordean ere parte hartzea”.

Euskara Aholku Batzordeari Euskai izena ematea “nortasun bat” emateagatik dela esan du AEK-ko ordezkariak. “Hala, jendeak zerbaitekin lotuko du; Euskara Aholku Batzordeak nortasun propioa badaukala”. Ostalarien elkarteko ordezkaria ere bat dator: “Ondo etor liteke euskara gehiago zabaltzeko”.

Euskararen Astea ere bai

Euskararen Astean murgilduta daude Zarautzen. Abenduan ere, hainbat ekitaldi egin ohi dituzte Euskararen Egunaren inguruan. Horrez gain, Euskal Herrian Euskaraz-ekoek Euskaraz Bizi Eguna antolatzen dute irailean. Baina udaberria ere euskarari lotutako ekitaldiak antolatzeko garai polita iruditu zaie. Aurten, aurrenekoz antolatu dute, baina urtero sasoi honetan egiteko asmoa dute. “Euskalgintzatik urte guztian euskara lantzeko ekitaldiak antolatzea litzateke onena, baina horretarako indarrak ere ez daude. Udaberrian, orain, aste bat antolatzea proposatu zuten aholku batzordean, eta guk ontzat jo dugu”, esan du Esther Iztuetak, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak.

Olazabalen esanetan, udaberriko Euskararen Asteak beste kutsu bat du: “Hausnarketarako eta kontzientziaziorako da. Azkenean, beste osagarri bat da aste hau. Ikusgarritasuna emateko ere bada: kalera atera eta erakustoki bat ere izan dadin”. Euskai markaren bidez eta Euskararen Astearekin, erakutsi nahi dute herriko eragileak geldirik ez daudela eta lanean ari direla.

Aste guztian eta igandera bitartean, Euskara, ospeletik eguterara erakusketa dute jarria merkatu plazan, 18:00etatik 20:00etara. Horrez gain, hainbat hitzaldi ere izan dira. Gaur, berriz, Euskai sariak banatuko dituzte. Eguerdian banatuko dituzte, 13:00ean, Etxezabalan. Euskararen alde eguneroko lanean egiten duten herriko ostalariak, merkatariak eta elkarteak saritzeko, hiru sari banatuko dituzte. Sari gisa emango dutena herriko sortzaile batek egina izango da. “Saiatu gara zerbait originala izan dadin”, esan du Berasaluzek. Hori horrela, Concceta Probanza Zarauzko pintore eta ilustratzaileak egindako hiru koadro banatuko dituzte. “Sortze lan bakoitzean, nolabait Euskairen irudia sartzen ahaleginduko da, eta irabazleak koadro horietako bat jasoko du”.

Sariek ostalaritzakoak, merkatariak edota herriko taldeak euskara erabiltzera motibatzeko balio dezaketela dio Algabak: “Intentzioa hori da”. “Aurretik, udalak egin ditu ostalaritzan euskara lantzeko beste gauza batzuk ere: Euskara Menuan, esaterako. Horrelakoek eta sariek balio dezakete euskararen alde egiten den hori ikusgarriago egiteko eta bezeroak erakartzeko ere”, esan du Zurekin ostalari elkarteko kideak. EHEkoen ustez, “euskaraz egin beharra dago: berez egin beharreko gauza bat da, eta ez saritzekoa. Baina egia da motibatzen lagundu dezaketela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.