‘Low cost’ psikoanalisia

Gizakiak sortutako objektu guztiak sailkatzen dituen inbentario borgiar ezinezkoan, low cost airelineatako hegazkinetako aulkiak eta psikoanalistaren dibanak orrialde berbera partekatzen dute. Eserlekuak azpisailean, altzariak tomoan. Kontsultatako besaulkiak goxoak izaten dira, intimitatearen gotorlekuko zaindariak erlaxatu eta sekretu presoak paseatzera lasai irten daitezen. Gerri bueltak modu ankerrean tratatuagatik, Vueling-eko jesarleku zurrunek ere lortzen dute nire barrenak askatzea, eta ia sendagilearen faktura bezala ikusi izan dut aspaldian ontziratze txartela. Nor naizen, nondik natorren eta nora noan idatzita dakar kartoitxo horrek, modu zehatzean. Aireratzetik lurreratzera igarotzen den tarte hutsalean galdera horiek berberak —nor naizen, nondik natorren, nora noan— errepikatzen dizkiot nik ere neure buruari, sei hiletik behingo balantzean. Erantzunek ez dute inola ere “TXL-BIO” edo “8F” baten zehaztasunik, baina ez dira guztiz ezdeusak ere izaten. Zintatik maleta jasotzen dudanerako fakturatzerakoan baino dezente zalantza gutxiago nabari ohi dut beti.

Oso berandu irten gara gaur, pilotuak barkamena eskatu digu motorrak pizterakoan. Nire aita imajinatu eta irribarre maltzurra irten zait, zain egoten bera baino hobexeagoak diren bizpahiru ezagutzen baititut. Etxean ekipajea utzi bezain laster ea malekoira gin tonic bat edatera nirekin animatuko ote den galdetu diot goizean. “Usoaren ezkon festara joateko ia denborarik gabe ibiliko gara eta!”, ez zaio ideia burutsua iruditu. Horixe da, baina, hamar egun hauetatik ilusio benetakoa sortzen didan bakarretakoa, aitarekin gin tonica malekoian edatea. Izan ere, batere gogorik gabe eta ia baldintzek behartuta noa Zarautzera. Zergatik jabetu nahian nabil, baraurik egoteagatik sabelean ukabilkada bat bezala sufritu dudan garagardo high cost askoa lagun.

2014ko maiatzean nor naizen jakiteko malekoiko gin tonica nire etxetzat har dezakedan deliberatzen saiatu naiz une batez. Helbide bitxia litzateke fakturak-eta bidaltzeko, bai horixe. Edabeari aberri estatusa eman diezaiokedan pentsatu dut gero, eta irudimenaren Photo-shoparekin gin tonicen lurraldearen pasaporteak diseinatzen hasi naiz. Goizetik garagardoarekin aspaldi hasi gabea nintzen.

Idoiarekin kasualitatez egin dut topo lehenago Tegelen, Zumarragara astebeterako doa. Burutik pasatzen zaidan lehenengoa kanporatu zale naizenez, zapla galdetu diot ea ulertzen nauen, berari ere gauza bera gertatzen ote zaion. Bueno, lagun alemaniar bati Euskal Herria erakustera doala oraingoan, ezberdina dela, baina hein batean ba omen daki zertaz ari naizen: “Azkenean, denbora daramagu dagoeneko hemen, eta Berlinen daukagu orain gure bizitza, logikoa ere bada nagikeria”. Terminalean baleko gogoeta iruditu zait, baina 10.000 metroko altueran pisu asko galdu eta airean lausotu da. Izan ere, nire bizitza Zarautzen zegoenean hegazkin bat hartzeko desiratzen egoten nintzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.