Arrasate
Urtebeteko etenaren ondoren, Mundumira munduko kulturen jaia asteburuan itzuliko da, bete-betean itzuli ere. Arrasaten egingo dute aurten, eta giro onaz, musikaz, gastronomiaz, azokez eta kirolaz beteko da herria hiru egunez. Zentzumenak piztu, gogoak ase eta jakin-mina areagotu nahi dutenentzat, programa bete-betea dakar aurtengo Mundumirak.
Besteak beste, askotariko musikez gozatzeko aukera zabala izango da: Kiko Veneno, Betagarri, Yemamah, Joseba Irazoki, Urko Menaia eta Mery Mayren kontzertuak egongo dira. Beste hainbat emanaldi ikusteko aukera ere izango da; horietako bat da Herritmo, Kukai, Oreka TX eta Kalakan taldeek sortutako ikuskizuna.
Munduko gastronomien azoka, txangoak inguruetako natur parajeetara, kirol erakustaldiak eta hitzaldietan parte hartzeko aukera ere ez dira faltako. Gainera, aurtengo berrikuntza nagusia Ekoferixa izango da, produktu ekologikoei eta janari lasaiari eskainitako feria, hain justu.
Debagoieneko herritarren eta bisitarien artean jai giro aparta sortzen da Mundumira eskualdera iristen den bakoitzean. Zortzi urtez egin da Mundumira eskualdeko zortzi herrietan. Lehena Arrasaten egin zen, 2005ean; eta azkena, Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan, 2012an. Iaz jaia ez antolatzea erabaki zuten, “proiektua indartzeko eta datozen ekitaldietako oinarriak eta ereduak ezartzeko helburuarekin”.
MUNDUMIRA
Noiz. Gaur, bihar eta igandean, egun guztian.
Non. Arrasateko zenbait gunetan.
Leave a Reply