“Iragarpenak bezain garrantzitsuak dira erabakiak”

“Igarle ikastarorik” ez dago, oraingoz, meteorologoentzat. “Informatzen zaituztenean, dakitena esaten dizute”. Modeloak erabiliz, etengabe begiratzen diote itsasoari: “Garrantzitsuena, ordea, ez da gertatuko dena aurreikustea, horrek zer eragin izango duen baizik”. Horrela dio Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendariak. Aste honetan Donostian izan da, arrisku eta larrialdien kudeaketari buruzko jardunaldietan parte hartzen.

Euskalmet zerbitzutik, denboraleak kosta inguruan izango duen eragina aztertzen dihardute; horrek nola eragingo dien kosta inguruko herritarrei, baita kostaldeko azpiegiturei ere. “Helburua da biktimak egotea saihestea, eta, horrez gain, kalteak gutxitzea. Ezin da esan kalteak saihestea denik helburua, ezinezkoa delako kalterik ez egotea “.

Helburu hori lortzeko, “iragarpenak bezain garrantzitsuak dira hartzen diren erabakiak”. Anituak argitu du eurek hartzen dituzten erabakiak “teknikoak” baino ez direla, ez dagoela inolako faktore politikorik horien atzean: “Inork ez digu esaten: ‘Ez jarri kolore gorria, agian jendea beldurtu egingo da eta; hobe da laranja jartzea'”. Abisua eman ondoren, Segurtasun Sailari dagokio erabakitzea plan bat martxan jartzea komeni den ala ez.

Informatzea da haien lehen pausoa; herritarrena, berriz, hurrengoa: autobabesa. “Administrazioak ezin du jakin jende guztiak zer ekintza egin behar dituen, baina jendea informa dezakegu, bakoitzak beharrezko neurriak har ditzan”. Adibidetzat jarri du gaztelu puzgarriak alokatzea: ezinezkoa da jakitea nork alokatu duen halako plataformaren bat, baina esan diezaiekete haize ufada bortitzak egongo direla eta arazoak izan ditzaketela. Horrez gain, larrialdi zerbitzuek egoera etengabe aztertzea ere garrantzitsua da, baita arrisku gehieneko inguruetara baliabideak bidaltzea ere, kalteak gutxitzeko.

Epe luzeko iragarpenik ez

Epe motzera jokatzeak fidagarritasuna ematen dio iragarpenari. Anituak dioenez, 24 ordura begira egindako aurreikuspena “oso fidagarria” izaten da; 48 ordura egindakoa, “fidagarria”; 72 ordura begirakoa, berriz, “erdipurdikoa”. “Jendeak galdetzen digunean udan zer eguraldi egingo duen, asmatzeko probabilitatea huts egitekoaren bera da guretzat”. Gaineratu du halakoak egiteak bestelako arazoak sor ditzakeela; eguraldi txarra egingo duela esan eta jendea herritik mugitzen ez bada, ostalariek pentsa dezakete kalte handia eragin diela iragarpenak. Alarma gorria, esaterako, ez dute inoiz 72 ordu baino lehen iragartzen.

Izan euriagatik, haizeagatik edo olatuengatik, koloreen dantza egon ohi da ohar eta hedabideetan. Batzuetan, fenomenoa bera izanda ere, inguruko faktoreek abisuaren maila alda dezakete. “Gerta daiteke gaur euriagatik abisua horia izatea, eta bihar, euri kopuru berarekin, laranja. Hori izan daiteke lurra beteta dagoelako eta kalkulatzen delako eragina handiagoa izango dela”.

Hala ere, meteorologia jorratzen duten agentzien artean ere aldeak egon daitezke, kasuak kasu. Aemet agentziarekin dituzte ezberdintasunak azaldu ditu: “Hark soilik meteorologia mailak hartzen ditu aintzat, eta Euskalmet saiatzen da eragina aztertzen. Beraz, meteorologoek balio berak emanda ere, kolore ezberdinak atera ditzakegu, gu eragina gehitzen ari garelako”.

Azken hilabeteetako denboraleetan, olatuen ikusgarritasunak erakarri du herritar askoren arreta. “Badirudi olatuak direla garrantzitsuena, baina ez da hala”. Anituaren baieztapena babestu du Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko ordezkariak. Haren hitzetan, beste hainbat aldagai hartu behar dira kontuan eragina neurtzeko: olatuen norabidea, denbora tartea, hondoko itsasoa, marearen altuera…

“Gero eta gehiago jakin, konturatzen zara orduan eta gutxiago dakizula, eta informazioa eduki behar dela jakin ahal izateko”. Horrek duen garrantzia azaltzeko, itsasoan izan ohi dituzten buia baten irudia ekarri du pantailara: kablea moztuta ageri da buia, hondartza batean. “Neurtzen ez duenak ez daki. Oso garrantzitsua da jakiteko eta egoki erabaki eta jarduteko datuak edukitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.