Coca-Cola marka ezagunaren azken iragarkia ez dugu berriz ere telebistako pantailan ikusiko. Gotzon Sanchez aktore euskaldunak parte hartzen du bertan, eta sekula esperoko ez genuen iskanbila ekarri du. Iragarkia estreinatu eta handik gutxira atera dira indarrean Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideak, Dignidad y Justicia izenpean, Daniel Portero buru dutela. Horien esanetan, Gotzon Sanchez aktorea Herrira-ko kide denez, biktimen errespetuaren aurkakoa omen da iragarki horretan azaltzea. Coca-Colak, barkamena eskatzeaz gain, iragarkia erretiratzea erabaki duen bertsioa sinetsarazi nahi izan digu Dignidad y Justiciak. Txin pun.
Coca-Colak berehala adierazi du hori ez dela zuzena, kanpaina bukatu zelako erretiratu zutela iragarkia eta barkamenik ez omen dute eskatu. Elkartea ez ezik, El Mundo egunkaria ere salatu dute “manipulazio” horretan parte hartzeagatik. Eta ni ez nau ezerk harritu. Noraino iristen da bakoitzaren adierazpen eskubidea? Interneten bila nabil ea adierazpen askatasun deritzogun horrek zer esan nahi duen. Agian, oker ulertuko nuen bere garaian, agian, definizioa ez da guztiz egokia; baina bada puzzle horretako pieza bat ondo bat etortzen ez dena. Lehendik ere nahikoa ez dugu aktoreok lanbideak ematen duen egonkortasun eskasaren sokan oreka galduta ez erortzeko, eta hori gutxi balitz, orain beharrezkoa da gure ideologiak eta pentsamenduek bat egitea espainiar estatuaren eskaerekin.
Dignidad y Justiciako kideek beti dute arrazoiren bat euren biktima izaerari etekina atera eta gutako edozein paretaren kontra jartzeko. Ez dakite nori eraso, eta zirkinik txikiena atzemateko zain egoten dira eskuak zuriz margotu eta “terroristaren” lepoa estutzeko. Ez dut nik haien minik epaituko, ez dut haien gorroto edo mendeku gogorik neurtuko, norberak jakin dezala zer sentitzen duen eta defenda dezala bere tokia ahal duen moduan. Baina oreka galtzen dut edozein aitzakia arrazoitzat hartuta nazi bihurtzen diren faxistekin.
Curriculumean informazio konpletorik agertzen ez bada enpresak hori jakiteko obligazioa izan behar lukeela adierazi du Daniel Porterok. Jaun-andreok, nire curriculumean antzezlanak, telebista saioak, pelikulak, izen-abizenak eta adina jartzen ditut; orain zer hasi behar dut, nire ideia politiko, erlijioso, sexual eta ideologikoak aipatzen? Horrek baldintzatzen al du nire interpretazio lanaren kalitatea?
Dena metro berarekin neurtuko balitz, gainera… Juan Carlos erregea Frankoren txotxongiloa izan zen denbora askoan, baina hor dabil, batetik bestera elefanteak akabatuz. Eta ze kristo, ordaindu egiten diogu gainera! Estatu osoa haren osasunak hobera egiten ote duen begira; ze inporta ote zait niri haren aldakaren egoera! Torero pila ikusten dugu edozein telebista saiotan, abesten batzuk, dantza lehiaketatan beste batzuk; norbaitek begiratu al du haien curriculumetan zenbat zezen torturatu eta hil dituzten? Espainian denei barkatzen zaie, lapurrei, iruzurtiei, toreroei, erregeari eta Urdangarini. Baina gure herriari ez; kondenatuta gaude, eta adierazpen askatasuna ere kendu nahi digute.
Ez dut ezer ulertzen, ez zait gustatzen pentsatzen dudana esan eta egiteko beldurrarekin bizitzea, diktadura bat inposatu nahi digute, baina jai dute, esku zuri horiekin ahoa estaliko digutela pentsatzen badute.
Leave a Reply