Kubako Santiago hiriko Contramaestre herrian jaio zen, 1973an, eta 22 urte zituela etorri zen Errenteriara. “Bertakoa den mutil bat ezagutu nuen Kuban, eta han ezkondu eta alaba izan ostean etorri ginen”.
Pertsona “irekia” denez, gertuko jendeak nahiko ongi hartu duelakoan dago. Baina eguneroko zirkulutik kanpoko errezeloz begiratzen dioten ustea ere badu: “‘Zoaz hemendik’!, eta halakoak entzun behar izan ditut kalean”. Adinekoak zaintzen lan egiten du, eta, hasieran, errezeloz hartzen zuten lankideek ere: “Hemengo jendeari iruditzen zaio eurei lana kentzera gatozela”.
Ingurukoen zurrumurruek eragiten diote eta uste du “ezagutu gabe ezin dutela pertsonen balioaren berri izan”.Jendeak aurreiritzi asko dituelakoan dago; izan ere, Errenteriatik kanpo, Irunera edo Donostiara joan, eta gertatu izan zaio kalean norbaitengana galdezka joan eta “barkatu, baina ez dut zuri emateko dirurik” erantzuna jasotzea, galdetzeko zuenari kasurik egin gabe.
Etorkin guztiak ez direla berdinak dio, eta uste du “oso positiboa” dela arrazakeriaren aurkako taldeen lana. “Bizi hobe baten bila irten gara geure herrialdetik, eta nik, behintzat, ahalegina egin dut egokitu zaidan gizartean integratzeko”. Jendeak egiten duten lana baloratu eta eurengandik ikasi behar lukeela ere uste du: “Etorkin gehienek bertako familietako adinekoak zaintzen lan egiten dugu; geurea ez den familia geurea balitz bezala zaintzen dugu”.
Leave a Reply