Eider Goenaga Lizaso
Eureka!”, oihukatu zuen Isaac Newtonek, sagarra buru gainera erori zitzaionean. Grabitazio Unibertsalaren Legearen aita izan zen Newton, matematikaria, fisikaria, kimikaria, asmatzailea…; fisikaren eta zientziaren munduan, oro har, iraultza ekarri zuena. Baina, askorentzat, mamu beltz bat dira zientziak, eta mamu hori desagerraraztea eta modu ulergarri eta erakargarrian herritarrei zientzia hurbiltzea da Donostiako Eureka museoaren helburua. 2001ean ireki zuten, eta Gipuzkoan gehien bisitatuen artean dago. Iaz, 186.000 bisitari izan zituen, eta kopurua goraka doa etengabe.
Garbiñe Garmendia (Hondarribia, 1967) museoko marketin eta bisitarien arretarako arduradunak azaldutakoaren arabera, Felix Ares Kutxako Gizartekintzako langileari zor zaio museoaren sorrera. Ireki baino zortzi-hamar urte lehenago hasi ziren ideiari bueltaka. “Zientzia museo bat egitea eta Miramonen planetario bat jartzea zen ideia, baina halako proiektu erraldoi batek denbora eta inbertsio handiak behar ditu. Felixen ametsa 2001ean gauzatu zen”.
Jende askorentzat zientzia “aspergarria, ulergaitza eta arrotza” dela dio Garmendiak, eta aurre-iritzi hori modu praktikoan apurtzen saiatzen direla. “Adibide sinple bat jartzearren, modu teorikoan polea baten funtzionamendua azalduz gero, askok ez dute ulertuko. Baina hemen ikusi egiten duzu polea bat, erabili egiten duzu, eta ziur ez duzula ikasitakoa inoiz ahaztuko. Berdin astronomiarekin. Ez da gauza bera konstelazio eta planetak buruz ikastea edo hemen, kupularen barruan, haiek ikustea…”.
Museoaren gune nagusia erakusketa iraunkorra da. “170 modulu interaktibo baino gehiago ditugu bertan, zortzi gelatan banatuta, eta gaika sailkatuta: mundu mekanikoa, zentzumena eta sentikortasuna, argi jokoak, energia txinpartak… Eta horietako batzuk umeei begira daude gehiago, eta beste batzuk helduei begira”. Askok Eureka umeentzako museo bat dela uste duen arren, Garmendiak aurreiritzi hori ere apurtu nahi du. “Bisitarien erdiak helduak dira. Badago halako aurreiritzi bat, museoa haurrentzako toki bat dela, baina gero etortzen dira helduak eta askotan haiek dira ondoen pasatzen dutenak: ikusi, ukitu eta ikasi egiten dute”.
Animaliak eta gorputzak
Museoek, jendea erakarri nahi badute, etengabe berritzen joan behar dutela uste du Garmendiak, eta Eureka museoaren filosofia hori dela dio. “Jende asko etortzen da, baina gure helburua, noski, jende hori itzultzea da, eta, horretarako, gauza berriak eskaini behar ditugu”. Museoko azken bi berrikuntzak aipatu ditu Garmendiak: Animalia atala, umeei begira egindakoa, eta Plastination, helduei begirakoa. “Animalian animalia bizidunak ditugu, sugeak, igelak, dortokak, armiarmak, itsasoko animaliak… Helburua da umeak sentsibilizatzea animaliekiko errespetuan. Tailerrak egiten ditugu, umeek animalia batzuk uki ditzakete…”. Museoko sarrera orokorrarekin bisita daiteke gune hori, baina aparteko bisita ere egin daiteke, gida baten azalpenak jasoz.
Plastination gunean, Gunther Von Hagens anatomista alemanak asmatutako teknika erabilita plastinatutako giza gorputzen erakusketa dago ipinita. “Benetako gorputzak dira, jendeak zientziari emandakoak; inpresioa eragiten dute, eta sarreran abisua jarrita dago. Helduentzako erakusketa bat da, baina oso lagungarria da ume koskorragoentzat ere, batxilergoan daudenentzat, anatomian ikasitakoa oso argi eta bertatik bertara ikus dezaketelako”. Plastinatutako gorputzek tendoiak, giharrak eta organoak ikasteko balio dute, eta hezurdurak ere badaude. “30 bat pieza ditugu”.
Bisita libreak
Eureka museoaren bisitarien erdiak ikastetxeetatik joaten dira, eta horiek bisita gidatua egiten dute. Gainerakoek bisita modu librean egiten dute. “Egun osoko sarrera da, irten eta sartu egin zaitezke berriro. Sarrerarekin, egitaraua banatzen zaio bisitariari, eta programatuta dauden ekintzak zehazten dira bertan. Ikuskizun edo animazio horietan gida batek esperimentuak egin eta horri buruzko azalpenak ematen ditu. Fakirraren ohean egiten dugu horietako bat, eta hor gidariak azaltzen du zergatik ez duzun minik hartzen iltzez betetako ohean etzaten zarenean”.
Museoaren bigarren gune inportantea Planetariuma da. Sarrera orokorrarekin batera har dezakezu bertara sartzeko txartela, baina aparte ere bai. “Proiekzioak egiten ditugu bertan, umeentzako batzuk eta helduentzako beste batzuk. Baina Planetariumean jendeari gehien gustatzen zaiona eta aberasgarriena zuzeneko saioetan parte hartzea da. Urtean hiruzpalau saio berezi ere egiten ditugu: eklipseak daudenean, pertseidak ikusteko, ekinokzioetan… Egiten ditugun saioek erakarmen handia dute”.
Azkenik, aisiari zientziari baino gehiago lotuta, simulagailuak dituzte Eureka museoan. “Osagarri ludiko bat dira, baina jendeak ondo pasatzea nahi dugu, eta bisitari amaiera dibertigarria emateko modu bat dira. Aparte ordaintzen dira simulagailuak”.
Leave a Reply