Abesbatzen unibertsoa gertutik ezagutzen dutenek badute zer entzun bihar Zumarragako Antigua baselizan. Antigua Abesbatza Lehiaketaren 16. ekitaldia egingo dute bertan, 18:00etatik aurrera. Aurten bereziki nabarmena da musikari gipuzkoarrek izango duten presentzia. Lau korutik bi gipuzkoarrak dira —Kantaka (Lazkao) eta Eskifaia (Hondarribia)— eta Junkal Guerrero musikagile andoaindarra da musikagile gonbidatua.
Iñaki Karkamo lehiaketako batzorde teknikoko kidearen hitzetan, “izen ematea noiz irekiko zain egon dira aurten abesbatzak, eta hori eskertzekoa da”. Lehiaketako batzordeak galbahea pasatzen du izena ematen duten koruen artean, hainbat irizpide aintzat hartuta: kalitatea, parte hartzeko interesa eta jatorria. “Aurten, Gipuzkoa bertako abesbatzek agerian utzi dute kalitate handia dutela, eta lautik bi bertakoak dira”. Hondarribiko Eskifaia eta Lazkaoko Kantaka koruekin batera, Espainiatik Segoviako Agora eta Zaragozako Grupo Vocal Aqvilo abesbatzak lehiatuko dira.
Zergatik Antio
Aurten abesbatza mistoen txanda da. Urtero aldatu egiten dute modalitatea. Joxe Mari Aierdi lehiaketako antolaketa zuzendariak gogoratu du 1998. urtean lehiaketa abiarazi zutenean zenbait gabezia sumatu zituztela: “Ahots berdinen eta haurren koruen lehiaketarik ez zegoen, eta modalitate horiei tokia egin nahi izan genien”. Ahots mota guztiak ekitaldi bakarrean jarri zituzten lehian lehenengo bi jaialdietan, baina aurrekontu eta antolaketa kontuak zaildu zitzaizkien, eta erabaki zuten ekitaldiko modalitate bakarra lantzea.
Ahots mistoetan aritzen dira emakumezkoek zein gizonezkoek osatutako koruak. Ahots zurien koruak emakumezkoek nahiz haurrek osatzen dituzte eta berdinak emakumezkoak edo gizonezkoak. Antigua Abesbatza Lehiaketan ahots guztiek dute tokia, eta ekitaldi bakoitzean bat lantzen dute; iaz haurren ahotsek osatutako abesbatzak lehiatu ziren Zumarragan.
Aierdik dioenez, “Zumarragako ermitaren ezaugarri denek akustika onaren alde egiten dute: egurrak, harriak, sabai baxuak…”. Antiguako musika zikloko kontzertu batean Anton Arbulu orduko Zumarragako alkatearekin topo egin zuen Aierdik, eta bien artean lehiaketa ermitan egiteko aukera aztertu zuten. Lehiaketa martxan jarri zutenerako bazekiten Antiguako ermitan egingo zutela.
1998an bertan, Antigua Abesbatzako antolatzaileek Espainiako Abesbatzen Sari Nagusia sortu zuten, Zaragozako Ejea de los Caballerosen (Espainia) egin ohi den lehiaketako antolatzaileekin batera. Sari horretan parte hartzeko aukera zuzenean eskuratuko du bihar Zumarragan irabazten duen abesbatzak.
Aierdiren ustez, “Antiguako lehiaketan parte hartzeko koruek era berezian lan egin behar dute. Sari Nagusia tartean egonda, emanaldi baterako errepertorio soila baino zerbait gehiago prestatu behar dute; prestigio kontua ere bada”.
Antigua Abesbatza Lehiaketaren beste ezaugarri berezko bat da urtero musikagile baten lana goratzen dutela. Batzorde teknikoak ekitaldiko musikagile bat aukeratzen du; hildakoak eta bizirik daudenak txandakatzen dituzte. Aurten, Junkal Guerrero andoaindarraren lanaren bozgorailu izango da lehiaketa. Koru guztiek Guerreroren pieza bat kantatu beharko dute, gutxienez. Guerrero bertan izango da; izan ere, epaimahaikideek irabazlea nor den ebazten duten bitartean musikagileak zuzentzen duen Beasaingo Loinatz koruak kantatuko du ermitan.
Antigua Abesbatza Lehiaketari esker Antiguako Andre Maria baseliza koruen topagune bihurtuko da bihar arratsaldean.
Leave a Reply