Ekuadorren jaio zen, 1973an, Guayas probintzian. “Han egoera ez zen ona, eta lagun bat hona [Donostiara] etorri zen. Sarri esaten zidan ea zergatik ez nintzen etortzen, bera bakarrik baina ongi zegoela, lana bazuela eta”. Muñozek ezetz erantzuten zion: “Semea txikia zen oraindik, eta herritik joan eta gaizki egotekotan, nahiago nuen bertan geratu”. Azkenean, animatu eta 2000ko abuztuan etorri zen.
Oñatin topatu zuen lana, haur batzuk zaintzen, eta astea han pasatzen zuen. Asteburuetan, Donostiara itzultzen zen lagunarengana, oso bakarrik sentitzen baitzen. “Ez nuen inor ezagutzen, ez nuen kalera irteteko lagunik ere. Orain, semea eta senarra hemen daude, eta bizitza egonkorra dudala esan dezaket”.
Asko eragiten diote zurrumurruek: “Egunero eta alde denetatik iristen dira, eta kanpokoontzat ez dute ezer onik”. Etorkinen elkartearen egoitza dute, eta inguruko bizilagunek ez dituzte ongi tratatzen: “Auzoan dagoen okerrena garela iruditzen zaie”. Denetarik entzun behar izan du: etorkinentzako egoitza hori eraikitzen ari zirenean, esaterako, “putentzako, drogen mendekoentzako, alkoholikoentzako gunea” zela; edo euren janariak kristoren kiratsa duela.
Muñozen arabera, jendeak jakin behar du ez direla buruan dutena: “Emakumeok ez gara prostituitzera soilik etortzen, eta gizon guztiak ez dira alkoholikoak. Gertura daitezela eta eman diezagutela ezagutzeko aukera; hemengo edonor bezalakoak gara”.
Leave a Reply