Gaizkileak direla, gizarte zerbitzuez eta diru laguntzez aprobetxatzen direla, osasun zerbitzuak trabatzen dituztela edo lana lapurtzera datozela. Halako zurrumurru eta aurreiritziak nagusitzen dira atzerritik gurera etorri direnen inguruan. Horiei aurre egiteko, Tolosaldeko udalek eta beste sei herrik bat egin dute SOS Arrazakeriaren Zurrumurruez! kanpainarekin.
SOS Arrazakeria elkartea duela bizpahiru urte hasi zen zurrumurruen eta aurreiritzien arloa lantzen, “etorkinen integrazio prozesurako oztopoa zirelako”, elkarteko kide Mikel Markiaranen hitzetan. Duela lau urte Bartzelonan martxan jarritako Xarxa antirumors (zurrumurruen aurkako sarea) adibidetzat hartu eta euren tresnetara egokituta, etorkinen inguruko zurrumurru faltsuei aurre egiteko tailerrak jarri zituzten martxan Gipuzkoan.
“Horren ondorioz, arrazakeriaren aurka lanean ari diren taldeak ezagutu, eta Gipuzkoako herrietan dauden teknikariekin bilerak antolatu genituen, gaiaren inguruan egin zitekeenaz hausnartzeko”. Modu erregularrean biltzen joan dira, eta hortik Zurrumurruez! sarea osatu dute Astigarraga, Eibar, Errenteria, Hernani, Ordizia, Zarautz eta Tolosaldeko udalekin batera. “Aurrerapauso bat izan da”. Hemendik aurrera, sarean dauden udalekin harremana mantendu nahi dute, eta herri gehiagorekin kontaktuan daude sarera batu daitezen.
Villabonakoa da SOS Arrazakeriaren kanpainarekin bat egin duen Tolosaldeko udaletako bat. Tolosaldea herri txikiz osatuta dagoenez, euren migrazio saila eskualde mailakoa da, eta bertatik egiten dituzte migrazio fenomenoen inguruko lanketak. Galder Azkue alkatearen hitzetan, dagokien arduragatik erabaki zuten SOS Arrazakeriaren planteamenduarekin bat egitea: “Krisi garaiotan diskurtso xenofobo eta arrazistek indarra hartzeko arriskua handia zela ikusi genuen, eta horri aurre hartzeko ardura guri zegokigulako batu ginen sarera”. Villabonara eta Tolosaldera etorri direnek ahalegina eskertuko dutelakoan dago Azkue: “Jadanik emozionalki nahikoa jota etortzen direnez, etorkinek ere baloratuko dute inguruan halako diskurtsorik ez sortzea”.
Hernaniko kasuan, Luis Intxauspe alkatearen hitzetan, azken urteetan jatorri ezberdineko jende asko etorri delako eta aurreiritzi asko daudelako erabaki zuten Zurrumurruez!-era batzea: “Gainera, Hernani eta Astigarraga arteko lurren artean errumaniar asko dago, eta horientzako integrazio proiektu bat lantzen hasi izanak aurreiritzi eta zurrumurru asko eragin ditu. Horregatik, aniztasun hori integratzeko modu bezala, oso interesgarria iruditu zitzaigun”.
Eurak egitasmora batu dira, eta Gipuzkoako gainerako instituzioak ere batzeko modukoa dela uste du Intxauspek: “Orain arte egindako tailerrak, materialak oso txukunak dira; finean, kanpaina bera oso interesgarria da, eta gonbita egingo nieke gainerako udal eta erakundeei bat egin dezaten. Gure herrietan jatorri ezberdinetako herritarrak elkarrekin bizi gaitezen, aniztasuna integratzen asmatu behar dugu, eta horretarako oso lagungarria izango da”.
Datuek gezurtatzen dutena
Delinkuentziaren estereotipoa da etorkinen inguruan askotan errepikatzen den zurrumurruetako bat, Markiaranen arabera: “Gizartean badago etorkin kopuruaren eta delinkuentzia kasuen arteko loturaren ustea; jendeak uste du etorkin asko direla gaizkileak eta etorkin kopuru handia dagoelako gora egiten duela delinkuentziak. Hori datuek gezurtatzen dute; ikerketek argi utzi dute ez dela egia”. Gizarte laguntzarekin lotutako aurreiritzia da bigarrena: “Gizarte zerbitzuez aprobetxatu egiten direla esaten du jendeak, diru laguntza gehien eurek jasotzen dutela eta halakoak; datuek frogatzen dute hori ere ez dela egia”. Osasun zerbitzuei dagokienez ere, jendeak “larrialdi zerbitzuak trabatzea” leporatzen die etorkinei. “Eta orain zentzurik ez badu ere, urte askotan esan izan da immigranteek lana kentzen digutela”.
Aurreiritzi horiek “inkomunikazio egoera” sortzen dutela uste du Markiaranek, eta hori gainditzea ezinbestekoa delakoan dago. “Beste herri batzuetatik etorri arren, ondoan ditugun etorkinak gure aldameneko bezala ikusi behar ditugu”. Horregatik, herritarrak integrazio prozesuan protagonista izatea nahi du SOS Arrazakeriak: “Herritarrentzat da, eta haiek dira erreferente. Tailerren helburua, esaterako, herritarrei tresnak ematea da, beren inguruko eremuetan etorkinen aurkako zurrumurruak entzunez gero horiei aurre egiteko”.
Villabonan tailerrak eginak dituzte, 2013ko udazken aldera, zehazki. Bertako alkatearen ustez, udal barruan egin beharreko lanketaren unea da orain: “Askotan aritzen gara herritarrei gauzak eskatzen; ‘ez ezazu halako diskurtsorik egin’ edo ‘ez ezazu aurreiritzirik izan’, esaten diegu. Kontuan izan behar dugu, ordea, kalean eta herritarrekin harreman zuzena dutenak udal zerbitzuetako langileak direla. Horregatik, politikari eta teknikarientzako tailerrak beharrezkoak dira; gugandik hasi behar dugu”.
Bertsolaritza eta antzerkia
Zurrumurruez! sareak hiru arlo ditu jomugan: “Komunikabide lokalen mezuetan eragin nahi dugu; zurrumurruen aurkako tailerrekin jarraituko dugu, horietan sortzen direlako zurrumurruei eta aurreiritziei aurre egiteko tresnak; eta bertso eskolen eremuan ere sartu nahi dugu”. Azkueren hitzetan, komunikabideek erantzukizun handia dute integraziorako: “Hedabideen diskurtsoan aurreiritzien aurkako lana egitea oso garrantzitsua da, diskurtso errazari bizkar ez ematen lagundu behar dute, gure arazoen ardura guztia kanpotik datorren jendearen gain gera ez dadin”.
SOS Arrazakeria bertso eskoletako jendearekin kontaktuan jarri da, eta irakasten dabiltzanei materiala eskura jarriko diete gaztetxoekin gaia landu eta prebentzio lana egin dezaten: “Gazteak dira bertso eskoletan dabiltzanak, eta horiengan eragin nahi dugu; aurreiritziak izan ordez, beste kulturak nolakoak diren normal-normal ezagut dezatela. Datorren ikasturterako, adibidez, Zurrumurruez! sarean dauden herrietako bertso eskolekin hitz egin eta aipaturikoa martxan jarri nahi dute. “Uda ondoren antzerkigintzan zerbait egitea ere gustatuko litzaiguke, eta ea udazkenean tailer batzuk ere antolatzen ditugun”.
Intxausperen arabera, Hernanin badute asmoa antzerkiari dagokionez zerbait egiteko: “Katalunian badute esperientzia halako kontuetan, eta erreferentzia hori baliatuz, hango kideekin harremanetan gaude antzerki tailer batzuk antola ditzaten”. Bertsolaritzaren kasuan, ordea, hutsetik hasi beharko dute: “Ez dugu inolako erreferentziarik. Baina Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarri gara eurek egiten duten lanaren berri izateko; eta Hernaniko bertso eskolarekin ere kontaktua egiteko asmoa dugu”.
Leave a Reply