Udako gau sorgindua

Aurkezpen festa batekin emango diote ongietorria Zarautzen udako solstizioari, bihar iluntzean. Kepa Junkera soinujoleak bere azken diskoa aurkeztuko du Rezabal txakolindegian.

Kepa Junkera & Sorginak deituriko diskoa “ezberdina eta indartsua da”, soinujolearen beraren hitzetan. Biharko aurkezpenean, Amets Ormaetxea, Alaitz Escudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi eta Maria Lasa sorginen laguntza izango du; eta seikoteak panderetaz, ahotsaz, dantzaz eta perkusio hotsez lagunduko ditu trikiti doinuak. “Trikitiaren erraietara itzultzeko modua izango da, baina etorkizunerako ikuspegiarekin”. Musika emanaldia Rezabal bodegako mahastietan izango da.

Sarri bezala, kolaborazioak bilatu ditu Junkerak bihar aurkeztuko duen diskorako ere. Trikitiaren eta musika tradizionalaren mundua iraultzeko saioa egin du, eta euskal musikaren panorama aberastera jo du estiloen fusioaren bidez. Jadanik, Junkera makina bat musikari eta kantarirekin aritu da elkarlanean, besteak beste, Dulce Pontes, Maria del Marte Bonet, Carlos Nuñez, The Chieftains eta Caetano Belosorekin. Kepa Junkera & Sorginak-en aurretik 2013an aurkeztu zuen Galiza diskoa ere musikari galiziarrekin eta hango kultura oinarri izanda kaleratu zuen. Ipar haizea-ren grabazioan, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntza izan zuen.

Txakolina eta kultura

Junkerarena ez da izango, ordea, bihar Rezabal txakolindegian egingo den aurkezpen bakarra. Ander Rezabal eta Mireya Osinaga txakolindegiko arduradunek aurtengo txakolin uzta aurkeztuko dute, Hondarrabi zuria eta Hondarrabi beltza tokiko mahats motekin egina. Divinus Catering enpresako pintxoak dastatzeko aukera ere izango da txakolinarekin batera. Uztaren aurkezpena musikarekin batzean, “txakolin kopa on bat dastatu eta bizitzak eskainitako une eder batez gozatzeko aukera” eman nahi diete Rezabalgo arduradunek bertaratzen direnei. 35 euroren trukean, kontzertua entzuteko zein txakolina eta pintxoak dastatzeko aukera izango dute bisitariek.

Rezabal txakolindegiko arduradunek bigarren aldiz batuko dute bihar uzta aurkezpena kultur adierazpen batekin. Izan ere, iaz 2012ko uzta aurkezterakoan, moda desfilea egin zuten txakolindegian, Roberto Etxeberria, Miriam Okariz, Iraia Oiarzabal eta Daniel Rabaneda diseinatzaileen laguntzarekin.

Aurtengo ekitaldirako gogo berezia dute Rezabalek eta Osinagak, “musika beti egon delako” euren bizitzan. Junkeraren lan berria mahastietan aurkeztea “aukera paregabea” iruditzen zaie euren txakolindegia ezagutzera emateko. Biharko aurkezpenean txakolindegiko instalazioak eta mahastiak ezagutzeko aukera egongo bada ere, Rezabalgoek bisita pertsonalizatuak ere eskaintzen dituzte: “Familiak egiten dakiena bisitarien oroimenean gordetzeko helburuz”. Hasieratik ahalegindu dira mahastizaintza tradizionalarekiko errespetuari eusten eta, aldi berean, txakolin ekoizpenerako teknologia berriak baliatzen.

‘Kepa Junkera & Sorginak’ diskoaren aurkezpen kontzertua

Bihar, 21:00etatik aurrera, Zarauzko Razabal txakolindegian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.