Eibar historian aurrenekoz Lehen Mailara igo izana, eibartarrengan eragin duen pozaz gain, herriko ekonomiari bultzada emateko moduko gertaera izan daiteke. Horren aurrean, ilusioa eta etorkizunera begiratzeko gogoa dute zenbaitek; beste batzuek, ordea, zuhurtziaz jokatzea eta burua hotz izatea nahiago dute.
Eibarko Udaleko garapen ekonomikorako zinegotzi Mari Jose Telleriaren hitzetan, “animo handia” eman die futbol taldearen igoerak: “Herri gisa ditugun proiektuetan konfiantza izatera eraman gaitu. Gure enpresak eta eragile ekonomikoak kanpora doazenean baloratuak izango dira”. Talde armaginaren igoera positiboa izango dela uste du Eibarko Dendarien Elkarteko lehendakari Nekane Fernandezek ere: “Herriarentzat ona izango da: Eibar mapan kokatzeko aukera bat da; jende pila batek jakingo du non gauden eta gauzak nola egiten ditugun”.
Fernandezen ustez, futbol taldearen funtzionamendua eredugarria izan da, eta merezitako igoera lortu du: “Ez du zorrik ez jokalariekin eta ez Gizarte Segurantzarekin. Kontuak erabat eguneratuta eta garbi daude”. Jarrera hori orokorrean herri osoarena dela uste du: “Daukagun diruarekin egiten ditugu gauzak; ez dugu handikeriarik egiten. Eibar beti izan da herri langilea, eta gauzak lanarekin lortzen dira”. Baina zuhur jokatzearen aldekoa da: “Dirua sartzen denean zoratu egiten gara, baina Eibar taldeak argi eta garbi ditu gauzak”. Espero du klubak ez duela dirua alferrik botako eta aurrera begira gauzak egiteko gordeko duela. “Hau loteria bat izan da, eta ez dakigu datorren urtean non egongo garen; burua hotz izatea komeni zaigu”.
Andres Guaschek, Hotel Unzaga Plazako jabeetako batek, aldiz, ekonomikoki “oso onuragarria” izango dela uste du: “Negozioetarako eztanda izugarria izango da. Ezin da ahaztu guztiok nolako egoera delikatuan gauden, eta honek guztiak Eibarko ekonomiak gora egiten lagun dezake”. Telleriak ere ez dio etorkizunari errezeloz erreparatzen: “Ez dakigu gero non egongo garen, baina ahalegina egin gabe ez gara geratuko, guztiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko”.
Madrilgo Zientzia eta Berrikunza Ministerioak duela hiru urte sustatutako Zientzia eta Berrikuntzaren Hiriak sarean dago Eibar, beste berrogei hirirekin batera. Telleriaren arabera, sare hori baliatu dute egoera beretik pasatutako herrien esperientziak aztertzeko: “Horietako bat da Almendralejo [Espainia], bere garaian lehen mailara igo zen herririk txikiena; baita Vila Real ere [Katalunia]. Eurekin etengabeko harremanetan gaude; konfiantza osoz kontatu dizkigute eurek izandako hanka sartzeak eta errepikatuko lituzketen kontuak. Gomendio eta pista asko jasotzen ari gara”. Denbora pasatu ahala ikasiz joango direla uste du Telleriak, baina, beste herri batzuen berri izan ondoren, konfiantzaz dago: “Lehen unetik ikusi genuen olatua harrapatzeko eta garapen ekonomikoan zuzenean zein zeharka eragiteko aukera; akaso, beste herri batzuek geroagora arte ikusi ez zutena”.
Egokitu beharra
Eibarren igoerak herrian eragin dezakeen inpaktu ekonomikoa ere aztertzen ari dira, eta txostena eskatu diote Debegesari, Debabarreneko Garapen Agentziari: “Eskatu dugu aurreikuspen bat egiteko, baina oraindik ezin da zifra zehatzen inguruan hitz egin. Kontua ez da Eibarrera mugatuko; eskualde osoan eragingo du, eta guk eskualdearekin partekatu nahi dugu, gainera”.
Eibarrek 27.000 biztanle inguru ditu, eta partidetara datozen kanpoko futbol taldeen zaleak jasotzeko herrian egokitzapenak egin beharko direla uste du Fernandezek: “Gipuzkoa orografia oso zailekoa da; Eibar zulo batean sartuta dago, eta aparkatzeko arazoak, behintzat, ziur izango ditugu”. Udala ari da horretarako plan bat prestatzen; Telleriaren hitzetan, Eroskik eta El Corte Inglesek igandeetan zein jaiegunetan euren aparkalekuak baliatzeko aukera emango dute: “El Corte Inglesek dituen 700 tokiak libre utziko ditu; Eroskik 200-300 toki ditu, eta gauza bera egingo du. Herri txikia gara, baina asmatuko dugu nola moldatu”.
Ipurua futbol zelaia ere handitu egin beharko dute, Lehen Mailako zelaiek izan beharreko gutxieneko edukierarik ez baitu. Udalaren jabegokoa da Ipurua, baina futbol klubak egin beharreko aldaketak egiteko bidea libre izango du: “1.300 jarleku gehiago ezarri behar direla esan digute, eta aukerak aztertzen ari dira; zalantzarik gabe, aukerarik onenaren alde egingo du udalak, eta irailerako zelaian egin beharreko handitzea eginda egongo da”.
Ostalaritzako sektorean ere aldaketak beharko direla uste du Guaschek: “Egoerak gain ez hartzeko lan egiten asmatu beharko da. Eibarrek dituen taberna eta jatetxeak ditu, eta orain arte partidetatik kalera irteten ziren herritarrei kanpotik datozen zaleak gehituko zaizkie; jada ez dira 5.000 izango, 20.000 ere izan daitezke. Lanerako modua eta espazioak egokitu beharko dira, baita ordutegiak ere”.
Merkataritzan eraginik ez
Futbol taldearen igoeragatik dendariek ez dute mugimendurik sumatu oraingoz, eta gero ere ez dutela sumatuko uste du Fernandezek: “Ez digu askorik eragingo, baina errebote efektua izan dezake. Ostalariek gehiago saltzen badute, kanpotik etortzen den jendeak dirua uzten badu, guk ere horretatik harrapatuko dugu zer edo zer”. Futbol taldearekin ere hitz egingo dute, eta zerbait egitea behar badute, prest daude laguntzeko. “Denok prestatze lanetan gabiltza uneotan”.
Guaschek, ordea, uste du euren negoziorako onuragarria izango dela Eibarren igoera: “Dena positiboa izatea espero dugu, eta egoera egoki kudeatzen asmatu beharko dugu datorrenari ongi erantzuteko”. Etorkizunera begira jarrita, berriz, unean unekoari erantzutearen aldekoa da: “Oraingoz, datorrenari eutsiko diogu irauten duen bitartean; iraun dezala luzaro, eta gero ikusiko dugu”. Telerriak, berriz, udalak egin beharreko urratsak zehaztu ditu: “Ekintza plan bat enkargatu dugu, datorren denboraldian arreta berezia zeri eskaini jakiteko. Dendariekin, enpresekin eta antzeko eragileekin batera lan egingo dugu”.
Leave a Reply