Heteroarauari desobedientzia! Ideietatik arrakaletara lelo hartuta, hainbat ekintza antolatu dituzte elkarrekin Azpeitiko Bilgune Feministak eta Ernaik, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bueltan. Besteak beste, Arrakala, zirrikitu bat haitzetan dokumentala eman eta landu dute. Horrez gain, elkarretaratzera deitu dute plazan, bihar, 12:30erako. Leire Ibarguren (Azpeitia, 1979) Bilgune Feministako kideak gogorarazi du Azpeitia eta Azkoitia artean ekainaren 28aren bueltan hamaika ekintza antolatu direla azken hogei urteetan. Aurten, heteroarauaren gaia jorratu dute Arrakala dokumentalaren bidez.
Arrakala, zirrikitu bat haitzetan filma eman duzue ekainaren 28aren bueltan antolatutako ekitaldietan. Zergatik?
Heteroarauak gure bizitzan nola eragiten duen adierazten du dokumentalak. Pertsonen bizipenetan oinarritutakoa da, eta oso interesgarria da hausnarketa horiek denak herriratzea. Gaiaz modu kolektiboan hausnartzea eta konpartitzea garrantzitsua da: asko gara gizartean onartuta ez dauden edo normaltasunaren barruan sartzen ez diren desioekin bizi eta horren alde maila pertsonalean zein kolektiboan borrokatzen garenak.
Donostian, dokumentalaren aurkezpenean izan ginen, eta oso ederra eta hunkigarria izan zen, kolektibo handi batek dugun errealitatean oinarritutakoa delako. Jende asko bildu ginen, barre egin genuen, hausnarketa berriak eragin zizkigun eta haserretu ere egin ginen. Baina, batik bat, indar handia eman zigun, gaiaz eztabaidatzen segitu eta dokumentala herri guztietara zabaltzeko.
Zer kontatzen du lan horrek?
Hainbat hausnarketa egiten ditu heteroarauaren inguruan: zati batean, heteroaraua zer den eta gure bizitzetan nola eragiten duen azaltzen du. Beste zati batean, desioaren inguruan hitz egiten du: desioa ere nolabait gizarteak eraikitzen duen gauza bat delako. Horrez gain, familia eredu desberdinen inguruan ere ari da, eta baita modu kolektibo batean ere, heteroarauak eta heterauaren kontrako borrokak daukan garrantziaz.
Zer da heteroaraua?
Askotan, legeak babestuta, oso modu bortitzean azaleratzeaz gain, gauza oso sotila ere bada. Sotiltasun horrek botere handia ematen dio. Txiki-txikitatik gure bizitzetan eragin zuzena du, eta gure bizitzako momentu askotan azaleratzen da. Heteroarauak esaten digu zer gustatu behar zaigun eta zer ez, zein gustatu behar zaigun eta zein ez, zer praktika sexual gustatu behar zaizkigun eta zein ez, esaten digu pertsona bakarra gustatu behar zaigula eta bizi osorako izan behar duela, esaten digu familia egitura bat osatzera bideratutako desio bat izan behar dugula… Nolabait, bide bat markatzen digu, gure ibilbide afektibo sexuala baldintzatuz eta erregulatuz. Identitate lesbiana, gay, trans, queer eta abarrak bazterrean utzita. Pertsonon gorputzak bi motatakoak direla sinetsaraztea da heteroarauaren beste oinarrietako bat. Bi eredu horietatik kanpo dauden beste denak normaltasun arautik kanpo gelditzen dira, erosotasun horretatik kanpo. Gizarteak ez ditu espazio seguruak sortzen bi eredu horietatik kanpoko pertsonentzat, eta gorputz horien sexualitatea ukatu egiten da.
Horrek nola egituratzen edo osatzen du gure gizartea?
Egungoa gizartea kapitalista da, eta eremu pribatuan bere unitate garrantzitsuenetako bat familia nuklearra da. Heteroarauen helburuetako bat emakumeaz, gizonaz eta seme-alabez osatutako familia nuklearra osatzea da. Gero, familia nuklear horren barruan, sexualitatea bizitzeko modua ere baldintzatzen du heteroarauak: emakumea objektu sexual baten gisan eta ugalketarekin lotzen duen sexualitate ereduan kokatzen du. Gizonezkoa, aldiz, modu aktiboko sexuarekin eta plazerarekin lotzen duen ereduan. Hor ere botere harreman batzuk sortzen dira emakumeen eta gizonen artean. Horrek denak gizarteko beste alor guztietan ere eragina dauka. Ikuspegi sexual batetik ere, heteroarauak emakumeak menpeko izaki egin nahi gaitu. Sexuen araberako rol banaketan ere heteroarauak eragiten du, eta argi dago gaur egungo gizarte egitura horri eusteko ezinbestekoa dela emakumeek gaur egun duten rola betetzen segitzea. Gizartea sostengatzen duten errekonozitu gabeko lanak egiten jarraitzea: zaintza lanak, etxeko lanak, ugaltzea…
Eta egunerokoan nola eragiten digu heteroarauak?
Norbanakoaren egunerokoan eragiten du, bai beste pertsonekin harremanak izateko orduan, bai harreman sexualak edukitzeko, bai gure desioak adierazteko edota baita gure sentitzeko moduan ere. Jendaurrean non eta nola kokatzen garen, edota gure etorkizuna nola proiektatzen dugun baldintzatzen du.
Zein da Arrakala, zirrikitu bat haitzetan dokumentalak gure gizarteari egiten dion ekarpena?
Ekarpen interesgarria egin dezake, herri txikietan ere hausnarketa modu kolektiboan egiteko. Pertsona asko Madrilera, Bartzelonara edo Londresera joaten dira heteroarauak sortzen dien deserosotasunagatik, eta herri txikietan espazio seguru horiek ez dituelako aurkitzen. Horregatik, herrietan hori guztia lantzea oso garrantzitsua da. Eta ari gara. Adibidez, Azpeitian azken hogei urteotan ekainaren 28aren bueltan ekintzak antolatu dira. Antolatzen segitu eta beste bizi eredu batzuk ezagutzera ematea, aldarrikatzea eta azaleratzea oso garrantzitsua da. Heteroarautik at dauden bizi-ereduak bilduko dituen herri bat aberatsagoa baita. Era desberdineko familiaz osatutako eta askotariko desioak askatasunez bizitzeko aukera ematen duen herri batean herritar denak irtengo dira irabazian.
Leave a Reply