Emakumeen kontzientzia garatu izanak eraso gehiago salatzea ekarri duela uste du Idoia Trenor Bilgune Feministako kideak (Donostia, 1984). Erasoei autodefentsaz erantzun behar zaiela uste du, eta balio feministetan oinarritutako jaiak eraiki behar direla. Maiatzean, helburu horrekin kaleratu zuen Bilgune Feministak Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala.
Jaiek “jendarte ordena” erreproduzitzen dutela diozue.
Bai, hori diogunean, gehienbat, jaien antolaketako rolen banaketaz ari gara: zeinek muntatzen dituen gauzak, zein arduratzen den garbiketaz, gaupasa egin ondoren zeinek prestatzen duen bazkaria… Horrez gain, modu areagotuan erreproduzitzen dira eraso sexistak. Alkoholak edo drogek sortzen duten euforia horrekin areagotu egiten dira erasoak, eta, gainera, badirudi justifikatuta daudela. Gure ustez, jaiak ez dira zerbait isolatua, gure gizartean bertan dauden elementuak dira, eta gizarteko ordena islatu egiten da festetan.
Eraso sexistak bortxaketekin soilik lotzen dira sarri.
Ez dira hori soilik, eraso sexistak edonolakoak izan daitezke: irainak, titiak edo ipurdia ukitzea, hizkuntza sexista erabiltzea… Are gehiago, egitarauan erabiltzen den iruditegia edo hizkuntza ere sexista izan daiteke; egitarauaren barnean antolatutako zenbait ekintza ere erasotzat har daitezke. Hori kontuan izanda, nik ez dut ezagutzen festaren batean eraso sexistarik jasan ez duen emakume bakar bat ere.
Salatzen al dira eraso horiek?
Uste dut geroz eta gehiago salatzen direla, eta horregatik dugu erasoen inguruko informazio gehiago ere. Orain badirudi lehen baino eraso gehiago gertatzen direla, baina ez da hala; erasoak beti egon dira, kontua da orain jende gehiago animatzen dela salatzera, emakumeon kontzientzia garatuago dagoela esango nuke. Kontzientziazio eta erantzun dinamiketan aurrerapauso handiak eman ditugu, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko: bortxaketa bat berehala identifikatzen dugu, baina ukitu bategatik ez dugu salaketa sozialik egiten.
Autodefentsa feministaz erantzun behar dela diozue.
Hiru elementu batzen dira horretan. Auto, batetik, norberak egin beharreko zerbait eta aldi berean norbanakotik kolektibora eraman beharrekoa delako. Defentsa, bestetik, geure burua defendatzeko eskubidea dugulako eta defentsa beharrezkoa delako eguneroko bizitzan jasaten ditugun erasoei aurre egiteko. Eraso sexistak egiturazkoak direlako eta egitura horren aurrean defendatu egin behar dugulako. Eta feminista, azkenik, eraldaketarako ezinbestekoa delako.
Ze prebentzio lan egiten duzue?
Jaien aurretik, hainbat herritan autodefentsa feministarako tailerrak antolatzen ditugu. Erasoen aurkako kontzientzia lantzeko eta kolektibotasuna indartzeko. Eraso sexistak identifikatzeko lanketa ere egiten dugu, baita erasoen aurreko erantzunen ingurukoa ere. Azken finean, emakume bati eraso egiten diotenean, denok biktimak garela ulertzen dugu, eta uste dugu eraso baten aurrean edozein erantzun dela zilegi: kolpe bat izan daiteke, edo beste nolabait erantzun daiteke.
Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala egin duzue. Zer erakusten du horrek?
Gai asko lantzeko aukera eman digu, baina jai eredua bera zalantzan jarri dugula esango nuke. Guk jai eredu feminista aldarrikatzen dugu, balio feministetan oinarritutakoa. Hortik abiatuta, landu dugu jai eredu feminista eraikitzeko zer-nolako osagaiak hartu behar ditugun kontuan: antolaketa bera, parte hartzea, erabiliko den hizkuntza, antolatuko den egitaraua, eskainiko diren ekintzak… Dokumentalarekin eztabaida hori herrietan egotea nahi izan dugu; batez ere, festa batzordeetan, kultur taldeetan eta txosna batzordeetan dabiltzanen artean landu dadila.
Leave a Reply