Tolosan bikotekidea hil zuen pertsonaren lekukotza entzun dugu hilabete honetan, epaiketaren harira. Epaituak honela zuritu zuen hilketa: defentsa ekintza izan zela, bikotekideak eraso egin ziola, mailu batekin kolpatu zuela, aizto batez defendatu behar izan zuela bere burua. Lagun batek hala esan zidan: “Hara, ez dago sinesterik, emazteak mailu batez kolpatu zuela…”. Sinestezina zitzaion horixe, emazteak mailua hartu izana, halako biolentziaz ekin izana.
Lagunaren iritzi horrek zer pentsatua eman zidan, eta liburu hau gogora ekarri: Esposas nefastas y otras aberraciones: el dispositivo jurídico como red de construcción de feminidad (Diletants, 2013), (Emazte dohakabeak eta beste zentzugabekeria zenbait: lege-egintzak feminitate eraikuntzarako sare). Saiakera horretan Laura Macayak bikotekideei edo maitaleei eraso egin dieten emakumeen kontrako epaiak aztertu ditu, diskurtso horietan eraikitako feminitate ereduak azalerazteko asmoz. Macayak dioenez, diskurtso juridikoek emazteek eta neska-lagunek bete beharreko genero arau orokortu hau irudikatzen dute: etxekoak edo bikotekideak zaintzea eta babestea. Hortaz, bikotekideei edo maitaleei eraso egitean, emakume horiek zigortu egiten dira erruz. Zigorra ezartzerakoan, zer irizpide eta zer diskurtso erabili diren jakiteko, besteak beste, objektu edo armen arabera epaileek ekintza nola baloratu duten aztertu du Macayak.
Kasurik gehienetan emakumeek labana edo aiztoa erabili dute, etxeko zereginetan esku artean izan zezaketen tresna bat, alegia; kasu horietan, defentsa ekintzaren alde errazago egin dute epaileek. Bestelako objekturen bat erabili izan denean, defentsa ekintzaren zantzurik antzemateko zailtasunak nabari dira. Adibidez, maltzurkeriatzat jo zuten —eta hala zigortu— hilketa bat, erasoa hotz egin zelakoan, eta berez ez zegokion objektua erabili zuelako armatzat emazteak, senarraren mankuerna. Nahiz eta emakume horrek 35 urtean tratu txarrak jasan zituela frogaturik egon, epai horretan bertan.
Izan ere, genero identitate markatzaile indartsuak dira gorputzaz besteko zerak ere: objektu, tresna, apaingarri zein tramankuluen bitartez baieztatzen da genero identitatea —edo auzitan jarri—. Tolosako epaituak ere, azken batean, emazteak eraso egin ziola adierazteko eta eraso hori sinesgarri egiteko beharrezkoa zuen emakume dohakabe eta bortitz bat irudikatzea. Aizto batez eraso izanak ez luke ankerkeria hori adieraziko, etxeko —areago, sukaldeko— tresna delako, feminitate ereduari loturikoa, eredu orokortuan hausturarik edo arrakalarik ez dakarrena.
Leave a Reply