“Gure eskolaren misioa da Goierri garatzen laguntzea “

Goierri Eskola herritarren eskutik sortu zen, 1964an. Hamabi guraso elkartek eta hainbat enpresak aurreikusi zuten eskualdeko lantegiek eskulan kualifikatua beharko zutela, eta gazteak prestatzeko proiektua jarri zuten martxan. Eskola garatzen joan da geroztik, eta, egun, ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditu, besteak beste. Iñaki Zabalo (Ordizia, 1968) da zuzendaria. Zabalok argi du zein den eskolaren zeregina: eskualdearen unean uneko beharrei erantzuten laguntzea.

Goierri Eskolak 50 urte bete ditu aurten. Zenbat ikasle pasatu dira eskolatik?

8.200 ikasle inguruk lortu dute lanbide heziketako titulua. Horietako gehienak, gainera —%90etik gora—, eskualdeko enpresetan ari dira lanean. Horiez gain, beste 9.000 bat langile ere igaro dira gure eskolatik, haien gaitasun teknikoa hobetzeko helburuarekin. Bestalde, 2001etik ingeniaritza ikasketak ere eskaintzen ditugu eskolan. Dagoeneko 400 ingeniari lizentziatu dira.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin zenuten ekainaren 25ean. Herritarren elkarlana goraipatu zenuen han. Zergatik?

Zalantzarik gabe, herritarren lana ezinbestekoa izan delako eskola aurrera ateratzeko. Nondik sortu zen ikusi besterik ez dago horretarako. 1960ko hamarkada hasieran gogoeta bat egin zuten hainbat herritarrek. Antzeman zuten eskualdeko enpresek garapen sakona izango zutela eta eskulan kualifikatua beharko zutela. Garai hartan, CAFek bakarrik zeukan eskola bat. Eskualdeko beharrak ikusita, hainbat enpresa eta eskualdeko hamabi guraso elkartu, eta martxan jarri zuten lanbide heziketako eskola sortzeko ideia. Geroztik, apurka-apurka, garatzen joan da ideia hura. Herritarren elkarlanaren ondorioz sortu zen eskola. Horregatik diot elkarlana ezinbestekoa izan dela.

Elkarlan horren emaitza da 1986an sortutako Goierri Fundazioa ere?

Bai, hori da. Goierri Fundazioaren sorrera da beste giltzarri nagusietako bat. Eskola garatzen ari zen, eta, fundazioa sortuta, eskualdeko udalek bere gain hartu zuten proiektua. Horrek egonkortasuna eman zion eskolari. Alde batetik, garrantzitsua izan zen eskolari izaera publikoa aitortu ziotelako. Bestetik, kontuan hartu behar da udalez gain hemezortzi enpresa ere badaudela fundazioan. Eskualde mailako topagune bat da fundazioa. Denon artean erabakitzen dugu zein pauso eman.

50 urtean gauza asko gerta daitezke. Une zailak ere igaroko zenituzten, ezta?

Bai, noski. Beti daude momentu zailak, eta guk ere igaro ditugu. 1990eko hamarkadan, esate baterako, Goierrik krisialdi gogorra jasan zuen. Egun, langabezia tasa %13koa da eskualdean; bada, 1991n, %18koa izateraino iritsi zen. Beste une zail batzuk ere izan ditugu, baina, une horietan, elkarlana sustatuz eta denen iritziak kontuan hartuz gai izan gara erronka berriei aurre egiteko. Eskola betidanik saiatu da errealitate berrietara egokitzen. Pentsatzen ari gara une oro, non gauden eta norantz jo behar dugun. Ariketa hori egitea beharrezkoa da. Garai onetan, zein txarretan.

Esango zenuke errealitate berrietara egokitzen jakitea izan dela eskolak aurrera jarraitzeko gakoetako bat?

50. urteurrenaren harira, liburu bat egiten ari gara, eta haren egileetako batek esaten dit Goierri Eskolaren DNAn dagoela zer egiten ari garen zalantzan jartzea. Ez gara geldirik egoten. Garrantzitsua da erronkak aurreikustea. Azken batean, hori da gakoa: lanean jarraitzea, geldirik ez egotea.

Etengabe egokitzen ari zaretela esan duzu. Alde horretatik, eskaintza berriak sortu dituzue. Osasun arloan, adibidez.

Duela lauzpabost urte antzeman genuen eskualdean menpekotasun egoeran zeudenei arreta eskaintzeko pertsona kualifikatuak behar zirela. Udal batek egin zigun eskaera, eta lanean jarri ginen. Joan den ikasturtean jarri genuen abian, eta arrakasta izan du. Orain arte, industriari lotutako eskaintzak egin izan ditugu, baina egokituz joan gara. Ez ikasketa arautuan soilik, langabeak etengabe formatzen jarraitzea ere bai baita gure nahia. Gure eskolaren misioa da tresna bat izatea Goierri garatzen laguntzeko.

Zuen eskolan hasieratik izan dute lekua emakumeek. Orain ohikoagoa dirudi, baina 1960ko hamarkadan ez zen hain ohikoa.

Gure eskolak hasieratik landutako balioetako bat da berdintasuna. Gurean hasieratik izan dute lekua emakumeek. 1965eko lehen promozioan dagoeneko bazeuden emakumeak. Horietako asko eskualdeko enpresetan aritu dira geroztik. Emakumeen presentzia hasieratik izan dugu eskolan: lanbide heziketako ikasketetan, ingeniaritza ikasketetan. Gustatuko litzaigukeela gehiago izatea? Bai,baina apurka, behintzat, ari gara urratsak egiten.

Eskolak zer eskaini dio Goierriri?

Kontuan hartu behar dugu gurea oso eskualde txikia dela. Eta, hala ere, ikusi Goierriko zenbat enpresak egin duten lekua nazioarteko merkatu handietan. Sektore askotan erreferentzia dira bertako enpresa asko: sektore energetikoan, garraioen sektorean… Lorpen handia da hori eskualde txiki batentzat. Askoren lanari esker lortu da hori, eta, besteak beste, Goierri Eskolaren ekarpenari esker. Gure ekarpena izan da langile kualifikatuak prestatzea, gero kalitatezko produktuak egiteko.

50 urte barru nola imajinatzen duzu Goierri Eskola?

50 urte barru ere gustatuko litzaiguke tresna baliagarria izatea eskualdearentzat. Ez dakigu nolakoak izango diren datozen urteak, baina ziur gaude orain arte bezala elkarlana bultzatu beharko dugula, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Ezinbestekoa izango da eskualdeko eragile guztiek norabide berean lan egitea. Eguneratzen joan behar dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.