Sei urte daramatza Aitor Oleak (Durango, 1965) Bergarako organoen zaindaritzan, eta “oso harro” dago. Organo jotzaileek instrumentua ezagutarazteko ardura dutela uste du; jotzeaz gain, jendea hezi behar dutela.
Nola hasi zinen organoa jotzen?
Aspaldiko kontua da; lengoaia musika ikasten bospasei urterekin hasi nintzen. Batxilergoa bukatu nuenean, Donostiako kontserbatorioan hasi nintzen. Han, Koruko Ama Birjinaren basilikan Jose Manuel Azkuek jotzen zuen, eta haren kontzertu batera joan nintzen. Ikusi nuenean eskuekin eta hankekin nola jolasten zen organoan, “nik hau ikasi beharra daukat”, pentsatu nuen.
Bergarako organista zara.
Bai. 2008an, hemengo organo jotzaile titular izendatu ninduten. Bergaran bi eliza daude, Santa Marina eta San Pedro, eta bietan arduratzen naiz organoa jotzeaz. Organo jotzaile titularra izateak ardura bat dakar. Organoaren zaindari eta erabiltzaile naiz; nire ardurapean dago. Horrez gain, behartuta nago urtean behin kontzertua eskaintzera.
Baina ez zara horretatik biziko.
Ez, klaseak ematen ditut Gasteizko kontserbatorioan. Hala ere, ogibidea ez dudan arren, oso harro nago San Pedroko organoaren arduraz. Stotz-Freres etxeak egindako hau jatorrizko egoeratik gertuen dagoen munduko organorik handiena baita. XIX. mendeko musika jotzeko oso instrumentu ona da; historiarekin konektatuta egoteko aukera bat da. Uste dut organista izateak autonomoa egiten duela pertsona, esparru melodiko eta harmoniko osoa kontrola dezakeelako. Haize instrumentua da, baina, era berean, teklatuarekin eta hankekin jotzen da. Margolariak koloreak edo sukaldariak osagaiak irabiatzen dituenean bezala, organoaren jokoak nahasiz soinu berriak sortzea oso aberasgarria da.
Zer da organoa elizatik at?
Kontuan izan, izatez, organoa guztiz profanoa dela. Mesopotamia aldeko izkribuen arabera, III. mendekoa da lehen organo antzekoa. Mosaiko batean ikusten denez, zazpi notako teklatu batez eta urez erdi betetako bi hodi handiz osatua. Greziarrek ere kantuen sostengurako baliatu zuten; Neron enperadorea ere organista izan zen. Aro gotikoan, XIII. mendean sartu zen organoa elizetan egungo itxurarekin: altzairu erraldoia, aurrealde fonikoa… Egia da elizen arkitekturak ematen duen akustika oso ona dela halako organoentzat.
Organo prestigiodun asko daude Gipuzkoan, ezta?
Bai, 150 organo baino gehiago daude, eta prestigio handikoak, gainera; esango nuke Espainia mailako onenetarikoak direla. Zaharrenetarikoa Ataunen dago, 1721ean Lorenzo Arrazolak egindakoa. Gainera, hemengo organo egileak mundu osora hedatuta zeuden, izkribu ugarik erakusten dituzte euskaldunen abizenak.
Jendeak ez al du urruneko musika tresna gisa ikusten?
Bai, baina elizetan kokatuta dagoelako gehienbat. Hala ere, instrumentuak elizaren barnean literatura izugarria badu ere, badu batere erlijiosoa ez den aldea ere. Edozein instrumenturekin konbina daiteke; nik egin ditut kontzertuak txistuarekin, pianoarekin edo txalapartarekin. Organo jotzaileen egitekoa da jendeagana hurbilaraztea, bai organoa joz, baita jendea heziz ere.
Noiz arte izango zara organista?
Inoiz ezin da esan noiz arte, baina ni bertan bukatzeaz ere oso pozik egongo nintzateke. Aitita zahar bat bezala dago, eta bere erritmora egokitu behar du organo jotzaileak. Ni horretan saiatzen naiz, eta bizi naizen artean halaxe segituko nuke.
Leave a Reply