Eider Goenaga Lizaso
Duela 40 urte, irailaren 27an, 39 ikaslek hasi zuten ikasturtea Irakasle Eskolan, Eskoriatzan. Hura izan zen Huhezi Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen abiapuntua. San Viator komentuan —fakultatearen gaur egungo eraikin nagusian— hasi zituzten eskolak, zubiaren beste aldean egiten ari ziren Dorleta eraikina amaitu gabe zegoelako. Irakasle euskaldunen lehen harrobi bilakatu zen. “Garai hartan ez zegoen irakasle euskaldun tituludunik”, azaldu du Jesus Garmendiak, hamabost urtez Huheziko zuzendari eta lau urtez dekano izandakoak (Azkoitia, 1941). Hutsune hori bete beharra zegoela sinistuta sortu zuten, hain zuzen ere, Irakasle Eskola, hezkuntza kooperatiba moduan.
Debagoieneko hezkuntza kooperatibak batzen zituen Hezibide elkarteak abiatu zuen prozesua. “Baina sorrera nahiko korapilatsua izan zen”, dio Garmendiak. Salamancako Unibertsitate Pontifikoari atxikita zegoen Luis Vives fakultateko gela bat gehiago izan ziren, bi urtez. “Hango irakasleak etortzen ziren gure programak gainbegiratzera eta ebaluazio aktak sinatzera”. Espainiako Hezkuntza Ministerioak 1978an eman zion onespen ofiziala.
“Ilusio handiz bizitako prozesua” izan zela azaldu du Garmendiak, eta sorreran parte hartu zuten kideen errepasoa egin du. Hezibideko zuzendari Jabier Retegi “funtsezkoa” izan zela dio; Felix Ormaetxea gero lehenengo zuzendaria izango zenak ere lan handia egin zuen fase horretan; eta eskolari egitura pedagogiko-akademikoa ematen, Ormaetxearekin batera, Juanjo Otaño, Fernando Etxeberria eta Garmendia bera aritu ziren, “unibertsitate munduan eskarmentu gutxikoak hirurok ere”.
“Bagenekien zerbait garrantzitsu ari ginela egiten”. Garmendiak dioenez, bultzatzaileek argi zuten “euskal hezkuntza baten beharra”. “Baina irakasle euskaldun tituludunik ez zegoen. Gerraosteko zapalkuntza zela-eta, jendeak baztertu egiten zituen irakasle ikasketak; eskola eta maisu-maistrak kanpoko zerbaiten moduan ikusten ziren. Ikastolak indartzearekin batera, ordea, euskal irakasle tituludunen beharra handia zen sortzen ari ziren gela guztiei erantzuna emateko”.
Ikastolako irakasle asko titulu gabe aritzen ziren lanean, Garmendiak oroitu duenez; lan handia egiten zuten, eta gaitasuna bazuten arren, “arazo bihurtzen ziren administrazioarentzat”. Hala, Irakasle Eskolak bi bidetatik eskaini zion konponbidea arazoari. “Batetik, irakasle euskaldun eta tituludun berrien formazioa bultzatuz, eta, bestetik, lanean ziharduten irakasle ez-tituludunei magisteritza programa berezi bat eskainiz”. Ikastoletan aritzen ziren 683 gora irakaslek lortu zuten titulu ofiziala programa berezi horri esker.
Arazoak
Irakasleak lortzeko izandako arazoak oso gogoan ditu Garmendiak. “Ate asko jo behar izan genituen pedagogo edo matematikari edo psikologo euskaldunak aurkitzeko. Hainbat gai erdaraz eman behar izan genituen lehenengo urtean. Hirugarren urtetik aurrera-edo, gauzak konponduz joan ziren”.
Arazo ekonomikoek ere pisu handia izan zuten hasierako urteetan. “Zerbitzu ugari eskaintzen zituen eskola txikia izanik, asko kostatzen zitzaigun kontuak ixtea; batez ere, ikasle kopuruak behera egin zuenean, 1985-1995 artean”. Hala ere, eskola ixtea inoiz ez zitzaien burutik pasatu, eta hezkuntza eta euskalgintzako beste hainbat jardueraren bidez lortzen zuten irakasleek kontuak berdintzea.
Curriculumarekin “nahiko askatasun” izan zutela azaldu du, halaber, Garmendiak. “Edukiak irakasle bakoitzaren esku uzten genituen. Baina ez genuen ulertzen euskara euskal kulturarik gabe. Guretzat, curriculumeko Historia Euskal Herriaren historia zen, eta Geografia, Euskal Herriko geografia…”. Hizkuntzarekin ere, zalantzarik ez zegoen. “Eskola beti euskal elebakartzat hartu dugu; ez dugu sinesten elebitasun sozialean”.
Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak eskainiz hasi ziren 1976ko irailean, baina etengabe hazten joan da eskaintza. Eskoriatzan, Haur Hezkuntzako graduak —orokorra eta atzerriko hizkuntzaren ibilbidea duena— eta Lehen Hezkuntzako graduak —orokorra, hezkuntza berezia, atzerriko hizkuntza eta heziketa fisikoa— eskaintzen ditu egun Huhezik; eta Aretxabaletan, berriz, Ikus-entzunezko Komunikazioa. HH eta LHko graduak online ere eskaintzen ditu, eta graduondo, master eta doktoretza programen eskaintza zabala da.
Garmendiaren arabera, Huheziren hazkundea kuantitatiboa zein kualitatiboa izan da. “Lehenengo begiradan, argi dago bilakaera kuantitatiboa izan dela. Lehenengo hogei ikasturteetan ez ginen inoiz 200 ikasletik pasatu; gaur egun, milatik gora dira. Eta gero, batez ere, kualitatiboa: eskaintza akademikoa erabat zabaldu da, aberastu, eta metodologia aldetik, bestalde, hasierako intuizio eta zalantza haiek utzi eta beste ziurtasun batekin ematen dira pausoak”.
Mondragon Unibertsitatea
Huheziren bilakaera markatu duen zerbait egon bada, hori, zalantzarik gabe, Mondragon Unibertsitatearen sorrera izan zen, 1997an. Goi Eskola Politeknikoa, Oñatiko Enpresa Zientzien fakultatea (ETEO) eta Irakasle Eskola unibertsitate bakarrean elkartu ziren, eta horrek, egonkortasuna ez ezik, bide berriak irekitzeko modua eman zion Huheziri. Orduan lortu zuen fakultate izaera. “Unibertsitate bilakatzeak, besteak beste, geure herriarentzat interesgarri jotzen genituen ikasketak martxan jartzeko aukera eman zigun”, zehaztu du Garmendiak.
Izan ere, kooperatibagintzatik sortutako fakultatea izanik, gizartearen beharrizanei erantzutea Huheziren izaeraren parte dela uste du Garmendiak. “Huhezi bere espazio propioak zabalduz joan da, begi bat bere jatorrizko izaeran edo karisman, eta bestea gizartearen behar-eskakizunetan jarrita”. Haren aburuz, “gizartearen beharrak detektatzeko eta horiei erantzuteko malgutasuna” da Huheziren ezaugarri nagusietako bat, unibertsitate baten eginkizuna izateaz gain.
Ikasleak
39 ikaslerekin hasi zen Irakasle Eskola lanean, eta, egun, gradu bakarreko maila batean dago ikasle kopuru hori. Ikasleen profila ere asko aldatu da. 40 urtean euskal gizartean eragiten liburuan hirugarren promozioko Santos Izagirreren hitzak jasotzen dira: “Nire asmoa ez zen irakasle izatea […] Ondoren bihurtu zen niretzat irakaskuntza bokazio. Gainera, konturatu gaztelaniaz jaso genuela guk irakaskuntza. Erdal mundutik gentozen. Niretzat euskal idazle ezagunena Pio Baroja zen; atera kontuak!”. Ia hiru hamarkada geroago hasi zituen ikasketak Sirats Santa Cruzek (Oñati, 1992), oso bestelako egoera batean. “Fakultatea etxetik gertu egoteak izan zuen bere pisua, noski. Bestalde, nik ikasketa guztiak euskaraz egin ditut, euskaraz hitz egin eta pentsatzen dut, euskara da nire ama hizkuntza; gazteleraz ez dut erraztasunez egiten. Niretzat inportantea zen unibertsitatean euskaraz funtzionatu ahal izatea”, azaldu du Santa Cruzek, ikasketak Huhezin egitea aukeratzeari buruz.
Izagirrek ez bezala, Santa Cruzek bazuen irakasle izateko asmoa LHko gradua hasi zuenean, baina beste bide bat hartu zuen, eta egun irakasle gisa dabil lanean; baina ez umeekin, Huhezin bertan baizik. “LHko gradua bukatu nuenean, Berrimet masterra egin nuen, bi urtez, eta aurten, doktoretza programa hasiko dudanez, aukera sortu zitzaidan hemen lan egiteko, eta horretan ari naiz. LHko 4. mailan eta HHko 1. mailan ari naiz eskolak ematen. Nire asmoa bazen umeekin lanean hastea, baina, ikasketekin aurrera egin ahala, ikerketa bidetik jotzeko aukera sortu zitzaidan, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Begirada pixka bat aldatu eta, oraingoz, horretan ari naiz”.
Duela 40 urteko ikasleek nekez irudikatuko zuten gaur egungo Huhezi, nekez irudikatuko zuten Santa Cruzek egin duen bidea egin ahal izatea; baina Santa Cruzi ere zaila egiten zaio ordukoa imajinatzea. “Kontatzen dizute, entzuten duzu, nire umetako irakasle izandakoak ere hemengo ikasle izan ziren… Esaten dizute honek ez duela zerikusirik ordukoarekin, baina niri zaila egiten zait ordukoa nolakoa izango zen imajinatzea”.
Garmendiak dioenez, “ikaslea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ardatz bihurtzea” zen sortzaileen helburua, eta Sirats Santa Cruzek, 40 urte geroago, irizpide hori nabarmendu du Huheziren jardunari buruz. “Hurbileko tratua da, pertsonalizatua, talde txikiak dira… Pentsa, nik lehenengo mailan 34 ikasle ditut, eta talde handia da; laugarren mailan, berriz, 23 ditut. Hezkuntza pertsonalizatu hori jasotzeko aukera izan zen hona etortzeko arrazoietako bat; gure dinamika asko oinarritzen da ikaslearen garapenean”.
Leave a Reply