Asier Perez-Karkamo
Duela urte batzuk bazen Hondarribiko Psilocybe Musika Elkartean beiragile bat, Psilocybeneako lokaletan jartzeko argi gorridun lanpara polit batzuk sortu zituena. Fluoreszenteak ere baziren han, baina OTC taldeko hiru kideek nahiago zituzten besteak, gorriak, entseatzen gozoago egoteko: ‘Kendu fluoreszente hori, eta jarri luz de putas‘, esan zuen behin musikarietako batek, eta barre egin zuten beste biek. Hirukoteko bik talde berria sortu zutenean, eta lehen kontzertuko kartelerako izen bat eskatu zietenean, esaldi hura etorri zitzaien burura: “Ba, jarri Luz de Putas, eta aurrerago aldatuko dugu”, gogoratu du Mikel Tife abeslariak. Bistan denez, ez zuten aldatu.
Bederatzi urte geroago, beste argi gorri baten azpian eserita dago Tife, Irungo Larreaundi auzoko lokalean, taldeko beste bi lagunekin batera. Diego Martinez tronboi jotzailea da, eta taldea sortu eta hilabete gutxira sartu zen. Peio Irigoienek tronpeta jotzen du, eta 2008 bukaeran elkartu zitzaien, maketa kaleratu berritan. Gainontzeko kideen zain daude, azaroaren 4an Psilocybenean eta 19an Lakaxita gaztetxean emango dituzten kontzertuak prestatzeko. Saio bereziak izango dira, agur esatea erabaki baitute.
Lagunak iritsi zain, atzera begira jarri dira hiru musikariak, eta bandaren hastapenak errepasatzen hasi dira. “Nik hamar zentimetro gutxiago nituen sartu nintzenean —esan du Irigoienek—, 16 urte. Abestiak ere desberdinak ziren. Kantu zaharrak errepasatzen ari gara, eta, bere garaian itzelak zirenak jotzean, ‘zer da hau?’, esaten dugu orain. Baina gure kantuak dira”. Martinez lehenago sartu zen, bigarren saxo bezala. “Nire lehen kontzertua Tunk aretoan izan zen, eta Oskarrek —beste saxoak— esan zidan: ‘Zuk nahi duzuna jo ezazu’. Gero entseatuz joan ginen, baina, hasieran, horrela izan zen”. Tifek baietz esan du buruarekin, eta erantsi du: “Bigarren saxo bezala sartu zen Diego, baina, kontzertu batean, ‘tronboi bat erosi dut’, esan zigun. Ez zekien jotzen, baina erraztasuna du edozein instrumentu jotzeko, eta ikasi zuen”.
Luz de Putas taldearen hasierako formazioa boskotea zen. Gero haizeak sartu ziren, teklistak utzi egin zuen, eta bigarren gitarra sartu zen. Bederatzi urtean beren musika ere asko aldatu dela uste du abeslariak: “Hasierako asmoa ska jotzea zen; Dr. Calypsoren kanta bat jotzen genuen, Skalariak taldearen abesti batzuk… Baina gero aldatu zen. Gu gazteak ginen, baina hauek [Peio eta Diegori begira] askoz gazteagoak, eta beste gauza batzuk entzuten zituzten. Gure gustuetatik, ondoan izan ditugun taldeetatik, bakoitzetik hartzen genuen zerbait. Ska oinarri bezala bai, baina estilo nahasketa bat da Luz de Putas”.
Taldekide gehienentzat euren lehen taldea izan zen, baina bizitza asko aldatu zaie. Taldetik kanpora, Irungo Musika Bandan, Kemen dantza taldean eta beste zenbait lekutan jotzen dute bidasoarrek. Esaterako, Tife ez beste guztiak Burrunba elektrotxarangako kideak dira, eta abeslariak, bere aldetik, talde berria du, Velozet. Gehiegi zela uste, eta erabakia hartu dute: “Iritsi da momentu bat sorkuntza aldetik ez genuena asko jasotzen, gure artean beste proiektu batzuk sortu dira, eta ondo bukatzeko momentua zela uste genuen. Hobe da hemen utzi eta ez behartu eta gaizki bukatu”, azaldu du Irigoienek.
Une gozoenean, adio
Hiru taldekideak ados daude une gozoenean utziko dutela. Tifek uste duenez, ematen du “momentu hoberenean” daudela: “Kontzertu bat ematen dugu, eta gustura bukatzen dugu. Sortzen ari ginen, bai, bagenituen bospasei abesti, baina kostatzen zitzaigun”. Martinezen hitzetan, erabakia hartu beharra zegoen, pena duen arren: “Erabaki genuenean pena pixka bat banuen, baina ondo. Hala ere, agur esateko eguna hurbiltzen den heinean, geroz eta pena handiagoa sentitzen dugu”.
Azaroan emango ditu azken kontzertuak Luz de Putas talde bidasoarrak, etxean. “Hondarribian entseatzen genuenez, bertakoak ginela esaten genuen —argitu du Tifek—, baina berez ni naiz taldeko hondarribiar bakarra. Orain Irunen gaudenez, ni, txiton”. Psilocybenean azaroaren 4an joko dute, ostiralez, hainbatetan agertokia konpartitu duten Sangre de Monorekin batera. Eta 19an azken festa, Lakaxitan, “baina gaztetxe barruan, hasierako urteetan bezala, lohian”.
Bata zein bestea kontzertu bereziak izango dira, eta buru-belarri ari dira entseatzen; besteak beste, aspalditik jo gabeko abesti batzuk berreskuratzen. “Guretzat kontzertu esanguratsuenak hemen izan dira —esan du Irigoienek—. Psilocybe berezia izan da, urte pila bat eman dugu bertan entseatzen, diskoa grabatu genuen, eta sala garrantzitsua da. Eta gaztetxean zergatik? Ba, gure etxea delako. Guretzat ere omenaldia izango da; oso ondo pasatzen dugu beti bi leku horietan”.
Etxean jo izan dutenean oso ondo pasatu dutela aitortu dute, baina Tiferentzat kontzertu bat izan da besteen gainetik: “Ehungarrena izugarria izan zen”. 2012ko Hondarribiko jaietan egin zuten, eta Irigoien bat dator abeslariarekin: “Ni ere horretan ari nintzen pentsatzen”. Martinezi ere begiak piztu zaizkio 100. zuzenekoa gogoratzean, baina, eskailerari begira [Alex Terrones baxua iritsi da lokalera], gehitu du: “Terrirentzat ez, lanean eskuak izorratu zituen, eta aurreko baxulariak jo behar izan zuen”. “Bueno, azken bi kantuak nik jo nituen”, zuzendu du Terronesek.
Gaztetxe gutxi izango da Euskal Herrian Luz de Putas taldearen kontzerturik ezagutu ez duenik. Areto txikietan eta herriko jaietan jo izan dute gehien, baina kanpora ere atera dira: “Euskal Herriko txoko pila batean jo izan dugu —nabarmendu du Irigoienek—, Bartzelonan bira bat egin genuen, beste bat Bretainian, Bordelen, Japonian… eta Rototomen”. Udaran jo zuten Rototom Sunsplash reggae jaialdian. “Oso-oso ondo atera zen. Nola jo genuen, itzela izan zen!”, esan du baxuak.
Europako reggae jaialdi handienetik bueltan, taldea desegitea erabaki du Bidasoko Luz de Putas ska-rock taldeak. Azaroaren 19an joko dute azkenengoz euren publiko fidelaren aurrean. Une gozoenean jaitsiko dira agertokitik, argi gorriaren distira inoiz baino nabariagoa denean.
Leave a Reply