Asier Zaldua
Ezkio-Itsaso herri berezia da benetan. Alde batetik, frankismoko dekretu batek elkartu zituen bi herrik osatzen dute: Ezkiok eta Itsasok. Itsasoarrek banantzea erabaki dute, eta datorren urte hasierarako bi udalerri izango dira. Bestetik, Ezkio-Itsaso herri txikia da, baina bere lurretan azpiegitura handiak ditu: zentral elektriko bat, autobide bat, bi industrialde… Gainera, AHTak alderik alde zeharkatzen du, eta bertan geltoki bat egiteko asmoa dute. Herria ezaguna da Igartubeiti baserri-museoagatik eta 1931n bi haurrek Ama Birjina azaldu zitzaiela esan zutelako ere. Garikoitz Aiesta alkateak (Ezkio-Itsaso, 1979) ez du aspertzeko astirik.
Aiesta 2012an heldu zen alkatetzara. Lau urte bete ditu karguan duela gutxi. Udalak egoera ekonomiko ona duela dio. “Kargua hartu nuenean udalak dirua zuen aurreztua, eta egun ere badu. Ezkio-Itsasok bi arrazoirengatik du egoera ekonomiko ona: azken urteotan ez dugulako etxebizitza promoziorik bultzatu eta ez garelako obra handitan sartu. Inbertsio txikiak egin ditugu. Arrisku gutxikoak”.
Aurten inbertsio handiagoak egiteko asmoa dute. “Altxortegia ukituko dugu, herri eskolako obra bukatzeko eta anbulatorioa tokiz aldatzeko. Lehen Hezkuntzako solairua egokituko dugu, haurrak maila horretara helduko direlako. Gainera, eskola kanpoko gune berdea txukuntzen ari gara. Hala ere, dirua edukitzen jarraituko dugu”.
Ezkio-Itsasoren diru iturrietako bat industrialdeak dira, baina buruhaustea ere badira. Izan ere, industrialde zaharrena bere garaian ez zen urbanizatu, eta lan hori egiteko dago. “Duela bi urte egin genuen azken lana. Obren kudeaketa guk egiten dugu, eta lanak enpresek ordaintzen dituzte. Egoera ekonomikoa ez da oso ona, eta, beraz, ez ditugu enpresak asko estutu nahi. Hori bai, pixkanaka urbanizazioa bukatu nahi dugu. Industrialde guztiak baldintza berberetan egotea da gure helburua”, jakinarazi du alkateak.
Abiadura handiko trena
AHTa ere ez da buruhauste makala. “Desjabetzeak egiten ari ziren garaian heldu nintzen udaletxera. Udalak bitartekari lana egin zuen Jaurlaritzaren eta lursail jabeen artean, lur jabeek ahalik eta diru gehien kobra zezaten. Obrari dagokionez, Ezkio-Itsason plataforma eginda dago, eta trenbidea, katenaria eta geltokia egitea falta da. Horri dagokionez, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ez digute erantzunik ematen. Aurreikuspenen berri emateko eskatzen diegu, baina ez digute ezer esaten. Madrilen zer gertatuko zain gaude”, azaldu du Aiestak.
Udala AHTaren aurka dago, herritarren gehiengo zabal baten nahiari erantzunez. “Beste alternatiba batzuk bideragarriagoak iruditzen zaizkigu, baina pragmatikoak izatea tokatu zaigu. Beste azpiegitura batzuen espedienteak mahai gainean izan genituenean sufritu genuena ikusita, bitartekari lanak egitea erabaki genuen, eragozpenak ahal zen neurrian txikitzeko. Erabaki gogorra izan zen, baina zentzuduna. Udal teknikarien eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien lanari esker, eragozpenak txikitzea lortu dugu. Ez dago desjabetze bat ordainduko duen dirurik, baina egoera juridikoak agintzen du”, esan du.
Ezkioko udal ordezkariek ez dute argi egunen batean trena martxan jarriko den ala ez. “Etortzen bada, ea noiz datorren. Eta etortzen ez bada, argi eta garbi geldituko da hanka-sartze galanta izan dela. Jakiteko kontu asko daude: Frantzia, Espainia eta Nafarroarekiko loturak, hiriburuetako sarrerak… Trena martxan jartzen bada, herriari onura ekar diezaion lan egingo dugu”.
Itsasoren banantzea ere guztien onerako izan dadin lan egingo dute. Itsasoarren eskaerak ez zituen ezustean harrapatu udal ordezkariak. Gainera, Aiesta Itsasoko Mandubia auzokoa da. “Bi herriak elkartu zituztenetik, itsasoarren berriro udalerri izan nahia olatu baten antzekoa izan da. Une indartsuak eta une lasaiak egon dira. Aurreko legealdian aukera hori aztertzen hasteko eskatu zioten udalari, eta gaiari heltzea erabaki genuen: aukerak ba ote zeuden aztertu, eta, aukera horiek bazeuden, zein bide jarraitu behar zen”.
Bidea pausoz pauso egin dute, eta duela aste batzuk galdeketa egin zen Itsason. “Argi eta garbi ikusi zen, gustatu edo ez, itsasoarren gehiengo baten nahia Ezkiotik bereiztea eta udalerri propioa izatea dela. Argi genuen itsasoarrek hori eskatzen baziguten beraien nahia gauzatzeko baliabideak jarriko genituela. Politika hala ulertzen dugu”, azaldu du alkateak.
Banandu ondoren bi herrietako bizilagunen arteko harremana naturala izatea espero du Aiestak. “Aurreko legealdian zazpi zinegotzitik bakarra zen Itsasokoa. Hori antinaturala zen, eta herritarren zati batek ez zuela hor egon nahi adierazten zuen. Hemendik aurrera bakoitzak bere kudeaketa izango du, eta ea horrek normaltasun batera eramaten gaituen”.
Hori bai, argi utzi nahi du ezkiotarren eta itsasoarren arteko harremanak ez dituztela moztuko. “Nahiz eta bakoitzak bere kudeaketa eraman, gauza askotan elkarrekin lan egitea komeni zaigu. Izan ere, horrek eraginkortasuna eta gastuen murriztea dakar”.
Baliabideen partekatzea
Hala, baliabide asko partekatu egingo dituzte. “Ikastetxea, anbulatorioa… partekatu egingo ditugu. Osasun etxea gabiriarrekin ere partekatzen dugu. Gainera, idazkariak eta aguazilak bi udalentzat lan egingo dute, eta autoa, traktorea, erremolkea… bionak izango dira”.
Bestalde, urtarrilaren 1etik aurrera bi udal egongo direnez, herritarrek orain arte baino gehiago parte hartzea erabat beharrezkoa izango da, Aiestak dioenez:. “Bai Ezkion eta bai Itsason herritarren parte hartzea orain arte baino handiagoa izan beharko da. Udalerri txikiak bideragarriak dira, baina horretarako herritarrek herriaren alde lan egin behar dute”.
Leave a Reply