Danel Agirre
Zerbitzari dabilen ezagun batek kontatu zidan baduela ostegun arratsaldero tabernara etortzen zaion espainiar kuadrilla bat. Agurtu, kafe merkeenarekin eseri, eta kexaka hasten omen dira astero, deiadarka, Berlinen eskandalutzat hartu ohi den bolumenean. Pisukideak, enplegu bulegoko funtzionarioak, garestitzen ari den hiria, diskoteketako atezainak, aitzakia egokirik gabe egun horretan bertaratu ez diren beste adiskideak, Mariano Rajoy, aukeratu duten bizimodua ulertzen ez duten familiak. Guztientzat eta gehiagorentzat banatzen omen dituzte pozoi erronda eskuzabalak, luze, diziplinaz, hitzordu bakoitzean hartzaile bat bera ahaztu gabe. Nire ezagunak dio bizitza arrangura batean pasatzea oso ezaugarri espainiarra iruditzen zaiola. Harridura gehien eragiten dion fenomenoa zera da: bere bezeroek ez diruditela askotan umore txarrez daudenik ere, algarak ere entzuten dizkielako. Guztiaz protestatzea sozializatzeko modu dutela uste du. Ez dutela beste elkarrizketa formaturik lantzen.
Zerbitzariak kuadrilla hori aipatu zidan, biok egunkarian kexari buruzko erreportaje bikain bat irakurri berritan ginelako. Sare sozialak agertu direnetik protestaren zarata jasanezin bilakatu dela deitoratzen zuen egileak. Gaizki dagoena salatzeko edo hurkoaren gaitzespenak partekatzeko baliatzen direla gehienbat, eta erabiltzaileek oso urrun dituzten mila arazo bere egin, umorea ozpindu eta efektua biderkatzeari ekiten diotela. Kexa mende berriko plaga arriskutsuena dela zioen soziologo batek erreportajean, eta Europa zatitzen ari bada hein handi batean fenomeno psikologiko konplexu horri egotzi behar zaiola errua. Kexez oso kexu zen tipoa, bistan denez.
Etxera itzuli eta hemerotekara jo nuen nik, zutabe hau idazten daramadan tartean asko kexatu ote naizen egiaztatzeko. Beldurtu egin nintzen: artikulu bakoitzean protesta nekagarri bat ez, lau edo bost konbinatzeko ere gai izan naiz azken urteotan. Hastapenetan baditut pare bat pieza alai, baina salbuespena dira negatibotasun basamortu sikuan. Eta ez da kontsolamendua, baina ez naiz bakarra. Irakurri egunkari honetako zutabegileak astebetez, eta Euskal Herria infernuko zuloa dela izango da zure ondorio posible bakarra. Eta lurrak txiripa hutsez jarraitzen duela biraka.
Gauzak horrela, erabaki irmoa hartu berri dut. Ikasturtea bukatu arte izokinen moduan egingo diot aurre protesten korronteari, eta gustuko ditudan edo primeran iruditzen zaizkidan horietaz idatziko dut soilik. Kexei buruz kexatzeko gehiegi ez naizela kexatu espero dut. Eta ez kezkatu, puska batean azkenekoz izan baita.
Leave a Reply