Agintaldi hasieratik, berdintasunaren gaia modu berezian ari dira lantzen Beasaingo Udalean: batzorde bat sortu, arduradun politiko bat izendatu eta berdintasun saila jarri zuten martxan, baita hura kudeatzeko teknikari bat izendatu ere.
Berdintasun Foroa jarri zuten gero abian, eta herriko Asmube emakume elkartearekin harremanak estutu zituzten. Foroan berdintasunaren gaian sakontzen hasi ziren heinean, esparru bat adosteko beharra ikusi zuten, eta hala hasi ziren Beasaingo I. Berdintasun Plana osatzen. Baina, bide horretan, Berdintasun Foroko kideek gaiaren inguruan gehiago prestatzeko beharra ikusi zuten, eta, hala, eskaera egin zioten udalari.
“Foroan, hainbat gai landuz joan dira; hilean behin elkartzen dira kideak, eta, gaiak lantzen aritu arren, gainetik lantzen zituztela konturatzen ziren; gai horietan gehiago sakondu beharra nabarmendu zuten, eta horregatik jo zuten udalera”, azaldu du Zezilia Herrador Beasaingo Berdintasun zinegotziak.
Udalak, proposamena onartu, eta hamar saioko ikastaro multzoa antolatu du. Saio bakoitzeko gai bat landuko dute, irailaren 12tik ekainaren 12ra bitartean. Herradorrek azaldu duenez, “bizitzako hainbat alorretan gertatzen diren emakumeen aurkako desberdintasunen, bazterkerien eta indarkeriaren oinarriak ulertzeko, lehen maila edo oinarrizko ikastaroa izango da; emakumeei zuzendutakoa eta doakoa”. Ikastaroan parte hartzeko izena ematen dutenak hilean behin bilduko dira, udaletxeko batzar aretoan. Saioak ostiralez izango dira 17:00etan hasi eta 19:00etara arte.
Emakumeentzako
Emakumeentzakoak izango dira ikastaroak. “Oraingoz, emakumeak bakarrik joaten dira Berdintasun Forora, nahiz eta gizonak etortzea gustatuko litzaigukeen”. Horregatik, lehen ikastaro multzoa andreentzat egitea iruditu zaie egokiena. “Hala ere, gizonek interesa erakutsiko balute, beste ikastaro multzo bat ere antola liteke, arazorik gabe; haientzakoa edo mistoa izan daiteke. Oraingoz, gizon bakar batek ere ez du interesik agertu, baina, guretzat ez du zentzurik gai hau emakumeek bakarrik lantzeak; beraz, gizonak ere animatzen ditugu foroan parte hartzera, eta, horrela, haientzako ikastaroak ere egingo genituzke”. Emakume gazteei ere dei berezia egin diete, Berdintasun Foroan gehienak helduak direlako.
Izena, irailaren 10erako
Herradorrek azaldu duenez, “dagoeneko jende dezentek eman du izena”, baina oraindik badago aukera Berdintasun Forora ikastaroan parte hartzeko, irailaren 10era bitartean zabalik egongo baita izena emateko epea. Ikastaro guztietara joan nahi ez dutenek edo ezin dutenek, izango dute entzule moduan ikastaro solteetara joateko aukera ere, baina Eli Manterola Berdintasun Teknikariak azaldu duenez, “komenigarria da konpromiso bat hartzea”. Beasaindarrez gain, Gipuzkoako beste herri batzuetako emakumeek ere izango dute aukera ikastaroetara joateko, irekia izango baita .
Beatriz Zalakain hezitzaileak emango ditu ikastaroak. Garaipen elkarteko kidea da Zalakain, eta, besteak beste, hainbat ikastaro eman ditu zenbait herritan martxan dauden jabetze eskoletan.
Leave a Reply