Arkitekturako ikasketak egiten ari zen bitartean egin zuen bitxigintza ikastaroa, Bartzelonan. Bitxiak egitea ez du bizibide Aitziber Esnaolak (Zarautz, 1978), baina ordu batzuk eskaintzen dizkio lan horri. Orion bizi da gaur egun, eta irakaskuntzan dihardu. “Badira bost urte-edo arkitekturako lana utzi nuela. Gero, irakasle ikasketak egin nituen, eta, orain, irakasle ari naiz lanean”.
Arkitekto, aurrena, eta irakasle, orain; zer da bitxigintza zuretzat?
Arkitekturako ikasketetako azken ikasturtean, zilarra lantzeko ikastaro bat egin nuen Bartzelonan. Ordutik, bitxigintzan jardun dut, eta hortik ateratzen dudan diruak nire prestakuntza ordaintzeko balio dit. Batetik, bitxi berriak egiteko inbertitzeko erabiltzen dut dirua, eta, bestetik, masterrak eta eginda dauzkadan aparteko ikasketak ordaintzeko aukera ematen dit. Helburu horrekin jarduten dut bitxigintzan.
Eta zerk erakarrita hasi zinen bitxiak egiten?
Bitxigile batekin zilargintzako urtebeteko ikastaroa egin nuen, zilarra diseina eta lantzeko. Arkitektura eskolan nengoen bitartean, irudipena neukan lan denak proiektuak zirela, eta ez zirela gauzatzen, airean gelditzen zirela. Zilarra lantzeak plazer hori eman zidan: burutik pasatutako gauzak eskuetatik ateratzea. Piezak egin eta bukatu egiten nituen: gauza txikiak, belarritakoak eta dena delako piezak, hasi eta bukatuz. Orduan, zilarra lantzen hasi nintzen.
Zer du bitxigintzak?
Sormena da, eta piezen prozesua bera bizitzeko aukera ematen dit.
Zilarraz gain, beste materialik lantzen al duzu bitxiak egiteko?
Zilarrarekin hasi nintzen, baina gero, Bartzelonatik itzuli nintzenean, bitxiak gomarekin egiten hasi nintzen. Gaur egun, deigarriena hori da, ia dena goma elastikoarekin egiten dudala. Umeak ginenean, saltoka ibiltzeko erabiltzen genuen goma, eta halakoa erabiltzen dut bitxiak egiteko .
Asko kostatzen al zaizu materiala lortzea?
Batik bat, Bartzelonatik ekartzen dut. Asko kostatzen zait nik nahi ditudan koloreak aurkitzea, eta ia gehienak Bartzelonatik eskatzen ditut, baita zilarrezko materiala eta bitxien diseinua bukatzeko behar ditudan beste material gehienak ere.
Beste materialen bat probatzeko gogorik ba al duzu?
Ez, oraingoz, ez. Asebeteta sentitzen naiz lantzen dudanarekin. Gauza berriak egiten ari naiz, eta lantzen dudan materialari oraindik ez diot mugarik ikusten.
Arkitekturako ikasketek balio izan al dizute bitxigintzarako?
Diseinu aldetik, bai. Azkenean, gauzak diseinatu, bozetoak edo marrazkiak egin, eta gero horri forma emateko. Zerikusia badute, eta batak bestean eragina izango zuela pentsatzen dut.
Garaiaren arabera, bitxi batzuk edo besteak ere egoten dira modan. Horretara ere moldatzen al duzu zure lana?
Egia esanda, konturatu gabe egiten da batzuetan. Adibidez, diademen garaia izan zenean gehiago egiten nituen, baita paparrekoak ere. Paparreko orratzak modan daude oraindik ere. Baina, gaur egun, dena jaitsita dago, salmentak asko jaitsita daude. Nik neuk, diseinuzko belarritakoak saltzen ditut errazen; horiek izaten dira erakargarrienak. Ni ere, askotan, horiekin aritzen naiz gustura.
Artisau eran egiten duzu lana.
Bai, pieza bakoitza bakarra da, seriean egindako ezer ez daukat, eta dena eskuekin lantzen dut. Ez dut lan egiten modu mekanizatuan.
Azoketan parte hartzen al duzu?
Bai, igande honetan daukat bat, Zarautzen; eta hurrengoan beste bat, Lasarte-Orian.
Erraza al da artisau azoketan parte hartzea?
Gaur egun, ez da erraza. Eskari handia dago, krisiarekin jende asko hasi da gauzak egiten; noski, bere zentzu ederrenean. Baina, azoketan parte hartzeko zaila dago gaur egun.
Inguruko herrietako azoketara edota kanpokoetara joaten zara gusturago?
Ez dakit; baina, aurreko batean, Zumaian egon nintzen postuarekin aurrenekoz, eta konturatu naiz harrera ona edukitzen dutela, bereziak dira. Niri gustatzen zait azokan jendea ibiltzea, harrera ona egiten diolako. Neure herrian ere gustura egoten naiz, jendea ikusteko eta batzuekin eta besteekin hitz egiteko. Niretzako tarteak izaten dira, eta asko gozatzen dut, jendaurreko harreman zuzen hori oso gustukoa baitut.
Eta herrietako festetan, jartzen al duzu postua?
Ez, artisau azoketan bakarrik parte hartzen dut. Azoketara joateko ere antolatu egin behar izaten dut, eta ez da nire ogibidea.
Beste biderik erabiltzen al duzu zure bitxigintzako lan hori zabaltzeko?
Sare sozialetan ere badut orri bat, eta zenbait dendetatik ere eskatu didate, baina ezezkoa eman dut. Orain, lagun batek eskatu dit, ordea, eta, ziurrenik, baietz esango diot.
Inoiz gelditu al zara piezaren bat saldu nahi ez duzula?
Bai, batzuekin gelditu naiz, baita lagunentzako beste zenbaitekin ere. Saltzen jartzeko, oso konbentzituta egon behar dut.
Inoiz pentsatu al duzu bitxigintzatik bizitzea?
Ez, uste dut ez duela ematen. Egunerokoan ezin da mantendu. Bitxigintzak nire bizitzako gauza batzuk asetzen ditu.
Leave a Reply