“Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko”

Jose Mari Kalonjek (Donostia, 1967) pilotari gisa parte hartutako finaletan baino gehiago sufritu zuen joan den igandean. Donostiako taldeko entrenatzailea da Kalonje, eta bere taldea 3-0 nagusitu zitzaion Oiartzuni Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalean: 22-12, 22-21 eta 22-11. Duela hilabete batzuk zendu zitzaion ama, eta hari eskaini dio txapela. “Oso pilotazalea zen; ziur txapelak ilusio handia egingo ziola”.

Hamasei urteren ondoren, Donostia txapeldun berriz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Pozik, ezta?

Bai, gustura. Egia esan, ilusio handia egin digu txapelak. Beti da pozgarria txapelketa bat irabaztea, eta are gehiago azken txapela irabazi genuenetik hamasei urte igaro direnean.

Bazenuten zer ospatua, beraz. Asko luzatu al ziren ospakizunak?

Nirea ez asko, jada kanpoan bainago. Finalaren aurretik ere gaua bidaiatzen pasatu nuen finalera iristeko. Gero, segituan, alde egin nuen berriz. Baina bai, finalaren ondoren guztiek elkarrekin bazkaldu genuen jatetxe batean. Giro bikaina zegoen gure artean.

Txapelketa luzea izan da zuentzat. Lau kanporaketa gainditu behar izan dituzue finalera heltzeko. Maiatz hasieran, txapelketa martxan jarri zenean, espero al zenuten txapela lortzea?

Esperantza bagenuen zerbait egiteko. Baina hemen kontuan hartu behar da kanporaketak nola gainditzen dituzun eta pilotarien eskuak nola dauden. Azken finean, sasoiko egotea garrantzitsua da. Eskuak minduz doaz, eta ia ez duzu denborarik osatzeko. Bederatzi jardunaldi segidan dira, atsedenik gabe astebururo-astebururo jokatzen. Oso zaila da txapelketa guztian eskuei ondo eustea. Guk ere oso justu bukatu dugu.

3-0 izan zen finaleko emaitza. Hala ere, dirudien baino zailagoa izan zen irabaztea.

Bai. Zaila izan zen. Gazteen mailako lehiak erabaki zuen finala —22-21 irabazi zuen Donostiak—. Gero, azken partidan oiartzuarrak motibazio gutxiagorekin kantxaratu ziren, eta 3-0eko emaitza lortu genuen. Bigarrena galduz gero, agian hirugarrena berdin-berdin irabaziko genuen. Hala ere, uste dut bigarren partida hori irabaztea izan zela gakoa.

Kadeteen mailan, 22-12 zuen alde. Iñigo Bikuña aurrelariaren indarra nagusitu zen.

Bikuña txapelketa osoan nabarmendu da. Indar handia du. 16 urte besterik ez izan arren, 1,90 metro da luze, eta 85 kilo pisatzen du. Fisikoki gainontzekoen gainetik ibili da. Beste abiadura bat ematen dio pilotari, eta partida guztiak irabazi ditugu.

Gazteen mailan gehiago sufritu zenuten. 19-13 aurretik jarri zineten markagailuan, 19-21 atzetik gero, eta azken hiru tantoak jarraian egin zenituzten.

Julen Chiapuso gure aurrelariak gaizki zituen eskuak. Bestela, uste dut erosoago irabaz genezakeela. Eskuetako mina dela eta, ordea, ez zuen asmatzen, ez mozten, ezta pilota astintzen ere. 20-21 jarri ginenean, pilota aldatu genuen, eta uste dut asmatu genuela. Zorionez, guk egin genituen azken bi tantoak. Leon-kastillo bat izan zen. Askotan, tituluak lortzeko zorte apur bat behar da. Ordubetetik gorako lehian xehetasun txiki batek erabaki zuen guztia.

1980ko hamarkadan, Donostiarekin hainbat final jokatu zenituen. Aurten entrenatzailea zinen. Non sufritzen da gehiago, kantxa barruan edo kanpoan?

Zalantzarik gabe, askoz gehiago sufritzen da kanpotik. Xehetasun guztiak zaindu nahi dituzu. Gazteei lagundu behar diezu: zein pilota hartu, nola kokatu… Finaleko gazteen mailako partidan izugarri izerditu nintzen. Dutxatu-eta dena egin behar izan nuen gero.

Donostiako taldeko pilotari gehienak Antiguako pilota eskolakoak dira. Zu eskola horretako entrenatzailea zaren aldetik, ilusio berezia egingo dizu.

Finala jokatu zuten sei pilotarietatik lau gure eskolakoak ziren —Chiapuso eta Iker Urmeneta kenduta—. Eta, horiez gain, beste batzuek ere jokatu dute txapelketan: Joseba Baezek, Julen Iribarrek, Endika Manzisidorrek… Bai, txikitatik jokatzen ikusi dituzunean ilusio berezia egiten dizu haien bilakaera ikusteak.

Herriartekoa irabazi duzue. Baina hain ona al da pilotaren egoera Donostian?

Zaila da egoera. Uste dut honek balio behar ligukeela analisi sakonago bat egiteko. Pentsatzeko ea Donostian pilotarekin zer egin nahi dugun. Antiguako eskola da ia pilota eskola bakarra Donostian. Urte osoan ahalegin handia ari gara egiten autofinantzatu, eta aurrera egiteko. Bestalde, azpiegituren kontua dago. Gaur egun, udalak Atano III.a frontoia herriartekoak irauten duen bi hilabeteetan soilik uzten digu. Urte osoan ordu gehiagoz entrenatu ahal izatea nahi genuke. Horren inguruan hitz egitekotan gaude.

Donostian pilota bultzatzeko aukeratzat daukazu txapela?

Aukera bat izan daiteke, bai. Donostian pilotaren inguruan bi katu gabiltza. Elkarrengandik aparte samar, gainera: Antiguan, Parte Zaharrean, Añorgan… Ea lortutako txapelak gehiago elkartzeko balio digun. Nahi dut txapelak balio izatea Donostian pilota indartzeko. Beste herri batzuek inbidia ematen didate batzuetan. Herri kontzientzia dute. Denak doaz frontoira, denek animatzen dute. Badakit Donostia hiria dela eta zailagoa dela, baina zer edo zer egin genezakeela uste dut.

Asteburu honetan jokatuko duzue Euskal Herriko Herriartekoko Txapelketako finalerdia. Zein da zuen helburua?

Zaila da helburu handiak jartzea. gure pilotari asko oso larri baitabiltza eskuetatik: Chiapuso, Joseba Baez, Bikuña, Xabier Ortiz de Urbina. Gure arazoak beste talde batzuek ere izango dituzte. Hori dela eta, uste dut komeniko litzatekeela apur bat gelditu eta irailean jokatzea. Pena da egoera honetan jokatu behar izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.