“Udalekuen berri izatean, bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen”

Iñigo Odriozolak ezaguna du Fraisoroko baratzeko jarduna, aitak baratzea baitu. Horregatik, akaso, baratzeko landareekin lan egitea gustatu zaio gehien. Leyre Iriartek, berriz, txikitatik du gustuko sukaldean “saltsan” ibiltzea. Horregatik erabaki zuen udalekuetan izena ematea. Profesionalki bide hori hartuko duen ez daki, baina zaletasunari eutsiko dio.

Nolatan eman zenuen izena ikastaroan?

IÑIGO ODRIOZOLA: Asko gustatzen zaidalako sukaldaritzaren mundua, baita baratzearena ere.

LEYRE IRIARTE: Txikitatik aunitz gustatu izan zait sukaldaritza, eta beti ibiltzen nintzen sukaldean saltsan. Jakin nuenean horrelako udaleku bat zegoela, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta izena ematea erabaki nuen.

Gustura ibili al zara?

I. O.: Bai, asko gustatu zait, eta, gainera, oso ondo pasatu dut.

L. I.: Bai, hagitz gustura ibili naiz.

Udalekuetan ikusi eta ikasitakoaren artean, zer nabarmenduko zenuke?

I. O.: Baratzeko gauzak gustatu zaizkit gehien, batez ere, landareak nola eta noiz moztu behar diren ikastea.

L. I.: Gozogintza tailerra. Asko gustatzen zait txokolatea; beraz, hori azpimarratuko nuke.

Etorkizunean sukaldaritzan jarraitzea espero duzu?

I. O.: Ez, ez dut neure burua sukaldaritzaren munduan ikusten. Hemendik urte batzuetara garbitzaile izatea gustatuko litzaidake.

L. I.: Oraindik ez nago ziur, baina hau zaletasun bat bezala hartu nahi dut. Profesionalki ez dakit, baina zaletasun bezala jarraituko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.