Normal

Bost kilo galdu nahi ditu lagun batek; izenik ez dut esango, txikitu egingo nau eta. Nire miseriak kontatzea, tira, baina besterenak azaltzea lotsagabe samarra iruditu izan zait beti.

Duela astebete hasi du prozesua; bikini berde bat erosi du, zoragarria, baina ispilu aurrean ez da nonbait bere gustura azaltzen, eta erregimenean jarri dela kontatu dit gaur goizean, kafesnea sakarinarekin hartzen zuen bitartean. Badira hitz batzuk, uda joan eta uda etorri, modaz pasatzen ez direnak: Georgie Dann, After Sun eta Bikini Operazioa. Baina euren artean erlazionatzea zaila izaten da askotan; bikini operazioan bete-betean zaudela Georgie Dann jartzen badizute “La barbacoa, la barbacoa, como me gusta…” abestuz, after sun pote handienarekin abeslariaren hortzak hausteko gogoa jartzen zaizu. Halaxe da, matematika perfektuagorik ez dago. Eta, hala ere, urtero tranpa berean jausten gara.

Ni, momentuz, konforme nago nire pottoka hanka hauekin; pottoka hankak, bai, alegia, daukaten luzerarako sendoegiak diren zango motzak —ahizpak poni izenaz bataiatu nau, atera kontuak—. Baina toki guztietara eramaten nauten pottoka hankak dira, eta bere horretan maite ditut. Laguna, ordea, ez dago hain gustura ispiluak esaten dionarekin, eta buru-belarri ari zait kontatzen medikuak asteotarako jarri dion erregimena.

Gosaria, bazkaria, afaria, zenbat ur edan behar duen, otordu artean zer jan dezakeen… “Eta hurrengo larunbateko afaria zer?”, galdetu diot, afarira azalduko ez den beldurrarekin. Kafesne tragoa egin aurretik erantzun dit, poz-pozik: “A, lasai, horrelakoetan esan dit eguerdian tomate entsalada bat bazkaldu eta gero normal afal dezakedala; ogirik, edaririk eta postrerik gabe, baina bestela normal”.

Normal? Hori al da normal? Aizu, ba nire normaltasunean ez da agertzen ogirik, edaririk eta postrerik gabeko afaririk. Bizio gehiegi dut, akaso? Esan dezatela: “Gintonika har dezakezu normal, izotzik eta limoirik gabe, baina bestela normal”, ea nork irensten duen zopa garratz hori… Edota “txortan egin dezakezu normal, arroparik kendu gabe, laztanik gabe eta musurik gabe, baina bestela normal”.

Normaltasuna ez da berdina guztiontzat; hori garbi gelditu zait gaurkoan. Baina nire laguna gustura dago; erabat konbentzituta hasi du erregimena, eta bere etxeko arau berriekin pozik dagoela kontatzen ari zait. Ez nau kezkatzen, pertsona zentzuduna da, arduratsua eta osasuntsua, badakit ez duela astakeriarik egingo, bere buruari ez diola kalterik eragingo. Txin-txin egin dugu katiluekin: “Gugatik, bikini berdeagatik eta bakoitzaren normaltasuna errespetatzeagatik”. Kafesneari azken tragoa eman dio, azken arnasa hartzen duenaren moduan, papo.

Leave a Reply

Your email address will not be published.