“Espero dugu portuak zeharkako onurak ekartzea Mutrikuri”

Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Portu Azpiegituren zuzendariaren arabera, kirol portu berriaren inaugurazioa “ez da amaiera, pauso bat gehiago baizik”. Ez du zehaztu, ordea, zein izango diren hurrengo pausoak. “Prest” agertu da herritarrek portuko proiektuaren inguruan pentsatzen dutena entzuteko.

Kirol portu berriak zein onura ekarriko dizkio Mutrikuri?

Hasteko, uste dugu portu berria erosoagoa izango dela erabiltzaile guztientzat. Mutrikuarrentzat zein kanpokoentzat. Zerbitzu berriak jarri ditugu portuan: ura, argia, eta aurrerago gasolindegia ere jarriko da. Orokorrean, berriz, espero dugu portuak zeharkako onurak ekartzea Mutrikuri; turismoa bultzatzea, ostalaritza eta jarduera nautikoak indartzea…

Portua inauguratu ondoren, zein dira zuen asmoak? Babes dikea amaitzea, esaterako?

Inauguratutako portua ez da amaiera, pauso bat gehiago baizik Portuko Plan Bereziaren barruan. Lehenik, hala ere, badaude proiektuaren alderdi batzuk udalak berrikusi nahi dituenak. Plana onartu zenetik denbora pasa da, eta lan batzuk aldatzeko eskatu digu, herritarren artean beharrezko kontsentsua lortzeko. Beste batzuen eskaerei ere arreta jarri behar diegu: kofradiari, akuikultura eskolari… Dikearen amaierari dagokionez, baloratzen ari garen kontu bat da. Hor ere adostu beharko dugu zein den beharrezko konponbidea. Kalkulatu beharko dugu zein den egungo hidrodinamikarentzat konponbide egokia. Hala ere, esan behar dut dike honek ondo iraun duela.

Mutrikuko Natur Taldeak iaz lanak hasi zenituztenean salatu zuen ez zenutela beharrezko ingurumen baimenik. Zer duzu esateko horren inguruan?

Txostena sakon aztertu dut, eta, nire iritzi apalean, Portuko Plan Berezian sartzen diren obra guztien ingurumen tramitazioak sakonak eta zehatzak izan ziren. Uste dut izapide guztiak bete zirela. Hala ere, txostena hor dago ikusi nahi duenarentzat. Gu Ingurumen eta Lurralde Politika Sailekoak gara, eta gure lehentasunetako bat da ingurumen alderdiak, ondarezkoak eta paisaiari dagozkionak zaintzea. Baita jasangarritasuna eta eraginkortasun sozioekonomikoa ere.

Hamar urte baino gehiago pasa dira obrak hasi zirela. Mutrikuarrak “aspertuta” daude lanekin.

Denboraleak denborale, egun uste dut oso txukun dagoela portua. Egia da lanak hasi zituztenetik urteak pasa direla, baina egia da baita ere itsaso irekian konplexutasun tekniko handiko dike bat egin dela. Eusko Jaurlaritzak bertan egindako inbertsioak aipatzearren: 2002an, porturako errepide bat eraiki zuen, orain Burumendiko auzotarrentzat baliagarri dena; 2009an, babes dikea egin zuen; 2010ean, undimotriz zentrala, turistikoki oso erakargarri dena; 2011n, hondartzak eta igerileku naturalak; eta, orain, kirol portua. Hamar urtean ia 40 milioi euro inbertitu dira. Benetan uste dut ahalegin handia egin dela eta emaitza oso ona dela. Dena egin daiteke hobeto, eta horregatik gaude prest herritarrei entzuteko. Lanen atzerapenarengatik eta eragozpenengatik barkamena eskatzen dut. Hala ere, emaitzak merezi duelakoan nago.

Batzuek diote mutrikuarren iritzia ez dela kontuan hartu. Ba al duzue asmorik parte hartze prozesu bat martxan jartzeko?

Esan dizudan bezala, herritarrek iradokitzen digutena jasotzeko prest gaude. Mundu osoari entzuten diogu. Ulertzen dugu herritarren parte hartzea udalaren bidez egiten dela, eta hark ematen digula herritarrek pentsatzen dutenaren berri. Udalaz gain, beste taldeak ere kontuan hartzen ditugu. Mutriku Natur Taldeari entzuten diogu, eta kofradiei ere bai, esate baterako. Parte hartze prozesu bat martxan jartzea pentsatzen ari garen zerbait da, beste gauza askoren artean. Mutrikuko portuak gaitasun handia du, eta ahaleginak eta bi egingo ditugu haren garapena bultzatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.