Lehen Klownaldiak erdietsi zuen arrakasta ikusita, bigarren jardunaldia antolatu du Banda Bat elkartea. Iragan larunbatetik abian da Donostiako Guardetxean aurtengo jaialdia. Antolatzaileen hitzetan, “energiaz beteta, ausardiaz eta inkonzientziaz lepo” dator iazko uztailean horrenbeste barre eragin zituen zikloa, Banda Bat elkartearen eskutik. Tailerrez gain, ikuskizun mordoa antolatu dituzte, baita hitzaldi, proiekzio eta topaketak ere.
Klown erregistroa gogoko dutenen bilgune eta erakustoki izan nahi du jaialdiak. Aurten, hilaren 12tik gaur arte, pailazoen munduan ezagunak diren irakasleak arduratu dira tailerrak eskaintzeaz: Virginia Imaz, Carmelo Muñoz, Gabriel Chame eta Fanny Giraud. Astelehenetik gaur arte eskaini dituzte klown lezioak Guardetxean.
Baina ikasteko aukeraz gain, gozamenerako tartea ere bada aurtengo Klownaldian, eta horren erakusle dira asteburu honetarako antolatu dituzten ikuskizunak. Gaur, 21:00etan hasita, gaztelaniazko bi antzezlan ikusteko aukera egongo da. Lehenik, Flamenquito deituriko klown antzerkia eskainiko du Badut taldeak. Gorka Gansok zuzendutako ikuskizun horretan, Anduriña Zurutuza eta Txefo Rodriguez arduratuko dira interprete lanez. Hain justu, gitarrista baten eta dantzari baten larruan sartuko dira, flamenko errezital handi bat eskaintzeko prestakuntzetan murgiltzeko.
21:30ean, zuzendari beraren beste lan bat interpretatuko du Cecilia Paganini klownak, 90 semanas y media deiturikoa. Haurdun dagoen Esperanza Martinen azalean sartuko da Paganini, amatasunari eta haurdunaldiari buruzko ikuspegi atsegina eskaintzeko asmoz. Denetarik probatu du haurra munduratu dadin, baina haurdunaldi oso luzea izaten ari da. Itxarongelan erditzeko zain dagoen artean, haurdunaldiko bizipen eta esperientzia intimoenen berri emango du.
Klown erregistroa, euskaraz
Bihar, berriz, euskarazko klown emanaldi bat izango dira Guardetxean. 21:00etan, Berak zuzendutako Sisiforen amarrua antzeztuko du Ander Basalduak. Keinuz osatutako antzerki ikuskizuna da, klown ezaugarri askokoa, eta Ignacio Libanoren zuzeneko musikaz lagundua. Aristides Smith jauzilari profesionalaren larruan sartuko da Basaldua. Europako Base jauzi federazioaren urrezko intsignia jasotzeko egin beharreko 5.000 jauzietatik 4.999 eginak ditu jada Smithek; eta azken salto horren inguruko gorabeherak taularatuko ditu bihar Guardetxean.
Aurtengo Klownaldiko azken ikuskizuna, berriz, Bartzelonako Star Tres konpainiaren Bye bye betsy antzerkia izango da, bihar, 21:30ean hasita. Cabaret zantzuak dituen antzezlan horretan, Lluna Albert eta Cristi Garbo aktoreak arduratuko dira Su Helen Smiten istorioa interpretatzeaz. Ospetsu izatera heltzeko asmoz Chicagora joan den Wisconsingo neskato xumea da Smith. Adorez beterik eta oztopo guztien gainetik, dituen ametsak harrapatzera joko du. Patuak prestatu dionari jaramonik egin gabe, beste zerbait izatea amesten baitu.
Flamenquito, gaur, 21:00etan; eta 90 semanas y media, gaur, 21:30ean. Sisiforen amarrua, bihar, 21:00etan; eta Bye bye betsy, bihar, 21:30ean.
Leave a Reply