Gaztetxoa zela, gurasoen onespenik gabe sartu zuen lehen zakurra etxean; gaur egun, berriz, egunerokoan hiruzpalau zakur bueltan izaten ditu Jon Pazosek (Villabona, 1979). Jaioterrian jarritako hitzordura ere Nai eta Xaba ondoan dituela agertu da.
Aspalditik al zabiltza zakur hezitzaile lanetan?
Txikitatik izan dut kontaktua animaliekin; ama baserrikoa dut, eta han beti izan ditugu animaliak. Baita geure etxean ere; kalean txoriak topatu eta etxera eramaten genituen, bertan hazi… Nik zakurrak nituen oso gustuko, eta lehen zakurra 10-11 urterekin sartu nuen etxean, gurasoei ezer esan gabe. Teorian, egun bat egon behar zuen etxean, eta 12 urtera arte bertan bizi izan zen. Hortik aurrera, zakur bat kalean ikusten nuenean, eraman egiten nuen; lagun batek lursaila utzi zidan, eta bertan edukitzen nuen jabe bat topatu artean. Iritsi naiz neure eskuetan hamalau zakur izatera.
Hori da zure lanbidea?
Ez, ez naiz horretatik bizi. Duela bost urte titulatu nintzen zakur hezitzaile gisa; Durangoko Zaunk zentroan ikasi nuen. Lantxo batzuk egin ditut, hezitzaile gisa klaseak eman eta. Baina berez lorezaintzan aritzen naiz. Gustatuko litzaidake, baina ez zait suertatu zakur hezitzaile gisa aritzeko aukerarik. Baina nire bizitza hori da, neure familia eta animaliak.
Kalean topatutako zakurrekin aritzen zara, edo jotzen du jendeak zugana?
Bietatik egiten dut. Ahoz aho zabaldu da jendearen artean zakurrak gustatzen zaizkidala eta ikasketak eginak ditudala. Jende askok etorri eta esaten dit: “Zakurra heztea nahi dut”. Nik mirariren bat egitea espero dute, baina hezitzaileon lana ez da erraza, lan fisikoa eta psikologikoa da. Gainera, zakurraz gain, jabeak ere landu behar izaten dira. Jendeak uste du niri ordaintze hutsagatik heziketa lan guztia nik egingo dudala, eta zakurra etxeko zapatilak ohera eramateko moduan itzuliko diodala. Gauzak ez dira horrela; zakurrarekin lana egiteko, berekiko harremana sendotu behar da: jolasean aritu, ezagutu, konfiantza eduki… Zakurrak nirekiko gertutasuna duenean hasten naiz bestelako ariketekin.
Beraz, zakurren jabeekin ere lana egiten duzu.
Bai, saiatzen naiz; hori da oinarrizkoena. Niri norbait etortzen bazait esanez bost edo hamar urte pasatu eta gero zakurrak kasurik ez diola egiten, posible da nik egindako heziketa lanagatik zakurra jabeari kasu egiten hastea. Baina %90eko aukera dago denboraren poderioz zakurra lehengora itzultzeko. Jabeak ere aldatu behar ditu bost edo hamar urte horietan izan dituen ohiturak; ikusi behar du berak zerbait era batera egiteak zakurraren jarreran zein eragin duen. Adibidez, zakurrari errieta egiten bazaio, ezin da aldi berean laztandu. Bestela, nahastu egiten dugu. Hala ere, horren guztiaren aurretik, harremanak eta ezagutzak dute garrantzia.
Zein jarrera izaten dute jabeek?
Zaila izaten da; niri jabeekin aritzea askoz zailagoa egiten zait zakurrak heztea baino. Askok galdetzen didate: “Nire zakurrak zergatik egiten du hori?”. Eta nik galdetzen diet ea eurek zer egiten duten beren zakurrak hori egiteko. Jabearen aldetik egia guztia jakitea beharrezkoa da niretzat, diagnostiko bat egin dezadan. Jabeak bere aldetik serio hartzen ez badu, alferrik da; zakurra niri kasu egiten has daiteke, baina jabearekin berdin-berdin jarraituko du.
Kasu zailik izan al duzu?
Gogoan dut hezi nuela zakur bat bizikletei beldurra ziena. Jabeak etxetik kalera ateratzen zuen bakoitzean, traumatizatuta jartzen zen; lotu gabe egonez gero, ospa egiten zuen. Beldurrari erantzuteko hainbat mekanismo izaten dituzte zakurrek: ospa egin, norbaiti hozka egin, hortzak erakutsi… Janariaren bidez hasi nintzen zakurra hezten; bizikleta baten inguruan uzten nion jana, gerturatu zedin. Poliki-poliki, bizikletarekin kontaktu zuzena izateko, bizikletaren azpian uzten nion janaria. Hala, berak bazekien janaria lortu nahi bazuen beldurra ematen zion elementu horretara gerturatu behar zuela. Pazientzia izan genuen, eta egunero lana eginez lortu genuen. Azkenerako, bizikleta baten ondoan paseatzeko gai zen zakurra.
Pertsonaren lagunik onena zakurra dela esan ohi da; hala da?
Egia da zakurra ez dela sekula kexatzen. Errieta egiten badiozu, egoerak gain hartu eta beste edozer zakurrarekin ordaindu baduzu, garrasi egiten badiozu… Hala ere, zurekin egongo da. Beste kontu bat da egunero zure ondoan egon daitekeela, baina tratu txarrak jasaten baditu, une batetik bestera jarrera alda dezakeela. Laguna beti izango da, baina behar bezala tratatu behar da, zakurra dela kontuan izanda. Horrek ez du esan nahi ostiko bat jo eta baztertuta utzi behar dugunik; arreta behar du.
Zer izan behar da kontuan zakur bat izateko?
Jendeak oso erraz hartzen ditu zakurrak. Batzuek zakurra egun osoan etxean izaten dute, eta egunean behin jaisten dute alboko lorategira bere zereginak egitera; gero, berriz ere etxean uzten dute eurak lagunengana kalera irten aurretik. Nik beti esaten dut zakur bat eskuratu aurretik informatu egin behar dela. Zakur bat edukitzea zer den jakin behar da; jabeak duen bizimoduaren araberako zakur bat hartu behar du. Azken urteetan jendea kontzientziatuago dagoela esango nuke. Kontuan izan behar da zakurra ondo egoteko nola erakutsi jakin behar dela; erakusten ez bazaio ez duela kasurik egingo. Bestetik, komeni da bi hilabete edo gehiago dituen zakurra hartzea. Denbora horretan bere amarekin egon bada, hobe. Hor prozesu natural bat dago; sozializatzen ikasten du bere amarekin eta anai-arrebekin. Politak dira zakurrak txikitan, eta denek nahi izaten dute txakurkumea, baina umealditik behar baino lehen ateratzen bada, aukera gehiago daude zakurrak arazoak izateko. Oinarri garrantzitsua da; zakurrek euren artean erakusten dutena ezin dugu guk erakutsi.
Leave a Reply