Lasarte-Orian 70 jatorritako herritarrak bizi dira, eta herritarren erdiak inguru ez dira bertan jaioak. Datu horiek abiapuntu gisa hartuta, 2011n aniztasunaren gaia lantzen hasi zen udala. Azken hiru urteetan, herriko elkarteekin elkarlanean proiektu ugari jarri ditu martxan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lana aitortu dio ekitaldi batean.
Udalaren arabera, “elkar ezagutu eta elkar aitortzea da elkarbizitza egokia lortzeko oinarria”. Eta, hori bideratzeko, espazio “komunak” sortzea izan du erronka. Lasarte-Orian ehun elkarte inguru daude, eta horiek elkarrekin harremanetan jartzea “ezinbestekotzat” jo zuen udalak,”herri oso bat” eraikitzeko. Era askotako ekintzak antolatu dituzte, eta balio izan dute herritarrak elkarrengana “hurbiltzeko”. Horrela uste du Pablo Barrio alkateak: “Orain, herritar askok ikusten dugu errealitatea koloretako betaurrekoen bidez”.
Hiru urtetako prozesuan elkarteak izan dira protagonista, eta horrela izan ziren asteartean udaletxean egindako ekitaldian ere. Barriok hartu zuen hitza lehenik; elkarteek egindako lana goraipatu zuen: “Proiektu honetan sinestearren, eskerrik asko elkarteei. Zuek zarete gure motorra. Egunetik egunera zuek erakusten diguzue gauzak nola egin”. Proiektuan parte hartu duten elkarte batzuetako ordezkariei eman zien hitza gero. Ekitaldian ziren Kukuka dantza eskolak, Ttakun elkarteak, Sasoetako guraso elkarteak, Banaiz Bagara-k, Semblante Andaluzeko kideek eta Porrotxek. Egindako bideaz “pozik” agertu ziren denak, baina jakitun dira oraindik pauso asko daudela emateko. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak guztiak zoriondu zituen aniztasunaren arloan egindako lanagatik.
Udalak iazko irailean Anitzen Sarea jarri zuen martxan, Aztiker enpresaren laguntzaz. Topagune horretan, aniztasunaren gaiaz eztabaidatu dute 37 elkartek. Horrez gain, elkarrekin hainbat egitasmo antolatu dituzte. Horien artean, Aniztasunaren Astea. Okendo plazan karpa erraldoi bat jarri zuten Gabonetan, eta askotariko ekintzak antolatu zituzten.
Dantzaren Nazioarteko Egunean, berriz, Kukuka taldeak dantzan jarri zituen herriko elkarteetako kideak: Akugba nigeriarren elkartekoak, sahararrak, Semblante Andaluzekoak… Jon Maia bertsolaria Andaluziarren Etxean izan zen iaz migrazioari buruz hizketan. Bertso eskolakoekin elkarlanean antolatu zuten solasaldia, eta bertsotan ere egin zuten momentuko itzulpenekin.
Lasarte-Oria, “guztiona”
Udalaren irudi korporatibo berria ere pausoak ematen ari diren erakusle da. Duela bi urte jarri zuten martxan prozesua, eta lehiaketaren oinarrian aniztasuna kontzeptua agertzen zen, besteak beste. Gainera, irudiaren aukeraketan parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek eta elkarteek. Herriaren “ezaugarri berrietara” egokitzen den irudia iazko ekainean aurkeztu zuten. Ondoren, Guztiona leloa gehitu zioten, “ikuspuntu berria indartzeko”.
Udaletxe berriaren atariko Emozioen horma-ko esaldiak ere ugaltzen ari dira apurka-apurka. Dagoeneko herriko ehun elkartek baino gehiagok jarri dute esaldi bana udaletxeko horman, Lasarte-Oria zuretzat zer da? galderari erantzunez. Hormaren bidez, udalaren helburua da “herriko aniztasuna irudikatzea” eta elkarteek egindako lana aitortzea.
Horrez gain, harrera gida bat osatu dute bost hizkuntzatan, herrian erroldatzen direnei banatzeko. Ondoren, gutun batean bilera batera deitzen dituzte. Bilera horretan, zalantzak argitzen dizkiete, eta beren ama hizkuntzan eta euskaraz hiztegi bat banatu.
Herriko ikuspegi guztiak ezagutu eta ulertzeko ahalegin handia ari dira egiten Lasarte-Orian. Pixkanaka ari dira aurrerapausoak ematen elkarbizitza hobe batetarantz.”Lehen, gainetik begiratzen zioten gure herriari. Orain, berriz, inbidia digute”, adierazi zuen Porrotxek ekitaldiaren amaieran. Elkartutakoek eskutik helduta kantari amaitu zuten.
Leave a Reply