Edozer dugu posible egunak utzitako biharamunari buelta emanda, Donostiako Piratak buru-belarri ari dira Aste Nagusiko egitaraua prestatzen. Azken urteetan indartzen joan da La Flamenka gunea, eta aurten ere hura izango da piraten gune nagusia. Aste honetan iragarri dute zeintzuk izango diren bertan joko duten taldeetako batzuk. Besteak beste, portuko oholtza gainera igoko dira Doctor Deseo eta Kashbad.
Piratak astelehenean hasi ziren Aste Nagusiko musika eskaintzaren berri ematen, sare sozialen bidez. Doctor Deseo eta Kashbad taldeez gain, jakinarazi dute Donostian izango direla Bad Sound System (Irun), La Gossa Sorda (Alacant, Herrialde Katalanak) eta South Central (Erresuma Batua) ere. Lehenek hip hop eta reggae estiloak lantzen dituzte; Alacantekoek rocka, ska eta reggaea. South Central, berriz, bigarrenez arituko da piraten gunean, iazko arrakastaren ondoren.
La Flamenkan ez ezik, Nautikoko gunean ere egitarau zabala prestatu dute. Gune horretan, disko jartzaileak izango dira protagonista. Aste honetan iragarri dute, besteak beste, Dj Food, Les Alsborregach eta El_Txef_A disko jartzaileek jarriko dutela musika.
Saguesen, egunero
Aste Nagusiko musika eskaintza zabala izaten da, eta, aurten ere, kontzertu gune nagusienetakoa Saguesekoa izango da. Duela hilabete jakinarazi zuten zein talde arituko diren bertan. Besteak beste, talde hauek: Ze Esatek, La Pegatina, Skasti, Belako, We Are Standard, Niña Coyote eta Chico Tornado, Urtz, Duncan Dhu…
Leave a Reply