30 urte bete ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak. 1984ko urtarrilaren 21ean inauguratu zuten elkartearen lokala, Azpeitiko kuartel zaharra izandakoan. Elkartea sortzeko lanak aurretik hasi zituzten, ordea, hala azaldu du sorreran parte hartu zuen Iñaki Aranburu (Azpeitia, 1953) Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak. Herriko hainbat ekitalditan eta jaietan egiten duten lana aitortuz, aurten, saninazioetako etxafuegoa botako dute udaletxeko balkoitik.
Nolakoa izan zen Azpeitiko Argazki Elkartearen sorrera?
Lokala inauguratu aurretik ere lan mordoxka egin genuen. 1982an, udaletxeari lokala eskatu genion, eta bi urte barru eman ziguten: proiekzioetarako areto handi batekin, bilera gela batekin eta argazkiak errebelatzeko bi laborategirekin.
Nondik nora sortu zitzaizuen argazki elkarte bat osatzeko asmoa?
1977an-edo hasi zen kontua. Ni, garai hartan, Lagun Onak Mendi Bazkunako batzordean nengoen, baita Joxe Atxa ere; biok argazkigintzarako zaletasuna genuen, eta pixkanaka herrian zaletasun bera geneukan batzuk biltzen hasi ginen. Orduan, bileretarako ia lokalik ez zegoen Azpeitian, baina Harkaitza elkarteak bazuen lokal eder bat, eta han elkartzen hasi ginen. Zerbait egiten hasteko gogoarekin, 1978an-edo, aurreneko argazki rallya egin genuen zuri-beltzean. Esperientziarik ez genuen, baina ondo irten zitzaigun. Hasieran, hamabost bat lagun hasi ginen, eta pixkanaka osatuz joan da taldea.
Elkartea sortu aurreko argazki rallyak segida izan al zuen?
1978koa eta gero beste bat ere egin genuen zuri-beltzean, baina gero koloretan egiten hasi ginen. Ordutik, udaberrian urtero antolatzen dugu bat. Baina beste bi ere antolatzen ditugu gaur egun: udazkenekoa, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin batera; eta azken urteetan, Gau Txori gaueko argazki rallya. Urtean hiru egiten ditugu, eta nik dakidala hiru argazki rally egiten dituen beste elkarterik ez dago inguruan. Horrez gain, argazki erakusketak ere antolatzen ditugu. Herrian erakustoki apropos bat edukitzeko ere borrokatu gara elkartekook, eta Betharram aretoan toki aproposa dago gaur egun. Lortu genuen hori ere.
Garai hartan Gipuzkoan ba al zegoen beste argazki elkarterik?
Nik dakidala, Donostian bakarrik zegoen argazki elkarte bat. Guk haiekin harreman pixka bat eduki genuen orduan, eta ez dut gogoratzen beste elkarterik zegoenik.
Argazkizale batentzat, zergatik da beharrezkoa elkartea izatea?
Ez dakit zenbateraino den: azken batean argazkigintza oso pertsonala da, indibiduala, eta inoren beharrik ez dago argazkia ateratzeko. Baina gu hasi ginenean informazio askorik ez zegoen, Internetik ere ez zen. Orduan, norberaren bizipenak eta jakinduria besteekin partekatzen genituen: elkarri gauzak erakusten genizkion, ateratako argazkiak elkarrekin ikusten genituen; elkarren beharra bazegoen argazkilaritzan. Gaur egun, desberdina da, Internet bidez-eta informazio asko eskura daiteke, eta indibidualagoa da. Baina, hala ere, argazki elkarteak funtzionatzen du.
Taldea helburu zehatz batzuekin sortu al zenuten?
Ez, bakar-bakarrik argazkigintzarako zaletasuna genuenak elkartzeko eta zerbait egiteko asmoz sortu genuen. Bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen argazkiak ateratzen, baina elkarri erakusteko eta elkarrengandik ikasteko, elkartzeko eta antolatzeko beharra sentitu genuen. Liburuak-eta baziren, baina batak besteari erakutsiz ikasi genuen argazkilaritzaz eta errebelatzeko kontuez.
Gaur egun, elkarte barruan ere, bazkideon artean, halako argazki lehiaketa antzeko bat egiten duzue?
Bai, 12×12 du izena. Hilero gai bat jartzen dugu, eta bakoitzak horren gaineko argazkiak ateratzen ditu. Gero, elkarrenak ikusi eta puntuatu egiten ditugu. Oraingoz, ez daukagu saririk, baina motibazio bat da; hemezortzi lagun inguruk hilero parte hartzen du. Argazkigintza ikasteko eta lantzeko asko balio du lehiaketak.
Sortu zenetik elkarteak gorabeherarik izan al du?
Toki guztietan bezala, olatua gorako eta beherako izaten da; batzuetan euforia kolektiboa izaten da, eta beste batzuetan, indibiduala. Gorabeherak beti egon dira, baina mantendu egin da elkartea: sorreran astero biltzen ginen eta gaur egun ere halaxe segitzen dugu.
Elkartean argazkilaritza analogikotik digitalerako pausoa ezagutu duzue, nolakoa izan da?
Digitala hasi zenean, gu jokoz kanpo gelditu ginen: analogikotik gentozen, eta digitalaren etorrerak nahiko buruhauste sortu zizkigun. Hasieran, ikastaro batzuk eman genituen elkartean, jende gaztea etortzen hasi zen, eta harremana sortu zen. Hala, jende berria eta gazteak sartu dira elkartean, eta horiek erakutsi digute digitalaren mundua nolakoa den. Aldaketa jende gaztearen etorrerarekin batera egin da elkartean, eta eskerrak haiei. Guk, lehendik gabiltzanok, argazkigintzaz erakutsi diegu haiei. Elkarrengandik ikasi dugu. Gaur egun ere argazkilaritzako ikastaroak antolatzen ditugu, eta jende askok parte hartzen du.
Gaur egun, sasoiko al dago elkartea?
Bai, ondo dago. Lehengook hor segitzen dugu, baina gazte asko ere badago. Gainera, oraintxe arte emakumerik ez genuen ezagutu elkartean. Gaur egun, berriz, taldean hamar bat emakume badaude, mugitu, lan egin eta ardurak hartuz gainera. Elkartea osasuntsu dago.
Eta zein erronka ditu?
Erronka berezirik ez daukagu, baina gaur egun egiten duguna egiten segitzea ez da gutxi.
Herrian argazkilaritzarako zaletasun handia al dago?
Bai, badago, jende askok du argazkilaritzarako zaletasuna. Gainera, seguru nago, jende asko dagoela argazkiak ateratzeko afizioa duena, bere kasa dabilena, baina argazki elkartera etortzen ausartzen ez dena.
Asko aldatu da argazkigintza elkartea sortu zenetik hona?
Asko aldatu da. Orain edozeinek dauka kamera bat, eta erraztasun asko daude. Oraingoa ere ederra da, baina lehen argazki bat ikusteko, handiagotu eta paperera ateratzen genuen. Gaur egun, ordea, paperera oso gutxi ateratzen da, eta ia dena pantailan ikusten dugu; alde horretatik, ni lehengoarekin gelditzen naiz. Argazkia ateratzerako ere gehiago pentsatzen zen lehen, agian, oraingo digitaleko belaunaldiak kontzeptu hori ezezaguna du: argazkia atera aurretik ikusi eta eszena memorizatzearena. Gaur egun, dena oso azkar doa: lehen, kamera berri bat ateratzen bazuten, hari begira hiru urte pasatu, eta laugarrengoan erosten genuen. Orain, ezin da kamera bati begira bi hilabetean ere egon, hirugarren hilabeterako modelo berriagoa ateratzen baitute.
Leave a Reply