Herriarentzako dantza

Kukai dantza konpainiak eta Cesc Gelabert koreografo katalanak lehen aldiz bat egin dute euskal dantza tradizionalari begirada berri bat emateko. Elkarlan horren emaitza izan da Gelajauziak, maiatzaz geroztik Euskal Herriko 24 herritako plazetan aurkezten ari diren dantza ikuskizuna. Arrasateko plaza izango da horietako bat, igandean egingo baitute, 22:00etatik aurrera.

Kalea du abiapuntua emanaldiak, eta plazaren bueltan egiten dute saioa dantzariek. Kukaiko zuzendari Jon Mayaren hitzetan, tradizioaren inguruko hausnarketa da Gelajauziak: “Egitasmo horren atzean, euskal dantza tradizionalaren eta, oro har, euskal kultura tradizionalaren inguruko hausnarketa garrantzitsua dago”. Galabert bera ere pozik dago emaitzarekin: “Betidanik gustatu izan zait dantza folklorikoa. Koreografiak errezetekin alderatzen ditut nik, eta errezeta herrikoi bat gaindiezina da; sortzaile bat ezin da sekula iritsi maila horretara. Uste dut euskal dantzak oso aberatsak direla, Europako aberatsenetarikoak, eta sormenerako aukera asko eskaintzen zizkidala ohartu nintzen”.

Gelajauziak ikuskizuna sortzen, hona etorriz baino gehiago ikasi du Galabertek Euskal Herriaz: “Euskal dantza tradizionalen inguruan lan egin nahi nuen, baina neure koreografo ikuspuntua baliatuta. Uste dut Gelajauziak katebegi bat gehiago dela, tradizioaren eta gaurkotasunaren zein tokiko eta kanpoko kulturen arteko elkarrekintzaren katean”.

Basterretxearen eskultura

Xabin Bikandi eta Xabier Erkizia arduratu dira musika konposatzeaz, eta Iraia Oiartzabal diseinatzaileak egin ditu dantzarien arropak. Bikandiren arabera, ikuskizunaren musika “ez da neurrira egindako traje bat”, guztien artean ekarpenak eginez osatutakoa baizik. Kukaiko sei dantzari —Jon eta Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga— Galaber txalapartaren erritmora mugitzen dira zendu berria den Nestor Basterretxearen Akelarre eskulturaren inguruan.

Eskultura da ikuskizunaren ardatz fisikoa, eta presente egongo da emanaldietan. Mayaren arabera, eskultura primeran osatzen da ikuskizunarekin: “Gure sormen lanei erreparatuta, elementu berria da eskultura, eta ohartu ginen dantzarekin ondo uztartzen zela. Hala ere, egia da zenbait pieza eskulturaren arabera egokitu behar izan ditugula. Bi elementuek, dantzak eta eskulturak, bidean elkarrekin topo egitearen modukoa izan da”.

Kalea, artea, eta dantza tradizionalaren eta gaur egungoaren arteko konbinazioa batzen ditu ikuskizunak. Indar handiko emanaldi dinamikoa da, musika, artea, dantza, sormena eta publikoarenganako gertutasuna batuta sortu dena. Gipuzkoako hainbat herritan aurkeztua dute Gelajauziak: Hondarribian, Zizurkilen, Idiazabalen, Seguran, Elgetan, Lasarten, Aian, Errenterian, Getarian, Oiartzunen eta Zumaian, hurrenez hurren. Igande gauean, berriz, Arrasaten aurkeztuko dute.

‘Gelajauziak’ ikuskizuna

Igandean, 22:00etan, Arrasateko plazan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.