Eibarko Berreibar proiektuaren eta Amarabai Amarako Auzo Elkartearen inguruan ere eztabaidatuko dute Auzolab laborategietan. Donostia 2016ko arduradunek maiatzean aurkeztu zuten Auzolab deritzon proiektua. Laborategi horietan, hainbat profiletako herritarrak taldeetan biltzen dituzte, eta metodologia berritzaile baten bidez egitasmoen gainean eztabaidatzen dute. Ekainean lau lantalde sortu zituzten; Donostia 2016arentzat zigilu bat sortzearen inguruan hausnartu dute bik; beste biek, berriz, egitasmoaren egoitza —suhiltzaileen egoitza— kudeatzeko ereduari buruz egin dute gogoeta.
Beste bi lantaldeak sortzea deialdi publiko bidez aukeratu dute. Epaimahaia osatu dute Donostia 2016ko hainbat kidek eta Auzolab-en metodologia jarraitu duen Conexiones Improbables taldeko ordezkariek. Hainbat arrazoi aipatu dituzte Berreibar eta Amarabai aukeratzeko: “Proiektuaren interes soziala, proposamena aurkeztu duen taldearen kohesioa eta emaitzak garatzeko duten gaitasuna”.
Bereibar proiektuan hainbat taldek eta administraziok komunitate bat sortu dute, erabili gabeko industriguneak birmoldatu eta hiriko gune degradatuak birsortzeko. Amarabai elkarteak, berriz, Amara auzoko kultur eta gizarte gaiak dinamizatzen ditu.
Lantaldeek, gomendioak
Ekainean martxan jarritako lau lantaldeetan ateratako ondorioak ere aurkeztu dituzte aste honetan. Lau taldeetan kulturako arlo ezberdinetako lau lagun aritu dira dinamizatzaile gisa. Conexiones Improbableseko Roberto Gomez de la Iglesiaren arabera, aurkeztutako erronken inguruko “harimutur” asko landu dituzte bertan. Orain, Donostia 2016ak egin beharko du lan Conexiones Improbablesek emandako gomendioen gainean.
Leave a Reply