“Jendea esker onekoa da gure lanarekin, eta hori motibagarria da”

Zortzi urtetik gora daramatza Beñat Sanchezek (Zarautz, 1985) ehorzle lanetan. Lan faltan zegoelako ekin zion ofizio horri, eta denboraren poderioz ez zaio hasieran bezain gogorra egiten. Edonola ere, ez du uste hildakoak ikustera ohituko denik.

Nondik nora hasi zinen ehorzle lanetan?

Zortzi urtetik bederatzira bidean noa jada. Lan beharrean nengoen, ordaintzeko gastu dezente neuzkan eta aukera sortu zitzaidan ehorzle gisa hasteko. Probatzeagatik hasi nintzen. Enpresa batentzat aritzen naiz lanean, Antzuola, Astigarraga, Mendaro, Zarautz eta Zumaiako hilerriez arduratzen da gure enpresa.

Gogorra izan al zen hasiera?

Bai, pixka bat bai. Inoiz ikusi gabeko gauzak ikusi behar izaten dira gure lanean, eta hasieran errespetu dezentea ematen du. Pixkanaka ikasi beharreko lanak dira ehorzlearenak, besteei begira egon eta ikasi beharrekoak. Lankideekin hiletetara joaten hasi nintzen, gorpuak atera behar zirenean laguntzen, eta poliki-poliki ausartu ere egiten da bat. Ohitu, ordea, esango nuke inoiz ez garela ohitzen hildakoak ikustera.

Nolakoa da zure lan egun bat?

Erabat ezberdinak izan daitezke, egunetik egunera asko aldatzen da gure lana. Gehienbat, hilerrien mantenuaz arduratu behar izaten dugu. Orain, uda partean, belarra moztu beharra izaten dugu; udaberrian eta udazkenean, berriz, hostoak jasotzeaz-eta arduratzen gara. Ez da lan monotonoa. Hiletak tokatzen diren egunetan, adibidez, egun osoa horren arabera antolatu behar izaten dut; eta hiletak egon ez arren, batzuetan gorpuak ateratzea-edo tokatzen zaizu. Hiletak daudenean, edozer gertatzeko aukera egoten da, eta hileta bakoitza mundu bat dela esango nuke, faktore askok dute eragina.

Jende gehienak elizkizunetarako joera du oraindik, ezta?

Denetik dago, herriaren arabera ohiturak aldatu egiten dira. Hala ere, elizako kontu hori guztia asko mantentzen dela uste dut, tradizio gisako zerbait da, oso indarrean dago.

Zer egiten zaizu gogorrena?

Oraintxe bertan, neure lanera ohituegia nagoela esango nuke, eta ez dakit ba… Adibidez, gazte bat hiltzen denean, edo istripuz hildako norbait dagoenean, espero ez duzun norbait hiltzen denean, beti egiten da gogorra. Eta gainera, familiaren inguruan egotea tokatzen zaigu, tentsio handiko momentuak izaten dira guretzat ere.

Ba al du zerbait politik ehorzle lanak?

Beno, normalean hilerriak alturan egoten dira, eta oso bista politak izaten dituzte [barreak]. Gainerakoan, jendea oso esker onekoa izaten da gure lanarekin, laguntzen ari garenaren sentipena izaten dute. Beste lan batzuetan, akaso, arazoak izan ditzakezu jendearekin, baina gure kasuan, esker ona jasotzeak motibazio puntu bat ere ematen du. Une zail horietan jendeari lagun izanaren sentsazioarekin geratzen baikara.

Psikologia lana egitea ere tokatuko zaizu tarteka.

Bai, jendearekin tratatzen asmatu behar izaten dugu. Kasu batzuk oso gogorrak izaten dira eta distantzia mantendu behar izaten da. Denbora luzez gaixorik egondako senidea hiltzen den kasuetan, familiaren egoera bestelakoa izaten da.

Bitxikeriak ere izango zenituen.

Tira, lan guztietan bezalako kontuak izaten dira. Gertatu izan zait hilkutxa panteoian ez kabitzea eta puzzlea nola osatu pentsatzen denbora asko pasatzea. Panteoia gorpuz beteta egotea eta beste bat sartzeko hustu beharra ere tokatu zait noizbait. Baina normalean, familiekiko errespetuagatik, guretzat gordetzen ditugu halako bitxikeriak.

Jendeari arraroa egiten zaio ehorzle lanak egiten dituzula entzutea?

Uste dut jendea nahiko ohitua dagoela, ezagutu dudan jendeari ehorzlea naizela esaten diodanean behintzat ez du aurpegi txarrik jartzen. Hasi nintzenean beldur gehiago izaten nuen jendeak zer pentsatuko ote zuen. Normalean, jakin-mina edo kuriositate puntua izaten du jendeak, lana nolakoa den-eta galdetzen didate.

Leave a Reply

Your email address will not be published.