Lehen herri mortuaren bila

Goi Erdi Aroa VIII. eta XIII. mendeen artean kokatzen dute. Aro horretako aztarnategirik baliotsuenetakoa, Gipuzkoan, Bidania-Goiatzen dago; San Pedroburun. Bertan, XIX. mendera bitarte ermita bat egon zen. Egun, muino bat besterik ez da, abereen eremua. Baina indusketek harritzeko moduko aztarnak utzi dituzte agerian: IX. mende hasieran hil zen haurtxo baten hezurrak, adibidez. Baina bertan lanean ari diren arkeologoak garai horren aurreko zerbait aurkitzeko asmoz dabiltza lanean. Hori horrela balitz, ezusteko handia litzateke, “mundu ezezagun bat”. Aurkitzen dituzten objektuak testuinguruan kokatzen dituzte, geruzak banan-banan aztertuz.

Zehazten Zerbitzu Kulturalak enpresako kideak 2011n hasi ziren indusketekin Bidania-Goiazko eremu horretan. Urtero, bi edo hiru aste egiten dituzte San Pedroburun. Azken egunotan, Zehazten-eko kide Iosu Etxezarraga, Xabier Alberdi eta Jon Kaspistegi ari dira arkeologia lanetan.

San Pedroburu inguruko populazioaren bilakaera ezagutu nahi dute Zehazten-eko kideek. Hilobiek eliza baten aztarnak erakutsi dituzte; inguruan aurkitu dituzten zeramika zatiek nahiz hainbat eraikinen egitura zuloek, berriz, bizitza zibila. Hortik sortu da galdera: eliza bizitokien ondoren eraikia edo lehenago eraikia ote zen? Ondorengoa balitz, Gipuzkoan aurkikuntza berria izango litzateke hori, bertako bizilagunek etxe bat eliza bilakatu zutela erakutsiko bailuke. Iosu Etxezarragaren esanetan, “Gasteizko katedraleko indusketan, elizaren aurretik etxea egon zela ikusi zen. Europa mailan ezagutzen diren fenomeno batzuekin lotura du horrek. Esan ohi da musulmanak etorri zirenean elizak herritarrek sortzen zituztela”. Beste leku batzuetan horren aztarnak aurkitu dira, baina Gipuzkoako herrialdean ez. Hori berria izango litzateke, beraz. Bestalde, garai hartako bizimodua nolakoa zen jakiteko aukera bat izango litzateke: “Zeramiken ondoan topatutako ikatzaren datazioa egingo dugu horretarako. Orduan jakingo dugu zertaz ari garen”.

Populaziorik gabeko herria

Badakite eliza ermita bilakatu zela, eta horrela ezagutzen zuten San Pedroburun XI. mendera arte. Ondoren, aldaketa etorri zen: XII. mende inguruan sute bat izan zela esan daiteke aztarnategian aurkitutakoaren arabera; izan ere, eraikina eusten zuen zulo batean ikatza aurkitu dute. Horren datazioak erakutsi du zein mendetakoa zen, eta zorua ere maila horretan erreta ageri da. Ondoren, berriro eraikina altxatu zutela esan nahi du horrek.

I. mendean, ermita lekuz aldatu eta San Pedroburu hutsik gelditu zen. Bilakaera guztia horrela gertatu izan balitz, haren esanahia ez litzateke nolanahikoa izango, Etxezarraga hitzetan: “Arrazoi batengatik edo bestearengatik, leku hau utzi zuten bertakoek. Ondorioz, parrokiak bere funtzioa galdu eta ermita bezala gelditu zen. Hori frogatzeko bidean gaudela uste dugu. Hala balitz, Gipuzkoan aurkitu den lehen herri mortua izango litzateke; populazioa desagertutako herri bat”.

Bidania-Goiazko aztarnategia 700 metroko altueran dago. Hori ere berezia da; izan ere, Gipuzkoan ia ez da egon herririk itsasotik altuera horretara. Kokalekua ere berezia da, ondotik Oria bailara eta Urola lotzen dituen bideetako bat igarotzen baita. Alde batean Aralar eta bestean Ernio, mendeetan abere gune zabalak izan diren mendikateak.

Hipotesiekin lan egiten dute arkeologoek, eta horiei argia indusketek ematen diete Bidania-Goiazko aztarnategian. Udan bi edo hiru astean lan eginez, gauzak geldo joango dira. Hori badakite Zehazten-ekoek, eta ulertzen dute, nahiz eta laguntza gehiagorekin, agian, beste gauza bat izango litzatekeen. Bitartean, misterioa argitu nahian segituko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.