Bere dendetan Getariako sor-markako txakolina saltzen hasiko da Eroski

Getariako Txakolina sor-markaren barruan dago Mendigorri txakolina. Zudugarai upategiak ekoizten du, eta, aurrerantzean, Eroskiren supermerkatuetan eskuratu ahal izango da. Beste inon ez. Izan ere, elikagai kooperatibak eta upategiak horrela adostu dute. Modu horretan, Eroskik beste pauso bat emango du euskal ekoizleen produktuen aldeko apustuan. Araban eta Bizkaian ere beste horrenbeste egin du tokian tokiko txakolin ekoizleekin. Hartara, eskaintza honekin, Eroskik eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten akordioa betetzen jarraituko du kooperatibak. Hau da, hiru herrialdeetako elikagai autoktonoen kontsumoa bultzatzen segituko du. Izan ere, Eroskik argi dauka funtsezkoa dela “halakoak kontsumitzea lehen sektore osoaren iraupenerako”. Gainera, bere inguruko produktuak eskura jarrita, hautatzeko orduan askatasun handiagoa izango du ekoizleak.

“Eroskik erakutsi nahi du eskualde bakoitzeko elikagairik esanguratsuenak eskuratzeko tokirik onena dela”, adierazi du Asun Bastidak. Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertziala da. Gogorarazi du Eroskiren politika komertzialaren atzean gero eta gehiago tokiko kalitatezko produktuak kontsumitu nahi dituen eroslea dagoela. “Hori ageri da, esate baterako, jatorri izeneko txakolinarekin”. Haren esanetan, halako txakolina salduta Eroski “argi eta garbi ari da produktu autoktonoak sustatzen”.

Datuak ere eman ditu Bastidak. Besteak beste, nabarmendu du Eroskiren supermerkatuetan iaz txakolinaren salmentak gora egin zuela. Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituzten salmenta guneetan, batez beste, %15ekoa izan da gorakada. Horrela bada, Zudugarai upategiarekin lortutako akordioarekin zenbateko hori are gehiago handitzea da asmoa. “Getariako jatorri izeneko txakolina bere markara ekarrita, Eroskik ardo autoktono hau bultzatu nahi du. Eta, era berean, haren ezaugarri gastronomikoei eta kulturalei balioa eman”. Eroskiren konpromisoa txakolinaren kalitatea ezagutaraztea dela nabarmendu du. “Eta, merezi duen moduan, kontsumitzaileak haren balioaz ohartaraztea, hura promozionatzeko kanpaina espezifikoak eginez”. Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak esan duenez, “inguruan ekoitzitako elikagairik onenak merkaturatzeko plataforma irekiak dira” euren supermerkatu guztiak.

Ekoizleek “oso pozik” hartu dute Eroskik egin duen apustua. Zudugarai upategiko zuzendari komertziala da Mikel Errasti, eta honako hau nabarmendu du: “Eroski garrantzi handikoa da Getariako Txakolina garatzeko, eta marka propioak potentzialtasun handia du merkatuan. Seguru gaude txakolinaren kontsumoa handitzen lagunduko duela”. Hori dela eta, iruditzen zaio euren produktuak merkaturatzeko eta ezagutzera emateko bitarteko ona dela Eroski.

Uzta oparoagoaren zain

Getarian bertan dago Zudugarai upategia. Tradizio luzea dute familian txakolina egiten. Upategia bera, ordea, joan den mende bukaerakoa da. 1986an landatu zituzten mahastiak; hainbat hektarea ipini zituzten. Ordutik dabiltza euren ardoa egiten. 1994an sortu zuten upategia. Apurka-apurka merkatuan euren lekua aurkitzea lortu dute, eta geroz eta kontsumitzaile gehiago dituzte. Etorkizunera begira baikor agertu da Errasti: “Aurtengo uzta, eguraldiak horrela jarraitzen badu, aurrekoa baino handiagoa izango da”.

Izan ere, aurtengo uzta ohi baino apalagoa izan da, iazko udaberrian Euskal Herrian euri asko egin zuelako, “gehiegi”. Dena den, Getariako Txakolina sor-markako idazkari nagusi Ruth Mozok kalitateari erreparatu dio: “Nahiz eta baldintza meteorologikoengatik kopuruz apalagoa izan den, baldintza horiei esker kalitate hobekoa eta ezohikoa atera da”.

Eroskik Zarautzen duen supermerkatuan egin dute akordioaren aurkezpena. Ekoizle eta Eroskiko arduradunekin batera, Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxeko sukaldari Mikel Garmendia ere izan zen ekitaldian. Erosleentzako gomendioak eman zituen hark: “Txakolina hamaika kontutarako erabil daiteke sukaldean, hasi txakolin erako lupiatik eta txakolin sorbeteraino”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.