Udako gau-egunak

Errazagoa da udan parranda egitea neguan baino, askoz ere errazagoa. Goizero, iratzargailuak jo orduko, neure buruari hitzematen diot gauean 21:00ak baino lehen afaldu, eta garaiz oheratuko naizela; goizeroko promesa gauero urratzen dut.

Lanetik irten, zuretzako edo lagunentzako denbora hartu eta 20:30erako afariaren aurrean txintxo eserita egon nahi baduzu, jai duzu. Ez du denborarik ematen, nire egunari orduak falta zaizkio, asteari egunak, eta hilabeteari asteak… zergatik pasatzen zait hain azkar bizitza? Dena primeran doan seinale! Matematika eskolako minutuak ez ziren hain agudo igarotzen, zenbat sufrikario ordulariko orratz txikiei erreguka…

Neguan, arratsaldeko seietarako gorputza iluntasunera moldatzen hasten da, eta zazpiak baino lehen gaua dela eta etxerako garaia dela sinesten du zure intuizioak. Hortik aurrera, salda beroa hartzeko irrika handiagoa izaten da garagardo hotza edateko baino. Udan, ordea, ilundu arte ez zara konturatzen gaueko hamarrak direnik, oraindik kalean zaude, afaltzeke eta etxera joateko gogo handirik gabe. Eta parrandekin ere antzeko zerbait gertatzen da, udan kalean bertan ustekabean kateatzen zaitu festa giroak, txankletekin, praka motzetan eta kamiseta hutsean —edo tarteka badaezpadako jertseren bat poltsan daramazula, Euskal Herrian gaude, ez gaitezen harrotu—.

Baina neguan juergan ateratzeko behar duzun azpiegiturak berak atzera botatzen zaitu. Azpiko kamiseta, kamiseta manga luzea, kuellobueltoko jertsea, prakak, botak, berokia, lepoko zapia… soinean dituzula, edalontzi hotza eskuen artean hartzeak ematen dizun barne tristura hori gainetik kentzea ez da lan samurra izaten. Orduan, taberna barruan zaudela gustuko abestia jarri dutenean dantzan hasteko imintzioa egiten duzu, baina, noski, trapu horiek denak soinean dituzula zaila da gorputza nahi bezala kontrolatzea. Michelineko gizontxo txuria bazina bezala sentitzen zarenean zaila da ondo dantzatzen duzula sinestea.

Ezinbestean, berokia eta bufanda kentzen dituzu. Esku batean poltsa eta edalontzi hotza, bestean berokia eta bufanda —beti bezala, bufanda muturra lurretik arrastaka eramango duzu denbora puska batean, tabernako zoruko kalimotxo guztiak xurgatu dituela konturatu aurretik—. Eta segi dantzan, eskuak trastez beteta dituzunean, ipurdia mugitzea iruditzen zaizu irtenbiderik duinena. Nerabea nintzenean andreek nola dantza egiten zuten gorroto nuen, lotsagarria iruditzen zitzaidan, ez nuen ulertzen zergatik egiten zuten ipurdi aldaka dantza penagarri hura.

Eta konturatzerako, ni naiz orain horrela dantza egiten duena, nerabeek ikusten nautenean andre dantzan ari naizela pentsatuko dute, eta beraien artean barretxoekin komentatuko dute. Ene… zeinen agudo pasatzen zaizkidan egunak, asteak, hilabeteak, urteak.

Baina ahaztu neguko kontuak, udan gaude. Goza dezagun eguna azken apurretaraino, harrapa gaitzala ilunabarrak praka motzetan eta egin dezagun dantza gorputzak eskatzen digun neurrian, bakoitzak nahi edo ahal duen moduan. Uda zoriontsua denoi!

Leave a Reply

Your email address will not be published.