Herri bizitza sortzeko gunea

Azken hilabeteetan, Urnietan gaztetxearen aldeko mugimendua gorpuztu da. Ekain hasieran, gazte talde batek gutun publiko bat argitaratu zuen, espazio propio baten premia azaltzeko: “Argia da azken urteotan sortu dela herri mugimendua, eta herriak herriarentzat lan egiteko duen gogoa handitzen ari da. Norbanakoen eta elkarteen borondatezko lanetik herriko festak indartu eta beste hainbat ekintza sortu dira”.

Oharra kaleratu zutenek indar horiek guztiak bilduko dituen leku fisiko baten beharra azaldu zuten: “Guztiok etxean bezala sentiaraziko gaituen gune bat”. Gerora, ekainaren 27rako bilera eta kalejira antolatu zituzten. Biharko, berriz, Gaztetxearen aldeko eguna izeneko ospakizuna antolatu dute. San Juan plazan izango da, egun osoko egitarauarekin.

Gazteentzako gune propioaren aldarrikapena ez da oraingoa, ordea, Izaskun Labat Urnietako Gazte Asanbladako kidearen hitzetan: “Duela hamar bat urte sortu zen Poxta Zahar, Urnietako gazte kuadrillen taldea. Izen hori jarri zioten, Poxta izeneko baserri bat okupatu nahi zutelako gazte haiek, baina azkenean bota egin zuten baserri hura. Beraz, gaztetxea lortzeko saialdiak askotan egin dira, baina horretan geratu dira”. Poxta Zahar sortzeak Urnietako giroan eragin nabarmena izan duelakoan dago Labat: “Aurretik, Urnietan ez zegoen batere herri bizitzarik, eta, ondoren, pixkanaka indartuz joan da dena. Ez gazteen artean soilik; herrian elkarte gehiago ere sortu dira, eta festak ere herriko elkarteen artean antolatzen ditugu. Hori ona da, baina ikusten genuen urteko gainerako hilabeteetan ere falta zela zerbait, eta, horretarako, garrantzitsua da gune fisiko bat izatea”.

Duela urtebete inguru, herriko gazte batzuek biltzeari ekin zioten, “gabezia edo behar batek bultzatuta”. Hasieran, herrian unean uneko aldarrikapen egiten hasi ziren, eta, behin mezua gazteen artean zabaldu zutenean, bilera irekirako deia egin zuten. Maiatzaren 23an jarri zuten eguna, eta, euren sorpresarako, jende dezente batu zitzaien: “Oso positiboa izan zen maiatzeko bilerara jende asko etortzea; ikusi genuen guztiok partekatzen dugula behar bera”.

Xede bakoitzeko, talde bat

Ordutik aurrera, ostiralero batzar irekiak egin ditu gazte asanbladak, herriko plazan. “Lehenik eta behin, asanbladaren helburuak bost ataletan banatu genituen, eta helburu bakoitzerako talde bana izendatu: taldearen elkar ezagutza, gaztetxearen proiektua, oinarrizko finantzaketa, publizitatea eta biharko gaztetxearen aldeko eguna”. Orain, taldeka biltzen dira, eta talde bakoitzak egitekoa zehaztu edo egindako ekintzak baloratzen ditu. Amaieran, guztiak elkartu, eta talde bakoitzean aipatu diren ideiak elkarri jakinarazten dizkiete, talde handian behin betiko erabakiak hartzeko.

Denen artean adostu dute instituzioen bidetik ahaleginduko direla gaztetxea lortzen: “Duela hilabete edo, eskaera formal bat aurkeztu genuen udalean, eta joan den astean bildu ginen politikariekin. Baimenen inguruan-eta hitz egin genuen; proiektu landu bat aurkeztu behar genuela eta hitz egingo genuela esan ziguten”. Bilera hori bakarrik egin dute, eta ontzat jo dute, udalekoek “trabarik” jarri ez dietelako.

Gazteen arteko harremanik ezak eraman zituen biltzen hastera, Labaten hitzetan, “jendea lokaletan eta tabernetan bakarrik biltzen delako”. Horrez gain, norbanakoez harago, Labatek uste du herriko elkarte edo talde askok ere ez dutela gune aproposik beren ekintzak aurrera eramateko, eta udaletxearen menpe gelditzen dela haien jarduna.

Oraindik “bide luzea” dute aurretik, eta argi utzi nahi dute bilera guztiz irekia dela eta ateak zabalik daudela edonorentzat. Biharkoa gaztetxea lortzeko borrokan egin beharreko urrats bat gehiago izango da, baina etzitik aurrera ere lanean jarraituko dute: “Gaztetxearen beharra herrian zabaltzen segitu nahi dugu, eta, ahal bada, herritarren babesa ere eskuratu”. Gero, udalean aurkeztu beharreko proiektua egiten hasiko dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.