Gure helburua ez da garenaren, daukagunaren edo izango denaren kultura erakustea, erakusleiho handi batean bageunde bezala. Aitzitik, kulturan oinarritu nahi dugu, aldatzeko”. Donostia 2016 egitasmoaren web gunean jartzen du hori. Donostia kultur hiriburu aukeratu zutenean, urruti ikusten zen 2016a, baina urte eta erdi besterik ez da falta. Proiektuari buruz, kultur arloko lau lagunen iritziak bildu nahi izan ditu Gipuzkoako Hitza-k.
Uste dute orain arte kudeaketa lanari garrantzia gehiago eman zaiola kultur arloari berari baino. Gainera, susmoa dute komunikazioan ez dela asmatu. Hala ere, itxaropena dute kultur hiriburutza erakusleiho soila ez izateko.
Gidoilaria eta zuzendaria
1“Jarraipen Batzordeko kideek esan dutenez, horrelako proiektu batean normala da gorabeherak izatea. Eta, zoritxarrez, normalak dira alderdien arteko tirabirak ere. Nik uste dut egon dela hegemonia arazo bat. Azken finean, Odon Elortzaren garaian sortutako proiektua da, eta geroztik, Juan Karlos Izagirreren udal taldea sortu zen. Inbidiak egon dira tartean. Bere garaian sinatu zuten erabaki guztiak alde guztien adostasunarekin hartu behar zirela. Beto eskubide horrek zaildu egiten du eraginkortasunez aritzea. Norbaiti zerbait ez bazaio gustatzen galga jartzen du”.
2“Pertsonalki ez dut sentitu gurekin gehiegi kontatu dutenik. Batez ere, kudeaketari eman zaio lehentasuna, ez kultur munduari. Nik onartzen dut kudeatzaileak behar direla, baina proiektu kultural bat dela ahaztu gabe. Bestalde, iruditzen zait zabaldu dela beldur bat lokaltasunaren inguruan. Badirudi bertako eragile kulturalekin lan eginez gero oso gauza lokalak aterako direla”.
3“Nik desio dut baietz. Espero dut hiriburutzak zerbait uztea, kultur erakusleiho hutsaz gain. Izan ere, kultur erakusleihogintzan iaioak gara donostiarrak, baina zalantza gehiago ditut kultur ekoizpenei dagokionez”.
4“Nire ustez, komunikazio arazo handi bat egon da. Horretaz arduratu ziren hiritartasuna irabazi aurreko garaian, baina geroztik ez da komunikazio ona egin. Gainera, ez da proiektu erraza komunikatzeko. Izan ere, ideietan oinarritzen da, gauza ukiezinetan. Erronka hor dago orain. Seguru proiektu interesgarriak badaudela tartean, baina horiek herritarrei helarazi behar zaizkie”.
5“Batetik, kudeaketa kontu bat dago. Proiektua nork kudeatuko duen politikarien esku dago, eta ni ez nator bat haien irizpideekin. Kultur irizpideei gutxiago begiratu diete eta lehentasuna eman diote horrelako ekitaldiak kudeatzen eskarmentua duten pertsonak bilatzeari. Bestalde, uste dut garaia dela proiektuak zabaltzen hasteko; zein proiektu diren, gure kultura kanpokoarekin nola uztartzen den… Azken finean, guk daukagu zer kontatua. Gure kultura kontatu behar dugu.
Antzerkigilea
1“Poz handia hartu nuen Donostiak izendapena jaso zuenean. Hautaketa garrantzitsua iruditu zitzaidan eta aurrera begira aukera paregabea sektorearentzat. Denborak aurrera egin ahala, ordea, iritziz aldatzen hasi nintzen. Sektoreko lankideon artean iritziak partekatzen genituenean, batetik, informazio eza zen sentsazio nagusiena, feed back eskasa, eta bestetik ematen zuen amateurismoaren bidea zela ildo nagusia. Horrez gain, hedabideetan idatzi edo esaten zenak gehienetan ez zuen zerikusirik kultur proiektuarekin, gehiago ziren proiektua bera kudeatzeko zeuden desadostasunak zabaltzeko berriak. Horrek, azkenean, ilusioak urratu, eta mesfidantza sortzen du jendearen artean”.
2“Hemen azken hogeita bost urteetan kulturaren inguruan industria oso bat sortu da, eta ezin zaio horri bizkarra eman. Eta, ziurrenik, ez da hori izan asmoa. Ematen duenez desadostasunak gehiago sortu dira proiektua gidatzeko beharrezkoa den taldea eratzen, proiektu artistikoa beraren inguruan baino. Horrek, noski, ez du sektorea eta proiektuaren artean harreman zuzena garatzen utzi. Nire sentsazioa da inkomunikazioa izan dela nagusi.
3“Bai, nik horren esperantza daukat. Azken hilabeteetan Artejira proiektu artistikoan aritu naiz lanean, eta bertako jendea gogor ikusi dut lanean, guztia aurrera ateratzeko helburu bateratuarekin. Sektoreko jendearekin eskutik joateko asmoa eta beharra dutela sentitu dut. Horrexegatik, ea behingoz zuzendaritza taldea guztiz osatzen duten eta gestioak ahaztuta proiektu artistikoan jartzen dituzten indar guztiak.
4“Ez dut uste. Lehen esan bezala, hedabideetan gehiago saiatu dira proiektuaren inguruko tirabira politikoak idazten, kultur proiektuak hiri honi eta sektoreari ekarriko dizkion onurak aipatzen baino. Komunikazio kanpaina erraldoi baten falta sentitzen dut. Hau Munduko Kopa etxean jokatzea bezalakoa da, baina kalean ez du horren itxurarik”.
5“Bidea ibiliz egiten da. Gehiago eztabaidatu gabe, batzuk sortzen hasi, eta beste batzuk sentitzen hasi behar dute. Gure kaleak artez josteaz arduratuko nintzateke. Sekulako parajea eta aukera dugu horretarako”.
Musikaria
1“Barruko kontuei buruz ez dakit nik, baino kanpotik jasotzen zenak ez zuen itxura onik. Sarritan gertatzen den bezala, interes politikoek proiektua bihurritu zutela iruditzen zait. Badirudi, hala ere, behingoz gauzak zuzentzeko eta aurrera egiteko jarrera nagusitu dela”.
2“Ez dakit zein eta zenbat kultur eragile ari diren parte hartzen”.
3“Mesederik ez balekar izugarrizko aukera galtzea izango litzateke. Hala ere, oraindik ez dut ikusten mesede horiek zertan zehaztu nahi diren”.
4“Ez. Nire ustez, orain arte ideia abstraktu moduan azaldu da gehiena, zehaztasunik gabe. Proiektu honek, logotipoa Igeldoko belaze batean 2016 pintatzea, edo amateurismoan oinarritutako Olatu Talkaz gain, sakontasun gehiago beharko luke. Ziur nago asmoa izango dutela, baino asmo hori zehaztu beharra dago”.
5“Oinarrizkoa, hemen bertako kultur sorkuntzarako egiturak eta planak lantzea da, 2016ak ekarriko dituen diru sarrerak eta harreman aukerak aprobetxatuz. Donostian zer nolako eskaintza kulturala dagoen sarritan entzuten da. Baino ondo bereiztu beharra dago eskaintza horretan zenbat dagoen bertan sortutakoa eta zenbat kanpoan erositakoa. Musika Hamabostaldiak, Jazzaldiak eta Zinemaldiak ez dute Donostia hiri kultura sortzaile batean bihurtzen, baizik eta kultura kontsumitzaile batean. Horiek izatea oso onuragarria dela ez dut zalantzarik egiten, baina horietaz gain, bertako kultura sortu eta lantzeko baliabide gehiago behar genituzkeela uste dut”.
Dantzaria
1“Kanpotik ikusita, pena ematen du. Eskatuko nuke hautatzen denean lan talde bat, lan talde horri benetako kultur proiektu bat lantzen uzteko. Eragileek heldutasuna izan behar dute urrats hori egin, eta kontsekuente izateko”.
2“Gauzak modu askotan egin daitezke, eta nik ziur aski, beste modu batera egingo nituzke. Uste dut gizartean badagoela iritzi bat nahiko orokortua: oraindik oso gutxi dakigu proiektuaz,herritarrek ez dakigu proiektua zertan gauzatuko den. Askotan hortik datoz zalantzak eta esamesak”.
3“Pentsatu nahi dut baietz. Nik jarraitzen dut pentsatzen aukera bat dela. Ez hiriarentzat bakarrik. Baita Euskal Herriarentzat, euskal kulturarentzat eta euskararentzat ere. Esperantza daukat 2016a mugarri txiki bat izateko”.
4“Hasieran antsietate handia zegoen proiektua zer zen jakiteko. Komunikabideetatik ere, oro har, antsietate hori helarazi zen. Uste dut Donostia 2016 zer den azaltzen asmatu ez bada, ez dela zuzendaritzaren ardura bakarrik. Erakunde bat, komunikabide bat edo pertsona bat proiektuari atxiki bazaio, komunikazioaren arloan ere atxiki behar zaio. Zoritxarrez, badirudi batzuk nahiago izan dutela proiektua zangotrabatu, mezua helarazten laguntzea baino”.
5“2016a gertu dago, eta bada garaia konkretuak izaten hasteko. Lan taldea zehaztu behar da lehenbailehen, programak osatu, eta programa horiek gauzatzen hasi”.
Leave a Reply