Hondarribia Gipuzkoako herrietan gehien bisitatuetako bat da. Urtero-urtero, milaka turista jasotzen ditu, uda sasoian batez ere. Hala ere, gisa horretako herri turistiko askok ez bezala, badu gabezia bat: alde zaharrean ez da behar besteko girorik.
Horregatik, udalak proiektu bat abian jarri du ingurune historikoa dinamizatzeko asmoz, eta Alde Zaharraren Berrindartze Planaren lehen pausoak ematen ari da. Plan hori joan den uztailean onartu zuten osoko bilkuran, udalean ordezkaritza duten alderdi guztien babesarekin.
Proiektuaren bidez, alde zaharreko lokal hutsak egokitu nahi ditu udalak, eta gero alokairuan jarri. Azken finean, helburua da negozio berriak sortzea, “gune historikoa Hondarribiko beste jarduera sozialen eta ekonomikoen zentro bat bihur dadin”, adierazi du udalak.
Urratsez urrats
Lehenik eta behin, Hondarribiko Udalak lokal hutsen jabeei dei egingo die, eta, ondoren, esleipena jasotzen dutenak zein izango diren erabakiko du. Esleipendunak zehaztuta, aurrekontuak egin, eta obrei ekingo diete. Hurrengo pausoa denda bat ireki nahi dutenentzako deialdia irekitzea izango da. Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak jakinarazi du laguntza ekonomikoa bideratuko dutela horretarako.
Guztira, 40.000 euro izango dira denda bat ireki nahi dutenentzat. Gainera, beste 180.000 euro bideratuko dituzte gremioei laguntzeko zein eraberritze lanak egiteko. Ez dira izango diru sail bakarrak, hala ere: beste 18.000 euro erabiliko dituzte alde zaharreko jarduerak indartzeko, eta beste 25.000 artisautza sustatzeko. Diru sail hori, gainera, ez da izango alde zaharreko artisauentzako bakarrik. Horrez guztiaz gain, beste 100.000 euro aurreikusi ditu udalak Etxebizitzen Ikuskapen Teknikoaren ondoren obrak egin behar dituzten etxebizitzentzat. Udalaren helburua da diru sail horrekin ere gremioak laguntzea.
Leave a Reply