Leire Narbaiza
Sartzea egin dugu azaroan, heriotzarekin estuki lotuta dagoen hilabetean. Baliteke argi orduak murriztu eta egunak laburtzeak laguntzen duela konexioa egiten. Agian, udazkenak udaren amaiera dakarkigulako, eta iragartzen digulako naturaren lo-aldia. Horrek ere izango du eragina. Arbola askok ere hilda dirudite hostoak galduta. Tristura eta akabua irudikatuta izadian neguaren atarian.
Tradizionalki, heriotzaren errito eta jaialdiek bete dute urteko hamaikagarrena, Gaztainerre egunak, kasurako, Debabarreneko zati baten. Edo galiziarren Magostok. Jakina, Eliza katolikoak ere aprobetxatu zuen abagunea, eta aste honen hasieran izan ditugu Domu Santu eta Arimen Egunak. Eta nola ez, joan-etorriko Halloween dontsua, orain sustraietara itzuli ezinda darabilguna. Denetan Herio, guztietan hiltzea.
Kuriosoa egiten zait Halloweenen itzulera reloaded hau: bizirik dauden hildakoak, mamuak, fantasmak agertzen zaizkigu nonahi, heriotza inoizkorik taburik handiena denean. Saihesten den gaia, inork aitatu nahi ez duena. Eta elkarrizketan sartuz gero, mintzaide asko deseroso sentitzen dira. Izan ere, ostrukarena egiten dugu. Gaiari itzuri eginda, ematen du guri ez zaigula gertatuko; ez garela sekula hilko, alegia.
Hori ikasi nuen etxeko bat hil zenean. Harreman handiko ezagun batzuek ahaleginak eta bi egiten zituzten nirekin topo ez egiteko, izkin egiten zidaten. Ez zekitelako zer esan, nola zuzendu niregana. Gure amamek bazekiten, ostera. Gure aurrekoen heziketan bazegoen heriotzaren aurrean zelan jokatu, guri erakutsi ez zigutena, tabua delako horretaz berba egitea.
Horregatik nago oso ados Hedoi Etxartek Euskadi Irratiko Faktoria-ko tertulian esandakoarekin: boterearen ideologiak sinetsarazi nahi digula ez garela hilko, baina hil egiten garela. Eta familiako bati gertatutakoan etortzen direla koplak. Izan ere, gizarte laikoa erritoetan dabil makal. Eliza katolikoak eskaintzen digula agur esateko modua.
Batez ere, azpiegitura eskaintzen digu. Eliza asko ederrak dira, handiak. Estalita daude, eta jesarlekuak dauzkate. Zeremonia egituratua, abestiak, intsentsua, despeditzeko era bat. Baina, hildakoa erlijioso ez denean, zer? Etxartek dioen moduan, laga gaituenak inguruan badu kolektiboren bat, edo ondo berba egiten dakien norbait, salba daiteke. Baina ez badu?
Hileta zibilak hori dauka, inor ez dela arduratzen, leku egokirik ez dagoela. Berriak zaretela kontu honetan. Eibarren, aldiz, entiarro zibilla egon da mende batez, gutxienez. Baita frankismoan ere. PSOEko norbait arduratu izan da abade laikoarena egiteaz. Kontua da sasoi batean hileta hori aukeratzen zutenak sozialista zaharrak, errepublikanoak edota horrelako ideologia zutenak zirela —egia da, gaur egun, eskatuz gero, edonorena egiten dutela, gogaide ez bada ere—. Eibarren tradizio bat badugu, laguntzen diguna beste ideologia batzuetakooi bidea egiten. Hala ere, Etxartek adierazi bezala, zerbait gehiago beharko genuke hileta zibil horiek hornitzeko. Maite ditugunei agur esateko zeremonia behar-beharrezkoa delako.
Beraz, Halloween eraldatzen gabiltzan honetan, gure sustraietara itzuli nahian; aprobetxa genezake heriotzaz, Herioz, Balbeaz hitz egiteko. Eta era berean, zer-nolako agurra nahiko genukeen adierazi. Dena naturalagoa litzatekeelako.
Azaroan orbelak airez aire, ifartxo dultzean…
Leave a Reply