Olaia Iraola / Eider Goenaga Lizaso
Hasi dira Aralarren pista berriak eraikitzen. Joan den astean ekin zioten Intzensaotik Goroskintxura 1,5 kilometro luze izango den pista berria egiteari. 2003tik onartutako pista bat izan arren, urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez, eta hamar hilabete geroago gauzatuko da. Bost bat aste beharko dituzte pista egiteko, eta 138.000 euroko aurrekontua du.
Baina, pista hori jada polemika iturri baldin bazen —talde ekologistak eta Goierriko herritar asko kontra zeudelako—, Enirio-Aralar mankomunitateak urriaren 19ko batzarrean hartutako erabakiak are gehiago harrotu ditu hautsak. Izan ere, mankomunitatea eratzen duten herrien arteko aho batekotasuna hautsi zen, eta, bederatzi herriren babesarekin, pista gehiago egiteko proiektuari onespena eman zioten, Aralarreko borda ia guztietara erraz iristea bermatzeko helburuarekin. “Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko aurrekontuetarako zein behar genituen galdetu zigun, eta lehentasuna bordetara iristeko pistetan jarri genuen”, azaldu du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta mankomunitateak onartutako proposamena landu zuen lantaldeko kideak. Izan ere, mendiarekin muga egiten duten herrietako udalek —Amezketa, Abaltzisketa, Ataun eta Zaldibia—, sektoreko bi sindikatuek —ENBA eta EHNE— eta abeltzain eta artzainen ordezkariek osatutako lantaldeak landu zuen proposamena da batzarrak onartutakoa.
Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Altzaga, Arama, Gaintza, Amezketa eta Abaltzisketak egin zuten batzarrean pista gehiago eraikitzearen alde, eta Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Baliarrainek bozkatu zuten aurkeztutako proposamenaren kontra. Enirio-Aralar natur parkea kudeatzen duen mankomunitatearen onespenak guztira 15 kilometro arteko pistak eraikitzeko bidea irekitzen du. Inguru horretan 125 artzain eta abeltzain aritzen dira lanean maiatz eta azaro bitartean, eta pistak eraikitzeko erabakiak haien aspaldiko eskariari erantzuten diola zehaztu du mankomunitateak. 16.000 ardi eta 1.000 behi eta behor dituzte abeltzain horien artean.
Enirio-Aralar mankomunitateak inguruan dauden 40 bordetara iristeko bideak egin nahi ditu. Horien erdiek gaur egun ez dute bertara autoz iristeko modurik. “Nik uste dut denetara iristea ezinezkoa izango dela; baina batzuetara bai, iritsiko dira pistak, eta besteetara hurbiltzea da helburua, abeltzainen bizi baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko”.
V formako ibilbidea
Obren lehen pausoa Goroskintxurako pista izango da, 1,5 kilometrokoa, baina pista hori Saltarriraino luzatzea ere onartu du mankomunitateak, eta 4,4 kilometro luze izango da. Horrez gain, mankomunitateko batzarrak bidea ireki zion beste bi pista gehiago eraikitzeari. Horietako bat Eniriotik Doniturrietara joango litzateke, eta hirugarrena, luzeagoa, Ariñetatik (Amezketa inguruan) Igaratzaraino iritsiko litzateke. Doniturrietatik Igaratzarako pista jada badagoenez, V formako ibilbide bat osatuko lukete pista guztien artean, “Enirio eta Amezketa lotuz”.
Artzainak bai, pistak ez
Pisten inguruan sortu den polemikari dagokionez, Zubizarretak sektoreko eragile guztiek pisten beharra ikusten dutela nabarmendu du. “Landarlanekoek [pisten kontra mugitu den ingurumen elkartea] esaten digute ‘artzainak bai, baina pistak ez’. Baina joan zaitez sektoreko edozein eragilerengana, eta denek gauza bera esango dizute; artzain eta abeltzainen baldintzak hobetzen ez badira oso zaila dela Aralarren artzaintzaren jarduerari eustea, eta erreleboa behar bada gutxieneko bide berri batzuk egin behar direla. Eta hori esango dizute gaiari buruz zerbait dakiten eta esateko duten toki guztietan; bai Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak, bai foru aldundiak, bai sektoreko sindikatuek, landa garapenerako agentziek, Idiazabalgo gaztaren sor-markak… Honi buruz zerbait dakien edonork”.
Pistak eraikitzearen kontra hasiera-hasieratik agertu den eragileetako bat da Landarlan ingurumen elkartea. Koro Irazustabarrena elkarteko kideak “haserre eta minduta” hitz egin du pisten harira gertatzen ari den guztiari buruz. Obrak “presaka eta isilpean” hasi dituztela salatu du, eta elkarteak txosten teknikoak eskatu dituen arren ez dituela inoiz jaso. Pisten egitasmoak alde onik ez duela dio, eta alde txarrak bakarrik ikusten dizkio. “Pistak egiteko nahi hau ez da berria. 2002an gaia aztertu zen, eta argi gelditu zen kalteak onurak baino handiagoak zirela. Aranzadik ere hala ondorioztatu zuen gaiari buruzko azterketa sakona egin eta gero”.
Artzain eta abeltzainen kontra egiteko asmorik ez duela argitu du, halaber, Irazustabarrenak. “Eztabaida ez da artzaintza bai ala ez. Argi dago Aralarko larreak giza jarduerak sortutakoak direla, baina ezin da ahaztu natur parkean habitat ezberdinak daudela, denak balio naturalistiko handikoak, eta balio kultural eta arkeologiko handia ere badagoela. Beraz, artzaintza eta abeltzaintza ereduari buruz egin behar da eztabaida, ez pistei buruz”. Ildo horretan, Landarlaneko kideak dio bateragarritasuna bilatu behar dela abeltzaintzaren eta iraunkortasunaren artean. “Kontserbazioa eta artzaintza ez daude kontrajarriak”. Irazustabarrenak, bestalde, artzainen artean ere pisten inguruko erabateko adostasunik ez dagoela ohartarazi du, eta nabarmendu du artzainen arazoak ez direla pistak eginez konponduko. “Larreak pistaz betetzea nori komeni zaio?”, bota du galdera.
Landarlanek pista berriak eraikitzeko egitasmoa bertan behera uztea du helburu; bai mankomunitateari eta bai foru aldundiari eskatuta, eta baita, azkenaldian, herri mobilizazioaren bidez ere. Pistak egin gabe artzainen bizi baldintzak hobetzeko moduak badaudela uste du Irazustabarrenak. Ildo horretan, jada eraikita dauden pistetatik hurbil borda hutsak badaudela dio, eta horiek aprobetxa litezkeela. Elkartearen beste proposamenetako bat borden berrantolaketa egitea da.
Baina hori “zentzugabekeria” dela iruditzen zaio Abaltzisketako alkateari. “Aralarreko abeltzainen jarduera ezagutzen duen edonork esango dizu txabolak gaur egun bideak eginda dauden lekuetara eramateak ez duela inolako zentzurik. Bordak antolatzeko modua ez da kapritxoz egindakoa, aspaldiko antolaketa bati erantzuten dio, borda bakoitzari egokitzen zaizkion larreak kontuan hartuta egindako antolaketa bati. Artzain bakoitzari dagozkion larreen inguruetan daude kokatuta txabolak, ardiak egunero eraman eta ekarri ahal izateko, eta artalde batek besteari bazka ez kentzeko”.
Abeltzainen interesak
Gutxi batzuen interesak gehiengoaren gainetik jartzea egozten diete Landarlanekoek mankomunitateari eta foru aldundiari. Haien arabera, 125 artzain eta abeltzain inguru aritzen dira eremu horretan, baina, “Aralar herri mendia denez”, mankomunitatea osatzen duten herrietako herritar guztien interesak jarri behar dira horren gainetik. “Kasu honetan abeltzainen interesak bakarrik hartu dira kontuan, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu bat baino ez da egin”, azaldu du Irazustabarrenak. Landarlanekoak, baina, kalteak handiak izango direla azaldu du: “Pistek zirkulazioa handituko dute, eta, baimenduak izan edo ez, Aralarko edozein puntutara iristeko aukera emango die 4×4 autoei; larreak moztuko dira; obrarako hondeamakinak sartu eta larriki desitxuratuko dute paisaia; lurzoruaren higadura handituko da, akuiferoak eta babestutako landaredia hondatuko dira eta baita artzaintzak sortutako hainbat elementu arkeologiko suntsitu ere, legez babestuta ez daudenak”. Aralar natur parkea izanik eta Europako Natura 2000 sarean egonik, hura babesteko neurriak exijitu ditu Landarlanekoak.
Zubizarretaren aburuz, Aralarri kalte handiagoa egingo lioke artzaintzaren jarduera desagertzeak, pista horiek egiteak baino. “Izan ere, Enirio-Aralarrek duen paisaia, eta jendeak hainbeste defendatzen duen Aralar hori, larre irekiak dituen mendi eremu hori, ez litzateke horrela izango abeltzainen jarduera gabe; sasiak jango luke dena, eta gero baso bihurtuko litzateke. Gainera, Europatik esaten digutenean habitat hori babestu eta mendiko larre horiek mantendu behar ditugula, jarduerari eustea ezinbestekoa da, jarduera horrek egiten baitu Enirio-Aralar gaur egun dena”.
Polemikak polemika, Enirio-Aralar mankomunitateak hiru pista berri egiteari oniritzia emanda, foru aldundiak 2017rako onartuko dituen aurrekontuen arabera gauzatuko dira. “Daukagun diruaren arabera lehentasunak erabaki, ingurumen inpaktuaren azterketak egin, eta baimenak lortu ondoren hasiko lirateke obrak”, azaldu du Zubizarretak.
Leave a Reply