Eider Goenaga Lizaso
Legazpi. Burdin Harana. Bederatzi museok lurralde museo bakarra osatzen dute. Guztiak daude burdinaren jarduerari lotuta. Eta horien guztien bihotza: Mirandaolako Parkean dagoen 500 urteko burdinola. Martxoan hasi eta urria amaitu arte, igandero jartzen dute martxan burdinola, bisitariek bertatik bertara ikus dezaten nola lantzen zen burdina garai batean. Hurrengo astetik aurrera, azaroan 12an hasita, burdinolan gora eta behera dabilen Burdintxo olagizon txikiari beste pertsonaia batek hartuko dio txanda: Olentzero ikazkinak.
Burdin Haraneko museoak modu independentean bisita daitezke, baina egitasmoa kudeatzen duen Lenbur fundazioko kide Olatz Condek azaldutakoaren arabera, bi ibilbidetan batzen dituzte horiek guztiak, betiere Mirandaolako parkea abiapuntu hartuta. “Burdinaren Haranean Erdi Arotik gaur egun arteko historia kontatzen dugu, eta horretarako bi ibilbide egiten dira. Lehena, Burdinolen Ibilbidea, landa gunean dauden museoetan egiten dugu, Mirandaolatik Aizkorri-Aratz natur parkera joaten da, eta XI-XVIII. mendeen arteko historia kontatzen dugu”. Euskal Burdinaren Museoa eta Mirandaolako burdinola bisitatu ondoren, Brinkolan, Igaralde baserrian, Ogiaren Txokoa bisitatzen da, eta Erreizabal baserrian, Artzaintzaren Ekomuseoa.
“Bigarrena ere Mirandaolatik abiatzen da, baina herrirantz egiten da bidea. Langileen Ibilbidea da, eta XVIII. mendetik aurrerako historiari erreparatzen zaio”. Bisita horretan, industrializazioak herritarren bizimoduan izandako eragina aztertzen dute. “Poliki-poliki, herriak aldatzen joaten dira, burdinolak lantegi bihurtzen dira, olagizonak langile metalurgiko, immigrazioak eraldaketa eragiten du… Hemen, Legazpin, kontatzen dugun arren, Euskal Herriko herri askotan gertatutakoaren kontaketa da guk egiten duguna”. Bisitaren hasiera berdina da, Mirandaolako Parkean abiatzen baita, baina ondoren 1950eko eskola, langileen etxebizitza eta lantegia bisitatzen dira.
Bisitatzen diren tokien benetakotasuna nabarmendu du Condek. “Hemen ez dago ezer kartoizkoa. Burdinola benetako burdinola bat zen, baserriek beren jarduerarekin segitzen dute, 50eko hamarkadako eskolaren gela benetako gela bat da, ikastolan kokatuta dagoena, tailerra benetako tailerra da… Dena da egiazkoa”.
Familientzako eskaintzak
Bisita gidatuak egitea gomendatzen du Condek. Modu librean egin daitezkeen arren, gidari batek historia ulertzeko giltzak ematen dituela dio. Eta antolatzen dituzten bisita gidatuen artean “familientzako planak” nabarmendu ditu. “Urtean bisitatzen gaituzten 26.000 lagunen zati handi bat familiek osatzen dute, eta haiei begira eskaintza berezia daukagu prestatua urte osorako”. Horietako bi egiten dira Mirandaolako Parkean: Burdintxo —joan den asteburuan amaitu zen eskaintza— eta Olentzero ikazkina Mirandaolan —abenduaren 23ra bitartean, asteburuetan—. Beste hiru planak, Burdin Haranean sartzen diren arren, ez dira Mirandaolako Parkean egiten: Artzaitxo Egunak —martxoan eta apirilean—, Erle Munduan —asteburuetan— eta Errotari Egunak —uztailean—.
Olentzero izango da, beraz, hurrengo asteetako protagonista. “Olentzero ikazkina da, eta burdinolara jaisten da mendian egindako ikatza ekartzera. Olentzeroren kondairarekin hasten dugu bisita, eta bat-batean, ustekabean, Olentzero etortzen da. Inportantea da umeei ez esatea Olentzero ikusiko dutela, sorpresa handia hartzen baitute hura ikusita”. Ondoren, familiek parkean kokatutako Burdinaren Museoa bisitatzen dute. Burdintxo tailerrak ere bi gunetan egiten dira: burdinolan eta museoan. “Aste Santutik aurrera egiten dira, eta martxan jartzen dugu burdinola. Burdintxo pertsonaiaren bitartez azaltzen zaie umeei burdinaren historia eta burdinak Euskal Herrian izan duen garrantzia”.
Museoa ardatz hartuta egiten dira bisita biak, baina bisitaren edukiak aldatuta. “Orain, txondorra nola egiten den erakusten zaie, eta Burdintxo-rekin burdinola ikusten dute martxan. Gaia aldatzen da, eta bisita ere bai”.
Leave a Reply